3.075 familiak jaso dute ‘Aukerak Suspertzen’ laguntza

Programaren xede nagusia da zaurgarritasun egoeran bizi diren euskal familiei arrakala digitala gainditzeko laguntza eskaintzea.

  Egilea: Jose Poza
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 262
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak kudeatzen duen ‘Aukerak Suspertzen’ programak 3.836 adingabe artatu zituen 2024. urtean. Aurreko urteko datuekin alderatuta, 126 gazte gehiagok jaso dute arrakala digitalarekin amaitzea helburu duen laguntza hau. Lurralde historikoei dagokienez, Bizkaiko 2.607 adingabek jaso dute laguntza, Gipuzkoako 885ek eta Arabako 884k. Guztira, 3.075 familia baliatu dira laguntza horiez, 2023an baino % 6 gehiago.

Onuradunak

Laguntza hau baliabide gutxiago dituzten familietan bizi diren EAEko Lehen Hezkuntzako (% 74) eta Bigarren Hezkuntzako (% 26) ikasleei zuzentzen zaie. Programak gizarte- eta hezkuntza-laguntza eskaintzen die adingabeei zein haien familiei. Ezagutzera eman diren datuen arabera, laguntza jasotzen duten familien artean profil nagusia bi guraso dituzten familiakoa da (% 58,7) eta, jarraian, ama duten guraso bakarreko familiak (% 36).



Onuradunen % 43 Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bidez lortu du laguntza eta beste guztiek erakunde laguntzaileen bidez edo hezkuntza zentroen bidez.

Azken urteetan gizarte ekimeneko Agintzari kooperatibak kudeatu du programan parte hartzen ari diren hirugarren sektore sozialeko erakunde ezberdinek osatzen duten sarea. Horien artean daude, adibidez, Bigite, Caritas Bizkaia, Elkarbanatuz, Gurutze Gorria, Haurralde, Jatorkin, Norai, Save The Children, Tendel edo Ziba. Sarean parte hartzen duten erakundeen kopurua 20tik 25era igo da azken urtean eta haien lana EAEko 80 udalerritara iristen da (Bizkaiko 48, Gipuzkoako 26 eta Arabako 8). Urtean zehar, guztira, 1.213 pertsona izan dira, modu profesionalean edo boluntario gisa, programan lan egiten duten pertsonak.

2025eko datuak

Aurtengo datuei dagokienez, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean, programak jada 3.399 adingabe eta 1.959 familia artatu ditu. Kopuru horiek ikusita, programaren kudeatzaileek aurreko urteko kopurua gaindituko direla aurreikusten dute.