Zeintzuk dira Bizkaiko gazteen lehentasunak eta erronkak?

Bizkaiko Foru Aldundiak prozesu parte-hartzaile bat jarri du martxan gazteen eta beharrei buruzko lehen eskuko informazioa jasotzeko.

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: Laiotz / Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 174
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko gazteen lehentasunak eta erronkak ezagutzeko prozesu parte-hartzaile bat jarri du martxan. Prozesu hori hiru fasetan garatuko da: entzutea, eztabaidatzea eta erakundeetan eragitea. Izan ere, abian jarri den prozesua ez da datuen bilketa soil batera mugatu nahi eta jasotako informazioa etorkizuneko politika publikoen diseinuan benetako inpaktua izango duela bermatu nahi da.

Hiru fase

Prozesua entzute fase batekin abiatuko da. Horretarako, gazteen erantzunak jasotzeko diseinatutako inkesta bat prestatu da. Inkesta horren bidez bizkaitar gazteen erronka, kezka eta lehentasun nagusiak identifikatu nahi dira. Galdetegia bizkaikogazteak.eus webgunearen ‘Parte hartu’ atalean aurki daiteke.



Behin erantzunak jasota, bildutako datuen analisia egingo da gazteek emandako erantzunetan oinarrituta lehentasunak hautemateko eta horien inguruan proposamen zehatzak garatzeko eztabaida guneak sortzeko.

Egitasmoaren hirugarren eta azken fasean, bigarren fasean egindako ekarpenak helaraziko zaizkio Aldundiari gazteei zuzendutako etorkizuneko politika publikoetan kontuan har ditzan.

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatu Teresa Laespadak azpimarratu duenez, “gazteei entzutea ezinbestekoa da haien aukerak indartu, garapenean lagundu eta eskubideak bermatuko dizkieten politikak eraikitzeko”.