“Eszena kalera” programak 60 kaleko ikuskizun eskainiko ditu

Aurtengo edizioa maiatzaren 26an hasi eta irailaren 25era arte luzatuko da. Guztira, tokiko 22 konpainiak eskainiko dituzten 63 ikuskizunekin osatuko da programazioa.

Zirkuak, pailazoak, dantzak, magiak, musikak eta antzerkiak Bilboko hainbat auzo hartuko dituzte udan zehar. Izan ere, Bilboko Udalak ‘Eszena kalera’ programaren aurtengo edizioa aurkeztu berri du. ‘Eszena kalera’ Euskadin antolatzen den kaleko arteen zirkuiturik handiena da. Aurtengo edizioa maiatzaren 26an hasi eta irailaren 25era arte luzatuko da. Guztira, tokiko 22 konpainiak eskainiko dituzten 63 ikuskizunekin osatuko da programazioa.

Eszena Kalera, nagusiki, familiei zuzendutako programa da. Euskaraz egiten diren ekoizpenek lehentasuna izaten dute, baina badira elebidunak eta testurik gabekoak ere.

Doako programazioa

Aurtengo edizioan eskainiko diren ikuskizun guztiak doakoak izango dira. Izan ere, ikuskizun gehienak kalean izango dira, esparru irekietan eta, hortaz, ez da beharrezkoa izango sarrerarik erostea.

Programa maiatzaren 26an hasiko da bi ikuskizunekin. 19:00etan, Santutxuko Karmelo Plazan, Dikothomia CÍA konpainiak [‘e.go] zirku-ikuskizuna eskainiko du. Ordu berean, Castaños auzoko Funikular Plazan, Ganso & Ciak “Mambo Bingo” ikuskizuna aurkeztuko dute.

Aurtengo edizioan parte hartuko duten konpainiak honako hauek dira: Aukeran Dantza Konpainia, Barré Cía, Deabrukeriak, Dikothomia Cía., Eidabe, Eriz Magoa, Ganso & Cía, Haatik Dantza, Hortzmuga Teatroa, Imaginaciones Nai, Intujai TeatroBea Larrañaga, Jour De Fête Cie., Magia En Zapatillas, Maite Guevara, Malas Compañías Zirko Taldea, Oihulari Klown, Panpotx Kultur Elkartea, Proyecto Larrua + Eva Guerrero, Rojo Telón, Sinvergüenzas Exprésate, Xilipurdi Antzerkia eta Zirko Txosko.