Garikoitz Goikoetxea: “Beharrezkoa da, herri gisa, ikus-entzunezkoen inguruko gogoeta partekatua zabaltzea”

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko egin duen ikerketaren arduraduna

Burutu duzuen ikerlanaren arabera, gazte euskaldunek erdarazko ikus-entzunezko edukiak kontsumitzera jotzen dute. Horretarako arrazoi nagusia euskarazko edukien eskaintza falta al da?

Eskaintza falta da arazo nagusia, eta, horrekin batera, euskarazko produktuen ikusgarritasun txikiagoa. Gazteei galdetu diegunean zein den beren hautuaren arrazoia, zergatik aukeratzen duten eduki bat edo beste, ikusi dugu garrantzi handia duela ahoz ahokoak: besteek zer ikusten duten, hura ikusten dute. Telesailekin hala gertatu ohi da: boladan jartzen da telesail bat, ahoz ahokoan zabaltzen da, eta askok ikusten dute. Euskarazkoekin badago erronka hori: eskaintza nola ugaritu, eta dagoen eskaintza nola egin ikusgarriago, aintzat hartuta ikus-entzunezkoetan ere hizkuntza minorizatua dela euskara, eta erdarazko eskaintza beti izango dela zabalagoa eta oihartzun handiagokoa.

Nola eragiten du ikus-entzunezko edukien kontsumo horrek gazteen hizkuntza-ohituretan eta euskaraz duten gaitasunean?

Eragin handia du. Batetik, gaitasunari dagokionez, etxean euskararik ez duten ikasleek dute eraginik handiena. Udalerri euskaldunetan, belaunaldi berrietan ia lortua dago ezagutzaren unibertsalizazioa: ia denek dakite euskaraz. Baina, jakina, jakitea ez da aski euskara erabiltzeko: erosotasuna behar da. Ikasle batek batik bat eskolan badu euskararekiko harreman nagusia, ez badu erlazio formaletatik haragoko euskararik entzuten eta ikusten, hutsunea sortzen da hor. Euskarazko esposizio-orduak ere aipa daitezke: etxean euskararik ez duen ikasleak, pantailan erdara soilik duenak, zenbat ordu pasatzen ditu euskaraz entzuten? Bestetik, hizkuntza-ohiturei dagokienez, argia da eragina, eta nabari da ikastetxeetako jolastokietan eta parkeetan: erdarazko marrazki bizidunak ikusten badituzte umeek, jolasean ari direnean haiek imitatzen dituzte, erdaraz. Lagun-taldean atea irekitzen dio horrek erdarari, eta aztertzekoa da epe ertain-luzera nolako eragina izan dezakeen lagun-talde horien egunerokoan, hizkuntza-ohituretan.

Azterlana udalerri oso euskaldunetako gazteekin burutu duzue. Hortaz, zuzena litzateke pentsatzea zuen ikerlanetik atera den argazkia are negatiboagoa dela?

Aztertu egin beharko litzateke: ezin dira besterik gabe datuak Euskal Herri osora hedatu. Batetik, pentsa daiteke, gazte horien hizkuntza-profila ikusita, Euskal Herriko datu orokorrak nabarmen kaskarragoak izango direla. Izan ere, UEMAko udalerrietako gazte gehienek euskara dute lehen hizkuntza. Etxeko eta eguneroko hizkuntza nagusia euskara dute, eta gehienak erdaraz bezain eroso edo erosoago moldatzen dira euskaraz. Euskal Herrian, ez: gazte gehienek, nahiz eta euskaraz jakin, euskara ez dute lehen hizkuntza. Eskolatik kanpoko hizkuntza nagusia ez dute euskara, eta erosoago moldatzen dira erdaraz. Alde handia dago.

“Udalerri euskaldunetan, ahoz euskara erabiltzeko aukera handiagoa dago, beste inon baino handiagoa, eta horrek eragin handia dauka erabileran; pantailetan, ez, eskaintza antzekoa da leku guztietan, eta aldatzen den faktore bakarra ikasleen hizkuntza-profila da”

Baina, bestetik, UEMAko udalerriak eta Euskal Herria alderatuta, seguruenik eguneroko hizkuntza-erabileran baino alde txikiagoa egongo da pantailetako kontsumoan, besteak beste, eskaintza mugatua delako. Udalerri euskaldunetan, ahoz euskara erabiltzeko aukera handiagoa dago, beste inon baino handiagoa, eta horrek eragin handia dauka erabileran; pantailetan, ez, eskaintza antzekoa da leku guztietan, eta aldatzen den faktore bakarra ikasleen hizkuntza-profila da.

Ikerlanerako erabili duzuen aldagaietako bat lehen hizkuntzarena da. Nola eragiten du aldagai horrek ikus-entzunezko edukien kontsumoan?

Erabileran asko eragiten du lehen hizkuntzak, eta pantailetan ere bai. Gaitasunean eragin handia izan ohi du lehen hizkuntzak, erraztasunean ere bai, eta gauza gehiago ere adierazten ditu: adibidez, gurasoek ba ote dakiten euskaraz —bikote euskaldunek euskara transmititzen baitute, oro har—, etxean hizkuntzaren egoera zein den ere iradokitzen du… Lehen hizkuntzak asko markatzen du ikaslearen hizkuntza-profila, eta pantailetako kontsumoa ere bai, beraz. Izan ere, ikusi dugu euskara lehen hizkuntza duten ikasleek gehiago jotzen dutela euskarazko edukietara, eta hori bat dator beste hainbat aldagairekin: egunerokoan gehiago erabiltzen dute, etxeko hizkuntza euskara dute… Finean, pantailen kontsumoa ez genuke hartu beharko adierazle bakan baten modura, beste erabilera-adierazle batzuekin lotua baitago, eta haietan eragina baitauka.

Eta adinaren aldagaiak? Antza denez, gaztetxoenen artean euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoa handiagoa da nerabeen artean baino…

Batetik, kontuan hartu behar dugu eskaintza: nerabeentzat baino askoz eduki gehiago dago euskaraz umeentzat, eta horrek erabat baldintzatzen du kontsumoa. Gure iruditerian ere badago hori: umeen erabilerak beti kezkatzen gaitu, umeek pantailetan ikusten dutenak ere bai, baina, umeak koskortzen doazen eran, kezka hori lasaitu egiten da nolabait. Bestetik, sozializazioaren eragina dago: gaztetxoak, helduago egiten ari direla, ohartzen dira zein den hizkuntza nagusia, zein den beren erreferenteek eta helduek erabiltzen dutena, eta horrek eragin handia du hizkuntzei buruz duten iruditerian eta erabileran. Bada kontuan izan beharreko beste joera bat, eskaintzaren eta iruditeriaren gaiarekin lotua: gaztetxoak adinean gora doazen eran, txikiagoa da euskarazko kontsumoa, baina presentzia ez du gaztelaniak irabazten, ingelesak baizik.

“Gaztetxoak adinean gora doazen eran, txikiagoa da euskarazko kontsumoa, baina presentzia ez du gaztelaniak irabazten, ingelesak baizik. Aldaketa nabarmena gertatu da urte gutxian: udalerri euskaldunetako gazte askorentzat oso ohikoa da telesailak ingelesez ikustea”

Aldaketa nabarmena gertatu da urte gutxian: udalerri euskaldunetako gazte askorentzat oso ohikoa da telesailak ingelesez ikustea. Horrek ekarri du kontsumi dezaketen eskaintza oso nabarmen areagotzea, eta, proportzioan, euskara are txikiago dago.

Euskarazko ikus-entzunezko edukien eskaintza falta diru kontua al da? Ba al da bestelako arrazoirik?

Dirua bada arazoa, noski. Baina, ikerketa aurkeztean esan genuen gisan, behar da gogoeta bat: herri gisa, hizkuntza-komunitate gisa, zein da gure apustua ikus-entzunezkoetan? Oinarri bat argi izan behar dugu: kopurutan inoiz ez gara izango gaztelaniazko edo ingelesezko produkzioaren parekoak, eta beste irizpide batzuk hartu beharko ditugu kontuan. Beharrezkoa da gogoeta partekatu bat irekitzea, eta ikus-entzunezkoetan landu beharreko estrategiak mahai gainean jartzea.

Zer egin daiteke edo zer egin beharko litzateke egoera hori zuzentzeko?

Munta handiko gaia da, eta uste dut gogoeta partekatu bat behar dela, egoera zuzentzeko zer egin daitekeen esateko. Hala ere, gure ikerketan oinarrituta, oinarri batzuk sumatu ditugu. Batetik, fikzioaren aldeko apustu handiagoa behar dugu, gazteek hori bilatzen baitute pantailetan —eta fikzioari entzun ona ematen diote: Goazen da horren adibide—. Bigarrenik, kontuan hartu behar da eragile asko daudela tartean, eta arduraz jokatzea dagokiela; EITBren ardurari buruz hitz egiten da askotan, baina apenas hitz egiten da RTVEren erantzukizunari buruz, non euskarak ez duen batere presentziarik. Eta hirugarrenik, sortzaileen gaia: ezinbestean elikatu behar da euskarazko sorkuntza, ikus-entzunezkoetan ere erreferenteak izateko.

Duela zenbait urte ohiko telebistak monopolizatzen zuen horrelako edukien kontsumoa. Gaur egun, berriz, kontsumo hori egiteko hainbat bide daude. Horrek zaildu egiten du, euskara bezalako hizkuntza minorizatu baten kasuan, eduki horiek ekoiztu ahal izatea?

Euskarrietan aldaketa handia gertatu da, eta horrek zuzenean eragin dio euskarazko kontsumoari. Batetik, erdarazko eskaintza nabarmen hazi da: pentsa orain dela 30 urteko eskaintza zein zen, eta hor proportzioan euskarak zer pisu zeukan. Ohiko telebista kateak dozena erdi baziren, horietako bat euskarazkoa zen. Orain, ohiko telebistan bertan, kateen kopurua askoz ere handiagoa da, eta euskarazko kateen presentzia ez da hein berean hazi: proportzioan, itsaso horretan txikiagoa da euskararen presentzia.

“Ezin dugu pentsatu gazteentzat euskarazko eskaintzarik apenas dagoen testuinguru batean, une jakin bateko eskaintza egiten denean zuzenean joko dutela horra”

Bestetik, ohiko telebistaren eredua aldatzen ari da, eta ikerketa honetan nabarmen ikusi dugu: Batxilergoko ikasleen artean, gehiago dira plataformen erabiltzaileak ohiko telebistaren ikusleak baino —eta horri erantsi behar zaizkio Youtube eta beste sare sozial batzuk—. Finean, eskaintza handitu egin da nabarmen, baina batez ere erdarazko eskaintza handitu da, eta horren eskuragarritasuna. Ikus-entzunezkoak kontsumitzeko era ere aldatu da, eta horretara ohituta hazi dira belaunaldi berriak: nahi dutenean eta nahi dutena ikusi. Salbuespena Goazen izango da: udalerri euskaldunetako etxe askotan, ostiral iluntzeetako mugarria da.

Aukeran eduki bera erdaraz eta euskaraz izanik gazteek euskarazkoaren alde egin luketela uste al duzu? (sarritan ikusi izan ahal dugu euskaraz egin izan ohi diren zenbait produktu ez direla bat ere erakargarriak-beste hizkuntzetan bezala, alegia).

Uste dut saihestu beharko genukeela kontsumoaren ardura gazte norbanakoen bizkar uztea. Alegia, ezin dugu pentsatu gazteentzat euskarazko eskaintzarik apenas dagoen testuinguru batean, une jakin bateko eskaintza egiten denean zuzenean joko dutela horra. Egiturazko erabakiak behar dira. Oraintsu irakurri dut horrekin lotutako adibide bat: gazteak ohitu badira ketchupa jatera, zapore horretara jarriak badaude, egun batean bertako tomatea eskaintzeak ez du ekarriko haiek zuzenean hautu hori egiterik, ez daudelako zapore horretara ohituak —eta ohiturarik ezak aurreiritzi asko sortzen du: fikziozko lanetako euskara artifiziala dela eta horrelakoak—. Horretaz egin behar dugu gogoeta: non jarriko ditugun baratzak, zein espezietako tomateak ereingo ditugun, zenbat, eta nola bideratuko den uzta jasotzeko prozesua.