VI. Berbaprobak txapelketa Mungian

Datorren maiatzaren 7an herrien arteko berbaproba txapelketaren VI. edizioa burutuko da Mungian. Txapelketa herritarren ekimenari esker eta TXOKOLO kultur elkarteak bultzatuta egingo da. Goizeko 10.30ean hasita, Mungiako eta inguruetako esakuneak eta bertsoak batzen dituan txapelketearen seigarren edizioa da aurtengoa.

Ekimenaren helburuak honako hauek dira, besteak beste: bertoko euskara lantzea eta bultzatzea; esakuneak erabiltzeko eta bertsoetarako zaletasuna piztea, herrien arteko lehia ona eta jatorra sortzea jai giroan jende euskaltzalearen artean; eta, euskal kulturearen aldeko herritar, erakunde eta elkarteak batzea elkarlanean. Txapelketa honen laguntzaileak dira: TAKET bertsolari alkartea, AHAIRE kultur alkartea, Zenbat Gara Kultura Alkartea, herriko zenbait merkatari,  Jai Alai Taberna, Artza Kirol moda denda eta Mungiako Udala.

Prozedura

Mungialdeko herriei zuzenduta egon arren, beste edonongo jendeak ere parte har dezake.

Herri bakoitzetik gura den beste taldek eman dezake izena. Taldeak hiru lagunekoak izango dira. Lagun horrek ibilbide bat egingo dute bertsolariekin batera herrian zehar tabernarik taberna.

Goizeko 10:30ean guztiak batuko dira Mungiako Foruen plazan eta bertan egingo da taldeen zozketa ibilbide desberdinetarako. Talde bakoitzak bere ibilbideari ekingo dio, parte-hartzaileak, lagunak, epaileak; eta trikitilari eta pandero-joleak bidea alaitzeko.

Taberna bakoitzean bertsolariek bertso bana botako dute talde guztiei eta taldeetako lagunek igarri egin beharko dute bertso horri ondoen dagokion esaera zaharra, aldez aurretik emandako esakuneen zerrenda gogoratuz.

Taldeko bozeroaleak esakunea paperean agertzen den modu-moduan esan behar du; bestela, ez du punturik lortuko. Asmatu ezean edota aldatuta esanez gero, errebotea edukiko du beste talde batek. Horren arabera emango dira puntuak zeregin horretarako beren beregi aukeratutako epaileek.
Bazkalaurrean puntuen batuketa egingo da eta ibilbideetako talde irabazleak zeintzuk diren esango da.

Bazkaria eta bazkalostea

Aurten herriko txokorik zaharrenetariko batean 15 euroan bazkaltzeko aukera edukiko du gura duenak (baina aldez aurretik hartu behar da tiketak Mungiako Jai Alai tabernan). Bazkarian zozketa bat egingo da: Zenbat Gara Kultur Alkarteak lagun birentzat oparituko du afari bana Kafe Antzokian eta aukeratzen duen kontzerturako sarrerak.

Arratsaldean finala antolatuko da: proba fisikoak eta berbazkoak (esakuneak edota bertsoak osotu; zaku lasterketea…) eta txapel jaurtiketa lehiaketa. Eta ezin denez musikarik eta jai giroan faltu, handik gora… batek daki nora aboatuko garan!!!

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.