Xabi Murua: “Gazteen eta administrazio publikoen artean komunikazio-zubiak eraiki behar dira”

Xabi Murua donostiarra herritarrak eta administrazio publikoaren arteko zubi lana egiten duen Osoigo plataforma digitalaren sortzaileetako bat da. Laboral Kutxaren laguntzarekin gazteen ahotsa erakunde publikoetara helaraztea helburu duen Gurea Geroa izeneko egitasmoa kudeatzen dute.

 Irakurketa denbora: 4 Minutu
Osoigo enpresaren sortzailea zara. Zer nolako lana egiten duzue?

Osoigo prozesu parte-hartzaileak egiten edo kudeatzen dituen enpresa bat da. Duela zortzi urte sortu genuen enpresa da eta egoitza Zarautzen du. Funtsean gure lana prozesu parte-hartzaileak erraztea da, herritarrak eta administrazio publikoaren arteko zubi lana eginez. Prozesu horiek askotarikoak izan daitezke eta auzo, herri, lurralde historiko edo autonomia erkidego mailakoak izan daitezke.

Normalean, dinamizazio hori aurrez aurrekoa edo presentziala da: herritarren arteko espazioak, bilerak, debateak… baina, aldi berean, software propio bat garatu dugu inkesta eta bozketen bidez herritarren iritziak jasotzeko. Software hori, nolabait, prozesu parte-hartzaileak laguntzeko tresna gisa erabiltzen dugu.

Une honetan, Euskal Herriko administrazio maila ezberdinekin lan egiten dugu eta Estatu mailan ere badugu proiekturen bat.

Garatzen duzuen egitasmoen artean gazteei zuzendutako ‘Gurea Geroa’ izeneko proiektua sortu eta zuzentzen duzue. Zertan datza egitasmo hori?

Gurea Geroa Laboral Kutxaren laguntzarekin kudeatzen dugun egitasmoa da. Proiektua gazteen eta administrazio publikoen artean komunikazio falta bat zegoela ikusi genuelako sortu zen. Administrazio publikoen aldetik gazteak entzuteko beharra eta gazteen iritzia ezagutzeko nahia zegoela ikusten genuen, baina ez zuten inolako mekanismorik gazteengana iristeko, haien ahotsa entzuteko…

Behar horretan oinarrituta sortu genuen Gurea Geroa egitasmoa. Azpimarratu nahi dut egitasmo guztiz independentea dela eta administrazio publikoek ez dizkigutela inolako baldintzarik jartzen. Hau da, guk geuk jartzen ditugu ezaugarriak eta erabakitzen dugu zein gai jorratuko ditugun. Jorratu genuen lehen gaia etxebizitzaren ingurukoa izan zen. Euskal Herri osoan galdeketa masibo bat egin genuen eta 7.000 gazte inguruk parte hartu zuten.



Prozesu digital bat da, hots, gazteek gure plataforman sartu eta bertan dagoen galdetegia erantzun behar dute. Galdetegi hori, nagusiki, bi helburu lortzeko diseinatuta dago. Alde batetik, gazteen hausnarketa propioa sustatu nahi da eta, bestetik, gazteek gai zehatz horren inguruan beren ingurunea (herria, familia…) nola ikusten duten ere jaso nahi da.

Administrazio publikoen aldetik gazteak entzuteko beharra eta gazteen iritzia ezagutzeko nahia zegoela ikusten genuen, baina ez zuten inolako mekanismorik gazteengana iristeko, haien ahotsa entzuteko…

Gainera, galdetegiaren ostean, bada beste atal bat gazteen proposamenak edo iradokizunak jasotzeko. Atal horretan, gazteek beren ideiak proposatu ahal dituzte.

Azaldu duzun moduan jorratu duzuen lehenengo gaia etxebizitzarena izan da. Zeintzuk dira jorratu dituzuen bestelako gaiak?

Orain arte hiru dira landu izan ditugun gaiak, jada aipatu dudan etxebizitzarena lehenengoa izan zen eta, ondoren, kontsumoaren etorkizuna eta osasun mentala ere jorratu ditugu. Aurretik, gai gehiago jorratzen zituen galdetegi bat egin genuen gazteen lehentasunak zeintzuk ziren ezagutzeko.

Hiru kasutan funtzionamendua antzekoa da. Gazteek galdetegiaren bidez eta proposamenen atal horren bidez emandako datu horiek guztiak prozesatu egiten ditugu. Horretarako soziologoen lana ezinbestekoa da. Horretarako Euskal Herriko Unibertsitatearen, Mondragon Unibertsitatearen eta Deustuko Unibertsitatearen laguntza izan ohi dugu.

Prozesu hori, azkenean, txosten kuantitatibo batean gorpuzten da. Txosten horrek, nolabait, Euskal Herriko gazteek planteatutako gai horren inguruan duten iritzi adierazgarri bat islatzen du. Kontuan izan behar dugu 7.000 gazteren iritzia oso lagin esanguratsua dela.

Zer egiten duzue txosten horrekin?

Txostena Eusko Legebiltzarrean aurkezten da, publikoki. Bertan, komunikabideez gain, alderdi politikoen ordezkaritza ere badago. Txostenean jasotako gazteen iritziak eta proposamenak entzun ondoren, alderdi politikoek beren iritzia ere ematen dute.

Gure lana, nolabait, hor amaituko litzateke. Zubi lana egiten dugu gazteen eta erakunde publikoen artean eta, behin txostena azalduta, azken horien ardura da politika publikoen diseinuan guk jasotako iritzi eta proposamen horiek guztiak sartzea ala ez.

Jorratu duzuen azken gaia osasun mentalarena izan da eta oihartzun handia izan du hedabideetan…

Bai, hala da. Pasa den urtearen amaieran aurkeztu genuen txostena eta hedabide askok eman zuten horren berri. Euskal Herriko hedabideek ez ezik, Estatu mailako hedabideek ere eman zuten horren berri eta, horri esker, Espainiako Gazteria eta Haurtzaroa Ministerioa gurekin jarriz zen harremanetan txostenaren emaitzen eta prozesu osoaren berri izateko. Berriki azaldu digutenez, Estatu mailan Gurea Geroa bezalako formatu bat errepikatu nahi dute Estatu mailan. Hortaz, Laboral Kutxaren laguntzarekin kasu honetan ere, Estatu mailako proiektu bat jarriko dugu martxan. Kasu horretan, jorratuko dugun lehenengo gaia osasun mentalarena izango da eta Estatu mailako hainbat eragile eta erakunderen babesa izango du proiektuak

Euskal Herria mailan zein izango litzateke jorratu nahi duzuen hurrengo gaia?

Gurea Geroa egitasmoaren barruan jorratuko dugun hurrengo gaia turismo eredu jasangarria izango da. Asmoa da gazteen ikuspegitik turismoa zein eredu izan beharko lituzkeen ezagutzea. Printzipioz, gai horren inguruko txostena udazkenaren hasieran aurkeztuko genuke, horren inguruan martxan jartzen ari diren turismo politika berriekin bat egiteko.



Proiektuaren inguruan gehiago jakin nahi baduzue, jo gureageroa.eus atarira, bertan topatuko baitituzue proiektuaren hurrengo pausoak; izan ere, Laboral Kutxa eta Osoigoren artean bi urteko akordio markoa berritu dugu, eta hortaz, Gurea Geroa proiektuaren jarraipena bermatu. Gazteen ahotsa ozen entzun dadin ez genuke horrelako tresnen beharrik izan behar instituzioetan sistema edo mekanismo ofizialak baleude; baina hala ez den bitartean, lanean jarraituko dugu lantzean behin eta dilema sozial baten inguruan iritzi dutena Legebiltzarrera eta Euskal Herriko agintariengana irits dadin.

Advertisements