Hildakoen artean paseatzen

Gure kulturan ohikoa izaten da azaroaren batean, Santu Guztien egunean, hilerrietara joatea gure hildakoak bisitatzera. Dena den, hainbat hilerrik bisitari gehiago jasotzen dituzte, eta ez bakarrik aipatu egun horretan. Izan ere, azken urteetan modan jarri da hilerriak bisitatzea turismo gisa. Hilerriak bisitatzeko arrazoiak desberdinak dira: bertan den arkitektura eta ondarea, pertsonaje ospetsuen hilobiak ikustea… Parisko Le Pere-Lachaise hilerria adibidez, amodioaren hirian gehien bisitatzen den laugarren tokia da, Eiffel Dorrea, Notre Dame eta Pompidou Zentroaren atzetik.

Hilobiak bisitatzearen kontua ez da gauza berria. Aspaldidanik erromatar katakonbak turistak erakartzeko erabiliak izan dira, baina badirudi oraingoan, gauza serioagoa dela. Horrela, Europako ia 100 hilerri erakunde batean elkartu dira (Europako Hilerri Esanguratsuen Elkartea) hilerriak turismo leku gisa sustatzeko.

Munduko hilerri erakargarrienak

Jende askorentzat hilerriak bisitatzea ez da sekulako plana, baina munduan badira bisita bat merezi duten zenbait hilerri. Hilerrietan hiri bakoitzaren historia zati bat gordetzen da. Jarraian, munduan diren hilerri bitxi eta erakargarri batzuk zerrendatzen dizkizuegu:

  • Pragako hilerria: Zalantzarik gabe Txekiar Errepublikako hiriburua Europan den hiririk erakargarrienetako bat da. Hiriko auzo judutarrean den hilerria bisita bat merezi duen lekua da. Tamainaz nahiko txikia izan arren, 1439 eta 1787 bitartean 30 mila judu baino gehiago lurperatu zituzten bertan. Gaur egun, hilarriak bata bestearen gainean pilatzen dira, bakoitza bere espazio bitalaren bila egongo balitz bezala.
  • Erromako hilerria: Erroman bada poeten hilerria izenarekin ezagutzen den hilerri bat. Bertan, besteak beste, XVIII. mendeko poeta britaniar eta aleman ezagunenen hilobiak aurki daitezke. Horien artean, aipagarriak dira: John Keats, Joseph Severn, edota Percy Bysse Shelley.
  • Parisko hilerria: Zalantzarik gabe munduan den hilerririk ospetsuena, eta seguruenik, handiena. Bertatik hiri osoaren ikuspegi ezin hobea dago, eta gainera, hainbat pertsonaia esanguratsu daude bertan lurperatuta: Oscar Wilde, Gertrude Stein, La Fontaine, Moliere, Balzac, Delacroix, Corot, Edith Piaf, Rossini, Chopin… Zerrendan azaltzen direnak pertsona handiak izan arren, bisita gehien jasotzen dituen hilobia The Doors taldeko abeslaria zen Jim Morrisonena da. Morrison berak hilerri hau bisitatu zuen hil baino astebete lehenago, eta hilerri honen edertasunaz liluratuta bertan lurperatua izatea nahi zuela adierazi zuen.
  • Erromatar katakonbak: Erroman hainbat katakonba daude, baina ezagunenak Santa Domilita, Santa Priscila, San Calixto eta San Sebastianokoak dira.
  • Londreseko hilerria: Hiri honetako hilerririk ospetsuena hiriaren iparraldean aurkitzen da. Hilerria bera bi zatitan banatuta dago: mendebaldea eta ekialdea. Mendebaldeko partea, hilerria baino museo bat dirudi. Bertan, hainbat pertsona ospetsu lurperatuta daude, eta hilobi desberdinek edertasunean lehiatzen dute. Sektore honetan, adibidez, Michael Faraday zientzialari ospetsua lurperatuta dago. Ekialdeko sektorean berriz, beste hainbat pertsona ospetsu daude betirako lo egiten: Karl Marx, George Elliot, William Foyle, William Greene…
  • New Yorkeko hilerria: Broadway Avenuen, Wall Street parean, eliza gotiko txiki bat aurkitzen da. Eliza hau lehen eliza Episkopala izan zen eta 1697an eraikia izan zen William Kidd pirataren dirulaguntzari esker.Eliza honen alboan, bada hilerri txiki bat. Bertan, lurrin makinaren asmatzailea den William Bradford edota Francis Smithen hilobiak ikus daitezke.
  • Río de la Platako hilerria: Río de la Platan den Martín García uhartean hilerri misteriotsu bat dago. Antza denez, epidemia baten ondorioz hil zen jende andana dela eta, hilerri honetan diren hilobi guztietako gurutzeetako beso bat okertuta dago.