Euskarak aurrera egiten jarraitzen du

VII. Inkesta Soziolinguistikoak oso irudi heterogeneoa utzi du. Alde handiak daude hiru errealitate administratiboen artean, baina orokorrean, erritmo apalean bada ere, ezagutzak eta erabilerak gora egin dute

Euskal Herria osatzen duten hiru administrazioetako ordezkariek euskararen egoera eta bilakaera aztertzen duen VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak aurkeztu dituzte martxoaren amaieran. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Nafarroako Euskarabidea-Euskararen Institutua eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa lankidetzan aritu dira euskararen esparru geografiko osoko datuak biltzeko. Datuak 2021. urtean jasotakoak dira eta 1991. urtean egin zen lehenengo inkestan jasotako datuekin alderatzeko aukera ematen dute. Inkestan 16 urtetik gorako biztanleak bakarrik hartu dira kontuan, 2.680.000 pertsona inguru, eta lau ataletan banatuta dago: herritarren hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera eta euskararen sustapenari buruzko jarrera. 16 urtetik beherako gaztetxoen datuak aintzat hartuko balira azken emaitzak nabarmen hobeak liratekeela ulertu behar da, bereziki ezagutzari dagozkion horiek.

Datuak errealitate administratibo bakoitzaren arabera aurkeztu dira eta, hortaz, zaila egiten da irakurketa orokor bat egitea. Zenbait kasutan datuak positibotzat har daitezke, baina beste zenbait kasutan kezkarako arrazoiak daude, nagusiki Ipar Euskal Herrian.

Datu positiboen artean euskara hizkuntza gaztea dela azpimarratu behar da. Azken 30 urteetan euskal hiztunaren profila nabarmen gaztetu da. Gaur egun euskaldun gehienak 16-24 urte bitarteko gazteak dira. Duela 30 urte, berriz, euskaldun kopururik handiena 65 urtetik gorako biztanleen taldean aurkitzen zen.

Hizkuntza-gaitasuna

Euskarak duen arazorik handienetako bat ezagutza eta erabilera artean den arrakala da. Euskara dakiten askok erdarara jotzen dute beren egunerokotasunean eta, ondorioz, bi datuen artean alde handia izan ohi da.

Euskal Herri osoa errealitate administratibo bakar gisa hartuko bagenu, euskaldunon kopurua % 30,18 ingurukoa izango litzateke. Kopuru horri euskaldun hartzaileen datua gehitzen bazaio, hots, hitz egiteko zailtasunak dituzten horiek, baina ulermen maila egokia dutenak, euskaldunon kopurua % 46,28raino haziko litzateke. Jakina, datu orokor hori zehaztu egin behar da. Izan ere, hiru errealitate administratiboen arteko aldeak oso handiak dira. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoak inkestak aintzat hartzen duen biztanleria osoaren % 75 baino gehiago hartzen du. Hortaz, EAEko datuek neurri handi batean baldintzatzen dituzte Euskal Herri osoko datu orokorrak. 

Euskadin euskaldunen kopurua % 36,2koa da. Elebidun hartzaileak ere aintzat hartzen badira, berriz, kopurua % 54,8ra igotzen da, hau da, biztanleriaren erdia baino gehiago. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, berriz, datuak apalagoak dira. Foru Erkidegoan euskaldunon kopurua % 14,1ekoa baino ez da (76.800). Ipar Euskal Herrian, berriz, % 20,1ekoa (51.500). Euskaldun hartzaileen kasuan % 10,6 eta % 9,4, hurrenez hurren (24.000 Ipar Euskal Herrian eta 57.800 Nafarroan). Kasu bietan, bi multzoak aintzat hartuta, euskaldunon kopurua % 30eko langaren azpitik aurkituko litzateke.

Ezagutzaren bilakaera

Kopuru horien benetako dimentsioa ikusteko, agian garrantzitsua da azken hiru hamarkadetan izan den bilakaera aztertzea. Kasu honetan ere, datuak oso heterogeneoak dira eta hainbat irakurketa egiteko aukera ematen dute. Adibidez, Nafarroa da, ehunekotan, euskaldun gutxien duen errealitate administratiboa (% 14,1). Hala ere, 1991ko datuekin alderatuta, kopuru hori ia bost puntutan (4,6) hazi da, 1991ko % 9,5etik 2021eko % 14,1era, hain zuzen ere. Nafarroako hizkuntza eremuetako datuak askotarikoak dira. Eremu euskaldunean, adibidez, biztanleriaren ia bi heren (% 62,3) euskalduna da, baina eremu ez-euskaldunean euskaldunen kopurua % 1,6koa baino ez da eta, euskaldun hartzaileekin batera, ez dira % 10era iristen.

Ipar Euskal Herrian, ostera, kontrako fenomenoa eman da. Une honetan, euskaldunon kopurua, ehunekotan, Nafarroakoa baino altuagoa izan arren, bilakaera negatiboa da. Horrela, euskaldunen kopurua 1991eko 24,7tik egungo 20,1era jaitsi da eta euskaldun hartzaileena, berriz, % 11,9tik % 9,4ra. Ipar Euskal Herrian ere alde handiak daude eskualdeen artean. Horrela, biztanle gehien biltzen dituen Baiona-Angelu-Miarritze metropolian euskaldunen kopurua % 8,4ra mugatzen den bitartean, askoz biztanleria txikiagoa duten Zuberoan eta Nafarroa Beherean kopuru hori % 47,5eraino igotzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoan datuak nabarmen hobeak dira. Azken hiru hamarkadetan euskaldunon kopurua 12,1 puntutan hazi da, hots, 260.000 pertsona ingurutan. Hala ere, hiru lurralde historikoen artean alde handiak daudela azpimarratu behar da. Adibidez, Gipuzkoako biztanleriaren erdia baino gehiago (% 51,8) euskalduna den bitartean, Bizkaian eta Araban ehuneko horiek apalagoak dira, % 30,6 eta % 22,4 hurrenez hurren. Euskaldun hartzaileen kopurua, berriz, baxuagoa da Gipuzkoan (% 17,7) Bizkaian (% 19) eta Araban (% 18,8) baino.

Euskararen transmisioa

Euskararen biziraupena ziurtatzeko biderik naturalena eta eraginkorrena familia bidezko transmisioa da. VII. Inkesta Soziolinguistikoak atal honetan eman dituen datuak ez dira onak. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, beste ataletan bezala datuak hobeak izan arren, gazteen artean gero eta gehiago dira gurasoengandik euskara erdararekin batera jasotzen dutenak. Transmisioaren kasuan, guraso biak euskaldunak izateak edo ez eragin handia du. EAEn guraso biak euskaldunak izanik, seme-alaben % 85,5ek euskara soilik jaso du etxean, % 7,8k euskara eta erdara eta % 6,7k ez du euskararik jaso. Adinean behera egin ahala, handiagoa da etxean euskara jaso dutenen ehunekoa. 

Nafarroan, familia bidezko euskararen transmisioak gora egin du, bai bikote euskaldunetan, baita bikote mistoetan ere. Guraso biak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza euskara denean, seme-alaben % 98k euskara soilik jaso du etxean eta % 2k euskara eta erdara. Ama edo aita soilik euskalduna den kasuan amen % 49,9k transmititzen du euskara eta erdara eta aiten % 41,7k euskara eta erdara.

Ipar Euskal Herriaren kasuan, berriz, guraso biak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza euskara denean, seme-alaben % 63k euskara soilik jaso du etxean eta % 16k euskara eta erdara.

Euskararen erabilera

Hasieran aipatu den bezala, euskarak duen arazo handienetako bat ezagutza eta erabileraren artean den arrakala da. Ezagutzaren kasuan, hiru errealitate administratiboetan 2021. urtean jasotako datuen arabera ezagutza % 23,46koa bada, erabilera % 12,2 ingurukoa da. Erabileraren kasuan bi mota bereizten ditu inkestak: euskara erdara bezainbeste edo gehiago erabiltzen dutenak (% 12,16 Euskal Herria osoan) eta euskara erdara baino gutxiago edo gutxitan erabiltzen dutenak (% 12,36).

Euskara hizkuntza gaztea dela azpimarratu behar da. Azken 30 urteetan euskal hiztunaren profila nabarmen gaztetu da. Gaur egun euskaldun gehienak 16-24 urte bitarteko gazteak dira

Kasu honetan ere, espero zitekeen bezala, alde handiak daude hiru errealitate administratiboen artean eta baita errealitate bakoitzaren barruan ere. Euskadiren kasuan, euskara erdara bezainbeste edo gehiago erabiltzen dutenak % 22 dira. Euskara erdara baino gutxiago edo gutxitan erabiltzen dutenak, berriz, % 17,2.

Nafarroan, berriz, euskara erdara bezainbeste edo gehiago erabiltzen dutenak % 6,8 dira eta euskara erdara baino gutxiago edo gutxitan erabiltzen dutenak, berriz, % 5,5.

Ipar Euskal Herrian, euskara erdara bezainbeste edo gehiago erabiltzen dutenak % 7,7 dira eta euskara erdara baino gutxiago edo gutxitan erabiltzen dutenak, berriz, % 14,4.

Ezagutzarekin gertatu den bezala, kasu honetan ere alde handiak aurki daitezke errealitate administratibo bakoitzaren barruan. Euskadiren kasuan, Gipuzkoa da erabilerarik altuena duen lurralde historikoa (% 40,8k euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago hitz egiten du). Kasu honetan, Gipuzkoa oasi antzeko bat da, Errenteria, Irun, Pasaia eta Donostia izan ezik beste udalerri guztiak hirugarren edo laugarren gune soziolinguistikoetan aurkitzen dira, hots, bertako biztanleen erdia baino gehiago euskalduna da. Aipatu lau udalerri horiek, gainera, bigarren gunearen goiko aldean aurkitzen dira, hau da, bertako biztanleriaren ia erdia euskalduna da.

Zoritxarrez, Bizkaian eta Araban egoera guztiz bestelakoa da eta euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago hitz egiten dutenen kopurua, % 14,5 eta % 7,8 baino ez da, hurrenez hurren.

Ipar Euskal Herriaren kasuan, euskararen erabilera, nagusiki Zuberoan eta Nafarroa Beherean biltzen da (% 52,1 erabilera-maila ezberdinak batuz). Baiona-Anglet-Miarritze (BAM) metropolian erabilera ez da % 10era iristen eta Lapurdin (BAM gabe) erabilera % 23,6koa litzateke. Aipatu kopuru horietan, euskaldun gehienek erdara erabiltzen dute euskara baino.

Nafarroan ere alde handiak daude hiru hizkuntza eremuen artean. Espero zitekeen bezala, erabilera, ia bere osotasunean, eremu euskaldunean biltzen da. Bertako biztanleen erdiak baino gehiagok erabiltzen du euskara erdara bezainbeste edo gehiago. Beste bi eremuetan, berriz, euskararen erabilera oso urria da.

Erabileraren bilakaera

Azken urteetan euskararen erabilerak izan duen bilakaerari dagokionez, Ipar Euskal Herriko datuak kezkagarriak dira, ezagutzarekin gertatu den moduan, erabilerak ere behera egin baitu. 2001. urtean bildutako datuekin alderatuta erabilera 3,6 puntutan jaitsi da, 21,7tik 18,1era, hain zuzen ere.

Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, erabilerak gora egin du. Nafarroaren kasuan, eta 1991. urteko datuekin alderatuta, erabilera 9,1etik 12,3ra igo da. Euskadin, berriz, epe berean, erabilera  % 15,5etik % 21,9ra pasatu da, hots, 6,4 puntuko igoera egon da. Gaur egun 1991an baino 141.700 pertsona gehiagok erabiltzen du euskara erdara bezainbeste edo gehiago Euskadin. Euskararen erabileraren igoera EAEko hiru lurraldeetan eta hiru hiriburuetan gertatu da.

Euskararen sustapenari buruzko jarrera

Inkestan jorratu den azken puntua euskararen sustapenari buruz euskal herritarrok dugun jarreraren ingurukoa izan da. Kasu honetan ere, bildutako emaitzak askotarikoak dira. Adibidez, Nafarroan gehiago dira aurkako jarrera dutenak aldeko jarrera dutenak baino (% 37 eta % 30, hurrenez hurren). Baina azken hiru hamarkadetan aldeko jarrera dutenen ehunekoa 14 puntutan jaitsi da eta aldeko jarrera dutenena, berriz, ia hamar puntutan hazi da.

Ipar Euskal Herrian, berriz, euskara sustatzearen aldekoak % 36,3 dira (2011an baino 2,2 puntu gutxiago) eta aurkakoak, berriz, % 14,5 (2011an baino 6,8 puntu gutxiago). Ipar Euskal herriko biztanleriaren ia erdiak (% 49,2) ‘ez alde ez aurka’ aukerara jo du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, 16 urtetik gorako biztanleriaren bi heren baino gehiago (% 67) euskararen erabilera sustatzearen alde azaldu da. 1991an jasotako datuekin alderatuta aldeko jarrera hori dutenen kopurua 12 puntutan hazi da. Euskara sustatzearen aurka azaltzen direnen kopurua, berriz, erdira jaitsi da 1991. urteaz geroztik (% 14 1991an eta % 6,8 2021ean).