 
                    
 Egilea: Jose Poza
   Egilea: Jose Poza
 Argazkia: shutterstock.com
   Argazkia: shutterstock.com 
 Hitz kopurua: 276
   Hitz kopurua: 276 
 Irakurketa denbora: Minutu 1
   Irakurketa denbora: Minutu 1 
Kanadan egin den azterlan batek egiaztatu duenez, kalamuaren psikoaktibo nagusia den Tetrahidrokanabinolak (THC) obuluen garapena aldatzen du eta, ernalketa artifizialeko tratamenduetan, haurdun geratzeko aukerak murrizten ditu. Azterlanak agerian utzi duenez, THC kontsumitzen duten emakumeek osasuntsu diren enbrioi gutxiago izan ohi dituzte.
Cyntia Duvalek zuzendu duen Torontoko CReATe Fertility Centre-eko taldeak in vitro ernalketa izan duten 1059 emakumerekin egin du lan. Horietatik, 62k THC kontsumitu zuten. ‘Nature Communications’ aldizkarian argitaratutako azterlanak kalamua kontsumitu zuten horien eta kontsumitu ez zutenen artean dauden aldeak azaltzen ditu. Adibidez, kalamua kontsumitu zuten emakumeen kasuan, 10 enbrioitatik 6 bakarrik ziren osasuntsu, eta kontsumitu ez zutenen artean, berriz, 10etik 7.
Arazoak enbrioiaren garapenean
THCk azeleratzaile gisa funtzionatzen du. Obuluen kasuan, horiek ohi baino azkarrago garatzea ahalbidetzen du, baina horrek kromosomak banatzean arazoak sortzen ditu. Azterlana osatzeko ikertzaileek zenbait proba egin zituzten laborategian. Horretarako giza-obuluak paziente kontsumitzaileengan aurkitu zituzten THC kopuru berberen eraginpean jarri zituzten. Emaitzek berretsi zutenez, substantzia horrek obuluaren garapen prozesuan kromosomak modu orekatuan banatzen dituen mekanismoa aldatzen du. Prozesu horrek huts egiten duenean, enbrioiak zuzena ez den kromosoma kopuru bat jasotzen du. Enbrioi akastun horiek, kasu gehienetan, lehen asteetan, berezko abortuan amaitzen dute, edo, besterik gabe, ez dute lortzen umetokian finkatzea. Gainera, analisi genetikoak erakutsi duenez, THC-ak obuluaren heltzea eta enbrioiaren ondorengo garapena kontrolatzen duten ehunka generen jarduera aldatzen du.
Drogen inguruko Europako txostenaren aurtengo edizioak jasotzen duenez, gaur egun, kalamuaren kontsumoa nahiko orokortuta dago. Txostenak ohartarazten duenez, kalamu edo kanabis-erretxinaren batez besteko THC edukia bikoiztu egin da azken hamarkadan, 2023an % 23 ingurura iritsi delarik. Kanabis-belarraren batez bestekoaren alderatuta (% 11) erretxinak duen THC kopurua bikoitza baino gehiago da.
 
                                                                                                                                                                                    




 
															


