25 kilometro igeriketan erronka solidarioa

Emakumeen artean jarduera fisikoa sustatzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak “Emakumeok Mugimenduan” ekimena bultzatzen du.

Ekainaren 11an, 16:00etatik aurrera, Tolosako Usabal kiroldegiko igerilekuak ‘Emakumeok Mugimenduan’ ekimenaren barruan garatuko den erronka bat hartuko du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen azterlan baten arabera, kirola egiten duten bost emakumetatik batek  igeriketa egiten du. Emakumeen artean jarduera fisikoa sustatzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak “Emakumeok Mugimenduan” ekimena bultzatzen du.

Erronka Gipuzkoako Igeriketa Federazioarekin elkarlanean antolatu da, eta parte-hartzaile guztien artean 25 kilometro igeri beharko dituzte bi ordu baino gutxiagoan. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzak nahi dituen adina metro igeri egin ahal izango ditu, baina gutxienez ehun egin beharko ditu. Igeri egiten ehun metro egiteko gai den edozein emakumek har dezake parte, adina eta forma fisikoa kontuan hartu gabe.

Halaber, Tolosaldeko Emakumeen Etxea laster inauguratuko dela aprobetxatuz, eta martxan jartzen laguntzeko, bertan egiten den kirolaren bidez emakumea ahalduntzeko lehen proiektura bideratuko dira, bai inskripzioagatik, bai babesletzagatik bildutako funts guztiak.