Laura Vela-Plo: “Hizkuntza inklusiboko estrategiak erabiltzeak alborapen maskulinoa saihesten laguntzen du”

Marina Ortega-Andrés (EHU) eta Marta De Pedis (NUP) ikerlariekin batera Emakunderen beka jaso duen “Hizkuntza gizarte-aldaketarako tresna gisa: hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa” azterlana egin du.

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkiak: Jon Mikel zabalegi
  Bideoa: Jon Mikel Zabalegi
  Hitz kopurua: 1295
  Irakurketa denbora: 7 Minutu
Hizkuntza inklusiboaren erabilerak gure jokabidean izan dezakeen eragina aztertu duzue. Zertan oinarritu da ikerketa?

Ikerketa oinarrizko galdera batetik abiatu zen: hizkuntzak eragina al du emakumeak eta gizonak irudikatzerakoan? Horren harira, hiru azpigaldera erantzun nahi izan ditugu.

Lehenik eta behin, beste hizkuntza batzuetan aztertu izan den alborapen maskulinoa gaztelanian eta euskaran ematen den ala ez ikertu nahi izan dugu. Eta horrekin batera, pertsona bakoitzaren generoak edo beste faktore batzuek (adibidez, feminismoarekiko lotura edo sexismo maila) generoaren interpretazioan eragin dezakeen ere aztertu nahi izan dugu.

Bigarrenik, gizartean ditugun hizkuntza inklusibo edo ez sexistarekiko jarrerak zeintzuk diren ezagutu nahi genituen. Eta, hirugarrenik, bai hedabideetan, bai gizartean orokorrean, baita arlo akademikoan ere, hizkuntza ez sexistarako estrategiak erabiltzearen kontra eta horien alde eman diren argudio nagusiak batu eta aztertu nahi genituen, argudio horiek benetan oinarri enpiriko sendoa duten ala ez jakiteko.

Zeintzuk izan dira azterlanaren ondorio nagusiak?

Oinarri izan ditugun hiru galdera horiek aintzat hartuz, hiru ondorio nagusi azpimarratuko nituzke. Lehenik eta behin, ikerketak ondorioztatu du hizkuntza inklusiboko estrategiak erabiltzeak alborapen maskulinoa saihesten laguntzen duela, eta emaitza horrek garrantzi handia izan dezake gure gizartean dagoen genero-desoreka areagotu ez dadin. 

Bigarrenik, ikerketak erakusten du testu bat irakurtzean eta pertsona baten generoa interpretatzean, hizkuntzak berak ez ezik, irakurlearen ezaugarriek ere (generoa, adina, sexismo-maila…) garrantzi handia dutela.

ikerketak ondorioztatu du hizkuntza inklusiboko estrategiak erabiltzeak alborapen maskulinoa saihesten laguntzen duela, eta emaitza horrek garrantzi handia izan dezake gure gizartean dagoen genero-desoreka areagotu ez dadin.

Azkenik, hizkuntza inklusiboaren aurkako hainbat argudio gezurtatzen dira gure ikerketan, hala nola hizkuntzaren ekonomiari dagokiona, maskulinoaren ustezko anbiguotasun faltsuarena edo genero gramatikalaren eta genero sozialaren arteko nahaste bat dagoela adierazten duena.

Nola laguntzen du hizkuntza inklusiboaren erabilerak ikuspegi berdinzaleago bat izaten?

Emaitza hau bereziki argi ikusi dugu gaztelaniaz egin ditugun bi ikerketetan. Horietan, parte-hartzaileak lan eremuko testuinguru batean sartzen ziren. Zehazki, abokatu enpresa ezagun bat langile bila ari zela azaltzen genien eta, horren ostean, hautatutako pertsonaren profila deskribatzen zen. Lan profil horren lau bertsio ezberdin prestatu genituen: dena maskulino “generikoz” idatzia; bi generoak aipatuz; erreferentearen generoaren pistarik eman gabe; eta, morfema ez bitarra erabiliz. Parte-hartzaileek bakarrik lau bertsio horietako bat irakurtzeko aukera zuten eta, jarraian, lau irudi erakutsi genizkien (bi emakume eta bi gizon) testuak nori buruz hitz egiten zuen erabaki zezaten. Guk, estrategia linguistikoaren eta parte-hartzaileen ezaugarrien arabera, emakume edo gizon gehiago hautatzen ziren ala ez neurtu dugu.



Horrez gain, hizkuntzaren erabilera inklusiboa edo ez sexistari buruzko jarrerei buruzko galderak eta parte-hartzaile bakoitzari buruzko zenbait galdera pertsonal ere egin ditugu, hala nola adina, hitz egiten dituzten hizkuntzak, non bizi diren edo feminismoari eta LGTBIQIA+ mugimenduari dioten atxikimendua.

Metodologia esperimental hau 3 ikerketetan aplikatu dugu: bat gaztelaniaz Estatu mailako 18-75 urte bitarteko hiztun helduekin, eta beste bi EHUko graduko ikasleekin: bat gaztelaniaz eta bestea euskaraz.

Zergatik da garrantzitsua hizkuntza inklusiboaren erabilera?

Gaztelaniazko bi ikerketetako emaitzek erakutsi digute pertsona bati buruz hitz egiteko estrategia linguistikoak eragina daukala egiten dugun interpretazioan. Gaztelaniazko ikerketen emaitzek erakusten dute testua maskulinoz idatzita dagoenean gizonen irudiak beste edozein baldintzatan baino maizago hautatzen direla. Interesgarria da aipatzea, gainera, alborapen maskulinoa bereziki aurkitu dugula mezua interpretatzen duena gizona denean. Bai Estatu mailako ikerketan, bai unibertsitarioen kasuan emaitza berdina jaso dugu: testua maskulinoz idatzita dagoenean handiagoa da gizonak hautatzeko joera. Eta emaitza horrek aurretik beste hizkuntza batzuetan egindako beste ikerketekin bat egiten du.

Ostera, hizkuntza inklusiborako estrategiak erabili ditugunean erantzunak berdintsuagoak izan dira eta, emakumeen kasuan bereziki, emakumeak hautatzeko joera handiagoa ikusi dugu.

Euskararen kasuan, genero gramatikalik gabeko hizkuntza izanik, hizkuntzaren erabilera sexista ere ematen dela ikusi duzue. Azaldu ahal duzu nola?

Unibertsitatean euskaraz egindako hirugarren ikerketan, 200 bat ikaslek parte hartu zuten, erdia emakumeak eta beste erdia gizonak berriro ere. Parte-hartzaileei lan eskaintza bati buruzko testu bat erakutsi genien, lehen aipatutako metodologia jarraituz. Testu horren bi bertsio prestatu genituen. Lehenengoan esplizituki azaltzen zen lanposturako hautagaiak emakumeak edo gizonak izan zitezkeela. Bigarrenean, berriz, ez zen hautagaiaren generoaren inguruko aipamenik egiten. Jasotako erantzunetan ikusi ahal izan dugunez, bi baldintzak alderatzerakoan, ez da estatistikoki esanguratsua den ezberdintasunik aurkitu bi testuen artean. Hau da, ez dugu alborapen maskulino bat aurkitu. Baina bai ikusi dugu generoaren inguruko aipamenik egiten ez denean, gizonek gizonak hautatzeko joera handiagoa dutela.Hala ere, emaitza hori estatistikoki esanguratsua ez denez, ez da erabatekoa. Beraz, generoaren interpretazioari dagokionez, euskaraz ikerketa gehiago egin beharko genituzke egoera hori hobeto ulertzeko. 

Ba al da adinaren ikuspegitik alde nabarmenik hizkuntza inklusiboaren erabileran?

Gaztelaniaren kasuan, bikoizketak, maskulinoa edo erreferentearen generoaren pistarik gabeko adierazpenak interpretatzerakoan ez ditugu ezberdintasun esanguratsurik aurkitu adinari dagokionez. Hizkuntza inklusiboarekin lotutako erresistentziak eta babesak aztertu ditugunean, ordea, ezberdintasun gutxi batzuk aurkitu ditugu. 

Ikusi dugu generoaren inguruko aipamenik egiten ez denean, gizonek gizonak hautatzeko joera handiagoa dutela.

EHUko ikasleek eta Estatu mailako biztanleria orokorrak hiru erresistentzia partekatzen dituztela aurkitu dugu. Adibidez, bi taldeetan uste dute arreta handiagoa jarri beharko genukeela gizartean dauden beste bidegabekeria larriago batzuetan, esaterako, pobrezian. Beste erresistentzia komun bat ahozko komunikazioan hizkuntza inklusiboa erabiltzeak dituen zailtasunen ingurukoa da. Ikerketak zentzu honetan eman dituen beste bi ondorio esanguratsu dira maskulino generikoaren etengabeko erabilerak ez duela bereziki eragozpenik edo desadostasunik sortzen, eta gaztelaniaz hitz egiten duten bi taldeek ez dutela uste hizkuntza inklusiboko estrategiak erabiltzea alferrikakoa edo barregarria, denik.

Azterlana egitean hizkuntza inklusiboarekiko erresistentziak daudela ikusi duzue. Zeintzuk lirateke nagusiak? Nola egin aurre horiei? Eta euskararen kasuan?

Gure ikerketan hizkuntza inklusiboaren aurkako argudio nagusien berrikuspen bat egin dugu. Ideia horiei buruz ikerketa zientifikoek erakusten dituzten emaitzak bildu eta laburbildu ditugu, eta horri buruzko liburu-kapitulu bat argitaratu dugu.

Aurretik egindako ikerketen emaitzek eta gure ikerketek gaur egungo eztabaida hobeto ulertzen laguntzen dute, eta honako hau ondorioztatzeko aukera eman digute. Adibidez, hizkuntzaren ekonomia ez da beti bete behar den arau zurruna; ez dago etengabe hizketan ekonomikoagoak izateko beharrik. Askotan, besteek hobeto ulertzeko edo adierazkorragoak izateko hitz gehiago erabiltzen ditugu. Ikusi ahal izan dugunez, gainera, ez dirudi hizkuntza inklusiboa erabiltzen duten testuak irakurtzeko zailagoak direnik. Dena den, gure ikerketetako emaitzek erakusten dute euskarazko zein gaztelaniazko ikasleengan ez dagoela hizkuntza inklusiboarekiko erresistentzia handirik. 

Gure proiektu hau hasiera bat izatea espero dugu. Berez, azpimarratu nahiko genuke beharrezkoa dela generoa eta hizkuntzaren inguruko ikerketa esperimentalean sakontzea, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, genero gramatikalak eta pertsonei buruz hitz egiteko erak testu bat irakurtzen duenaren interpretazioan nola eragiten duen zehaztasunez ulertzeko. Horrela, hizkuntzaren erabilerari buruzko gure argudioak ebidentzia zientifikoan oinarritu ahal izango ditugu, eta oinarri gabeko aurreiritziak baztertu.

Azaldu duzunez, jasotako erantzunen artean hizkuntza inklusiboarena baino arazo larriagoak daudela bezalako erantzunak jaso dituzue. Nola egin aurre horrelako argudioei?

Ez da hain arraroa pertsona batzuk horrelako adierazpen baten alde daudela aurkitzea. Batez ere emakumeek eta baita pertsona ez bitar eta transek jasaten duten indarkeria kontutan izanda: indarkeria fisikoa, psikologikoa edo digitala, sexu erasoak, edo emakumeen sexualitatearen kontrola leku batzuetan. Beraz, erresistentzia horrek hizkuntzaren balioa gutxiesten badu ere, ez da harrigarria jendartean ematen diren genero asimetriak eta indarkeria kontutan izanda.

Hala ere, ikerketa zientifiko askok erakutsi digute pertsonei buruz hitz egiteko erak eragina daukala gure interpretazioan eta ez genuke hizkuntzaren indarra gutxietsi behar. Ebidentzia zientifiko gehiago izanda, eta ikerketa zientifikoen emaitzak jendarteari zabaltzen, espero dugu oinarri gabeko aurreiritziak baztertu ahal izatea.

Adibidez, euskaraz egindako ikerketan, EAEko unibertsitateko ikasleen jarrerak, erresistentziak eta babesak kontuan hartuta, gehiengoak euskararen erabilera inklusiboago baterako estrategiarik ez duela ezagutzen adierazi arren, inkestatutakoen % 60k uste du euskaraz emakumeak esplizituki aipatzen dituen hizkuntza-estrategia bat erabilgarria izango litzatekeela emakumeen presentzia diskurtsoetan agerikoagoa izan dadin.

Gaztelaniaren kasuan eztabaida, agian korapilatsuagoa da, bi generoak biltzen dituen ‘generiko’ bat dagoelako. Zein da zure iritzia horren inguruan? 

Batzuetan entzun izan dugu hizkuntza inklusiboa erabiltzeko estrategiak alferrikakoak izan daitezkeela edo are ezinezkoak. Gainera, gure ustez, emakumeak hizkuntzaren bidez ikusarazteak ez du zertan nahikoa izan benetako gizarte-aldaketa bat lortzeko genero-berdintasunaren bidean, oraindik ere beharrezkoa baita aspaldidanik ezarritako genero-estereotipo, aurreiritzi eta indarkeriekin, batez ere, amaitzea.

Hala ere, aldaketa sozialerako bidean, hizkuntza lagungarri izan daitekeela iradokitzen duten ebidentzia enpirikoak bildu ditugu.Adibidez, ikusi dugu maskulinoa erabiltzeak gizonezkoak aukeratzea edo gizonengan pentsatzea errazten duela lan-esparruan; aldiz, hizkuntza inklusiboko aukerek eragina dute testua irakurtzen duenaren erabakietan.

Gure ikerketaren emaitzek jendearengan hausnarketa sustatzea espero dugu, testuinguru batzuetan behintzat, hizkuntza inklusiboa erabiltzearen onurak kontuan har ditzaten.