STGen inguruko zalantzak argitzen dituen doako lehen aplikazioa

90 argitalpen zientifikotan oinarritzen den algoritmoari esker aplikazioak kutsatze baten susmoa dagoenean nola jokatu azaltzen du.

Gero eta gehiago dira sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunak dituzten euskaldunak. Pasa den urtearen erdialdean argitaratutako ‘HIESa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Plana’ txostenak jasotzen zuenez, Euskadin gero eta gehiago dira horrelako gaixotasunen bat duten pertsonak. Aurreko urteetako datuekin alderatuta 2021. urteko datuek GIBaren (Giza Immunoeskasiaren Birusa) transmisioan beheranzko joera bat erakusten badute ere, klamidiasia, sifilisa edo herpes genitala bezalako gaixotasunen kasuak biderkatu dira. Adibidez, Gonorrea edo Gonokozia gaixotasunaren kasuan, erregistratutako kutsatzeak % 66 hazi dira.

Nafarroan ere antzeko joera bat ikus daiteke. Pasa den urteko lehen seihilekoan STGen kasuan % 10ean hazi ziren aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Gainera, hazkundea bereziki esanguratsua da 35 urtetik beherakoen artean. Adibidez, gonorrearekin kutsatu zirenen artean % 57 aipatu adin-talde horretakoa zen; sifilisaren kasuan % 44 eta klamidiasiaren kasuan % 80.

Sexu Transmisiozko Gaixotasunen bat hartu ahal izan den eta arriskua benetakoa denean zer urrats eman behar diren argitzeko, diagnostiko molekularreko eta analisi klinikoko Empíreo konpainiak doakoa eta anonimoa den aplikazio bat garatu du. Aplikazioa eskuragarri dago Android eta iOS sistema eragileetarako eta bere algoritmoa 90 argitalpen zientifikotan eta kontrastatutako estatistiketan oinarritzen da. Aplikazioa GIBa, sifilisa, klamidiasia, B eta C hepatitisa edo gonorrea bezalako gaixotasunen analisian eta kontrolean espezializatutako osasun-profesionalek babesten dute.