Txakurraren lehen etxekotzea Asian gertatu zen

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek jasotzen duenez, txakurrek bi otso-populazio desberdinetako jatorri bikoitza dute.

Beti entzun izan dugu txakurra dela gizakion lagunik onena, betidanik gure ondoan izan baitira lagun egiten. Duela 15.000 urte baino gehiago, Izotz Aroan, txakurrak herabeki hurbiltzen hasi ziren gizakiek pizten zituzten suteetara berotzeko. Zenbait kasutan, gainera, itxaroteak saria izaten zuen eta gizakiok utzitako apurkinak jasotzen zituzten. Horrela, apurka-apurka, animalia hori gizakion lagun leiala bilakatu zen.

Hainbat ikerketek berretsi dutenez, txakur guztiak, handienetik txikieneraino, otso grisaren (Canis lupus) leinukoak dira. Baina oraindik ez dago argi non hurbildu zen otso bat lehen aldiz gizaki batengana.

Horren inguruan egin diren ikerketek oso emaitza ezberdinak eman dituzte. Baina Erresuma Batuko Francis Crick Institutuaren zuzendaritzapean genetikari eta arkeologo talde batek berriki egin duen ikerketa batek gai hau argitzen lagundu du. Aipatu ikerketaren arabera, txakurren jatorria, gutxienez, antzinako bi otso populaziora arte irits liteke. Europa, Siberia eta Ipar Amerikatik datozen azken 100.000 urteetako otso grisen genomak azteru ostean, ikerketak ondorioztatzen duenez, etxeko animalia horiek Eurasiako ekialdeko Izotz Aroko otsoekin ahaidetasun handiagoa izango lukete, mendebaldekoekin baino.

Nature aldizkarian

Ikerketa Nature aldizkarian argitaratu da eta, ikerlariek azaldu dutenez, giza historiaurreari buruzko erantzunik gabeko galdera handienetako bat den txakurren etxekotze-misterioa argitzeko beste urrats bat izan daiteke. Zientzialariek hautespen naturala detektatu ahal izan zuten Pleistozeno berantiarrean, duela 129.000 eta 11.700 urte bitartean. Zientzialariek argi dutena da otso grisa izan zela etxe-populazio baterako bidea eman zuen lehen espeziea, eta ipar hemisferioko leku gehienetan egon zela azken Izotz Aroan, beste ugaztun handi asko desagertu zirenean. Etxekotzea, gutxienez, duela 15.000 urte gertatu omen zen.