Europako mugaz gaindiko itunik zaharrena 

Urtero, uztailaren 13an, Erronkaribarreko eta Baretouseko alkateek ‘Hiru behien zerga’ berritzen dute Izaban den San Martingo Harrian

1375. urteaz geroztik, urtero, uztailaren 13an, Isaban, ‘Hiru Behien Zerga’ (Iror Beien Emontarzuna) zeremonia ospatzen da, Europan indarrean dagoen mugaz gaindiko trataturik zaharrena.

1375. urtean sinatutako akordioak Erronkari eta Baretous mugako haranen arteko liskarrei amaiera eman zien, larreak aprobetxatzeko. Tributua urtero egiten da eta, bertan, Baretouseko abeltzainek hiru behi eman behar dizkiete Izabako, Gardeko, Urzainkiko eta Uztarrozeko bizilagunei hilabete batez euren aziendek zelai nafarretan belar eta ura hartzearen truke. Ematen diren abelburuek ‘sine mácula’ izan behar dute. 

Animaliak entregatu aurretik, Erronkari eta Baretous ibarretako alkateek, inguruko janzkera tradizionalarekin jantzita, duela 650 urte gertatutako liskarrei amaiera eman zien bake-konpromisoa berritzen dute.

Hitzarmena sinbolikoki sinatzen da eta, horretarako, alkateek beren eskuak jartzen dituzte San Martingo Harriaren gainean. Harri horrek Espainia eta Frantziaren arteko muga zehazten duen 262. mugarria da. Ituna burutzeko, bi aldeek eskua emanda “pax avant” (bakea aurrera) hitzak hiru aldiz errepikatzen dituzte.

Hitzarmenaren jatorria

Oraindik ere ez dago garbi hitzarmen honen jatorria eta arrazoia. Hainbat mendez, modu jarraian egin zen, baina XIV. mendean eten egin zen eta horrek hainbat gatazka eragin zituen.

Horiek izan ziren, hain zuzen ere, 1375etik etenik gabe egin den arbitraje-epaiaren iturria. Izan ere, hitzarmena Ansoko epaian oinarritzen da, alde biek bitartekari bat bilatu baitzuten Aragoiko udalerri horretan -auzilariez besteko erresuma batekoa zena- beraien arteko tira-bira ebazteko.

Aurtengo edizioan, María Chivitek gogorarazi du “Hiru Behien Zerga bake hitzarmen baten sinbolo bat da eta, horregatik, ezinbestekoa da urtero berrestea”.

2011. urtean Nafarroako Gobernuak Hiru Behien Zerga Interes Kulturaleko Ondasun Ez Materiala eta Interes Turistikoko Jaia izendatu zuen.