‘Antxitxika Eibar’ egitasmoak jarduera fisikoa sustatuko du aplikazio baten bidez

Kirola modu pertsonalizatuan eta berritzailean egiteko beharrezkoak diren tresnak eskaintzen dituen aplikazio bat sortu dute.

Eibarko Udalak, Wellk startup-arekin batera eta BIC Gipuzkoarekin elkarlanean, ‘Antxitxika Eibar’ izeneko proiektua abiarazi du. Ekimen horren xedea da eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzea. Horretarako, kirola modu pertsonalizatuan eta berritzailean egiteko beharrezkoak diren tresnak eskaintzen dituen aplikazio bat sortu dute. Adibidez, aplikazioak Eibarren antolatzen diren kirol jarduera ezberdinak gomendatzen ditu, kirola egiteko kideak bilatzea edo lagunarteko txapelketak antolatzea ahalbidetzen du.

Aplikazioak (iOs eta Android) Eibarren antolatzen diren kirol zerbitzu guztiak jasotzen ditu. Era berean, erabiltzaileek izena eman ahal dute beren datu pertsonalak emanez eta gustuko dituzten kirolak, beharrak eta kirola egiteko dituzten ordutegiak zehaztuz. Informazio horrekin aplikazioak informazio pertsonalizatua eskainiko dio erabiltzaile bakoitzari.

Plataforman Eibarren diren kirol eragile guztiek parte hartzen dute: udal kirol instalazioak, kirol taldeak, gimnasioak… guztira 30 eragile inguru.

Programatutako lehen jarduerak bat egingo du apirilaren 7an ospatuko den Osasunaren Nazioarteko Egunarekin. ‘Gure planeta, gure osasuna’ izeneko erronka izango da eta parte-hartzaileek egiten dituzten kilometro guztiak batuko dira erronkak dituen mailak gainditzeko. Parte-hartzaileen artean hainbat opari zozkatuko dira.