58,2 milioi euro euskara ikasten ari diren helduei laguntzeko

“Besarkatu euskara” da 2025-26 ikasturtean Euskadiko euskaltegietan matrikulazio sustatzeko kanpainaren leloa

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: irekia.euskadi.eus
  Hitz kopurua: 239
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Iraila hastearekin batera abian jarri da Euskadiko euskaltegietan matrikulatzeko kanpaina. “Besarkatu euskara” lelopean garatzen ari den kanpaina berriaren xedea herritarrak euskarara gerturatzea da  eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasorok azaldu duen moduan, Euskarara gerturatzea ere jarrera bat dela adierazi nahi dugu kanpaina honen bidez, milaka aukeretara ateak zabaltzen dituena: harreman berriak, bizipen berriak, lan aukera berriak… Euskara gizarte-kohesiorako elementu giltzarria dela sinisten dugu eta, kanpaina honen bidez, batez ere, euskara ezagutzen ez duten pertsonak gerturatu nahi ditugu, gure hizkuntza eta kultura ezagutzera”.

Ia 60 milioi euro laguntzetan

Helduen euskalduntzea errazten jarraitzeko Eusko Jaurlaritzak 58,2 milioi euro bideratuko ditu euskara ikasteko laguntzetara. Laguntza horiek hiru lerro nagusitan banatuta daude. Euskaltegi pribatuen finantzaketarako 36,2 milioi euro bideratuko dira eta publikoentzako beste 14,1 milioi euro. Hortaz, euskaltegien finantzaketara 50,3 milioi euro bideratuko dira 2025-26 ikasturtean.



Bigarren finantzaketa-lerroa A1 mailatik hasi eta C2 aditu mailara bitartean, hots, maila guztietan, maila gainditu eta egiaztatzen duten ikasleei bideratutako zaie. Kasu horretan, 975.000 euro bideratuko dira laguntza horietara.

Azkenik, 4.860.000 euro bideratuko ditu euskara ikasteko doakotasun-programetara. Kopuru hori pasa den ikasturtekoa baino % 52,9 handiagoa da eta, horri esker, oinarrizko A1 eta A2 mailetako ikasleentzat eta C1 mailan komunikazio-gaitasun maila hobetu nahi duten 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, euskaltegiko matrikula ia doakoa izango da. Ikasleek matrikularen laurdena baino gutxiago ordaindu beharko dute ikasturtearen hasieran, baina ikasturtea amaitzean kopuru hori berreskuratzeko aukera izango dute.