Doako euskara ikastaroak langabetuentzat Donostian

Izena emateko epea zabalik izango da datorren martxoaren 8ra arte

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak langabetuentzako doako euskara ikastaroak antolatuko ditu. Orain arte, horrelako ikastaroak bakarrik udazkenean eskaintzen ziren, urritik abendura bitartean. Orain, berriz, udaberrian ere euskara ikasteko aukera eskainiko da.

Izan ere, Euskara Zerbitzuak eskaintza zabaltzea erabaki du euskara ikasi nahi duten langabetuei erraztasun gehiago emateko. Ikastaroak martxoaren 14an hasi eta maiatzaren 20ra arte luzatuko dira. Izena eman ahal dute Donostian erroldatuta dauden 18 urtetik gorako langabetuek. Ikastaroetara joatea nahitaezkoa izango da.

Matrikulazio epea gaur hasi eta martxoaren 8ra arte izango da zabalik. Izen emateak Donostiako edozein euskaltegi homologatutan egin ahal izango da. Izena online emateko aukera era bada http://www.donostia.eus/ eta www.donostiaeuskaraz.eus web guneen bidez.

Ikastaroetan parte hartu nahi duten hautagaiek  2022ko otsailaren 22an langabezian zeudela egiaztatu beharko dute. Ikastaroak 120 irakastordukoak izango dira, egunean hiru ordu, astelehenetik ostiralera bitartean eta 10:30-13:45 ordutegian.