Bizkaiak gazteentzako baliabide eta laguntzen gida bat aurkeztu du

16 eta 30 urte bitarteko 155.000 gazteri zuzendutako 114 ekimen eta programa biltzen ditu dokumentuak

Apirilaren 17an ospatu den Gazte Informazioaren Europako Egunarekin bat eginez, Bizkaiko Foru Aldundiak 16 eta 30 urte bitarteko lurralde historikoko 155.000 gazteri zuzendutako 114 ekimen eta programa biltzen dituen gida bat aurkeztu du.

Dokumentuaren xedea da gazteei puntu bakar batetik, besteak beste,  enpleguaren, dirulaguntzen, beken, etxebizitzaren eta formakuntzaren inguruko informazio eguneratua jasotzeko aukera eskaintzea. Indarrean diren ekimenak eta programak aldatu ahala gida ere eguneratuko da.

Informazio eguneratua

Gida honek gazteentzako interesgarriak diren programak eta ekimenak zentralizatzen ditu eta informazio hori kolektibo horri helaraztea errazten du. Dokumentuak jarduerak eta programak jasotzen ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten bederatzi sailen lana balioesten du. Gainera, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, Europar Batasunak eta bestelako erakundeek sustatzen dituzten egitasmoak ere jasoko ditu.

Gazteentzako baliabideen eta dirulaguntzen gida hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazteak 2030 Estrategiaren barruan garatu da. Estrategia horren erronka emantzipazio-prozesuak eta gizarte-eraikuntza sustatzea da. 

Gida bizkaia.eus/gazteak webgunean kontsulta daiteke.