“Euskararekin irabazi egingo duzu”

Bilboko Udalak hirian diren 17 euskaltegietan matrikulatzeko kanpaina jarri du martxan. Iaz 8.300 ikaslek ikasi zuten euskara hiriko euskaltegi sarean.

Bilboko Udalak hirian diren euskaltegietan izen-ematea sustatzeko kanpaina berri bat jarri du abian. “Euskararekin irabazi egingo duzu” lelopean, kanpainak eguneroko bizitzan eta alor guztietan (maila pertsonalean, familian, lanean) euskara ikastearen eta erabiltzearen abantailak azpimarratu nahi ditu.

Kanpainaren aurkezpen-ekitaldian Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Koldo Narbaizak azaldu duenez, kanpaina berri honek “Udalak euskara Bilboko kaleetan normalizatzeko duen konpromiso irmoa” azaltzen du beste behin. Hortaz, bilbotarrek euskara ikastea eta jakitea gura dugu, eguneroko bizitzan normaltasunez erabili dezaten. Horrela, Bilbo gero eta euskaldunago bat lortuko dugu” adierazi du Narbaizak.

Hilabete osoa

Kanpaina irailaren amaierara arte luzatuko da eta markesinetan, Bilbobusen autobusetan, Bilboko Udalaren sare sozialetan, hedabideetan, eta barrutietako Udaltegietan, kiroldegietan eta ikastetxeetan jarritako kartelen bidez egikarituko da.

Bilboko euskaltegi sarean 17 zentro daude. Pasa den ikasturtean ia 8.300 lagunek ikasi zuten euskara Bilboko euskaltegietan. Ikasleak, gehien bat, 16 eta 45 urte bitarteko emakumeak dira, goi mailako ikasketak dituztenak.

Ikasturte honetarako, ohiko eskolak eta era guztietako mailak ez ezik, barnetegietako egonaldiak eta taldeentzako eta enpresentzako ikastaro bereziak eskaintzen dira.