Unibertsitate-ikasleak lanbiderik zaharrenean

Unibertsitate tasa berriei aurre egin ahal izateko edota bizitza maila altua eraman ahal izateko sartzen omen dira lanbide honetan

Prostituzioa munduko lanbiderik zaharrena dela esan ohi da beti eta, berriki Charo Roquerok argitaratu duen ‘Historia de la prostitución en Euskal Herria’ liburuan azaltzen den moduan, hau ez da gauza ezazaguna gure artean.

Prostituziora egiten den edozein gerturatze tentu handiz egin beharrekoa da. Izan ere, lanbide honen inguruan den edozein azterlan edo ikerketatik ondorioztatzen diren kopuru guztiak erlatibotzat edota estimaziotzat jo behar dira. Arrazoia garbia da; prostituzioa agerian burutzen ez den lanbidea da eta estigmatizazio eta alegaltasunaren artean mugitzen da oraindik ere.

Prostituzioaren barruan, gainera, klase desberdinak ere bereiztu beharko lirateke. Nagusiki emakumezkoen lanbidea bada ere, badira negozio honetan lan egiten duten hainbat gizon eta, batez ere, transexual. Bestalde, eta kontrakoa pentsa badaiteke ere, prostituzioan aritzen diren emakume gehienek bolondreski egiten dute lan; hori da behintzat, prostitutekin lan egiten duten Donostiako Aukera programako kideek azaldu digutena. Gainera, azken urteetan bizi izan dugun krisi ekonomikoak hainbat emakume bultzatu ditu prostituziora; ez bakarrik ikasleak, baita etxekoandreak ere.

Horietatik guztietatik (ezinezkoa litzateke prostituzioaren heterogeneotasun osoan murgiltzea) unibertsitate ikasketak burutzen eta, era berean, prostituzioan aritzen diren gazteen kasua interesatu zaigu gehien. Hemen ere, datu falta da nagusi, baina, Informazio eta Komunikazio Teknologia berriez baliatuta, gero eta gehiago omen dira prostituzioan aritzen diren unibertsitate ikasleak.

Ikasle eta prostituta
Gure artean diren egunkari desberdinetan sexu-zerbitzuak eskaintzen dituzten unibertsitateko ikasleen hainbat iragarki aurki ditzakegu inolako arazorik gabe. Baina adi! Iragarkia jarri duen pertsonak ez du zertan gaztea eta ikaslea izan behar. Jakin ahal izan dugun moduan, sarritan, unibertsitari adjektiboa erakargarritzat erabiltzen da emakume gazte eta formakuntza handikoa izango delakoan. Kasu honetan ere, zenbakiek ez dute errealitatea islatzen.

Hala ere, Asociación de Profesionales del Sexo (Aprosex) erakundeak adierazten duenez, gero eta gehiago dira prostituziora jotzen duten unibertsitate ikasleak. Hau, Europa osoan ematen ari den fenomenoa da eta baita gure ingurunean ere. Bi dira erabaki hau hartzeko arrazoi nagusiak. Alde batetik, azken urteetan izan diren unibertsitate tasen igoerak baliabide ekonomiko berriak bilatzera bultzatu ditu hainbat ikasle (zenbait kasutan 1.000€ baino gehiagoko igoera eman da). Ingalaterrako Kingston Unibertsitateak, adibidez, unibertsitate-tasa berriak ordaindu ahal izateko bere ikasleriaren % 6ak prostituzioara jo duela adierazi berri du. Frantzian, berriz, ikasleen sindikatuak 40.000 unibertsitate ikasle inguru noizbait prostituzioan aritu dela azaldu du.

Bestetik, negozio honetan mugitzen diren diru kopuru handiek ahalbidetzen duten bizitza kalitate handia ere erakargarri egiten zaie beste hainbatei. Izan ere, prostituzioan aritzen den unibertsitate-ikasle batek aise lor ei dezake 2.000 euro inguru hilero. Kontutan hartu behar da Bolonia plana ezarri denetik klasera bertaratzea funtsezkoa bilakatu dela eta horrek ordutegi finkoak dituzten, eta unibertsitarien artean hain ohikoak ziren, bestelako lanetan aritzea zailtzen duela. Aipatu den kopurua poltsikoratuz, garbi dago ikasketak ordaintzeko eta askoz gehiagorako ere ematen duela.

Ez da dena urre kolorekoa
Irabaz daitekeen diru kopuru handia amu erakargarria izan daiteke ekonomikoki larri dabilen edota bizitza maila altua eraman nahi duen edozein ikaslerentzat. Baina prostituzioak badu alde oso ilun bat: etorkizuna.

Hainbat adituk adierazten duenez, belaunaldi berriak ‘ahalik eta ahalegin txikienaren kulturan’ hezi dira. Javier Elzo soziologoak, ‘Nahi dut, nahi dudalako’ leloa erabiltzen du joera hau azaltzeko eta aurreko ‘Nahi dut, behar dudalako’ joerarekin alderatzen du. Kasu honetan, diruaren beharrak edo grinak bultzatzen ditu hainbat gazte ezezagunekin sexu-harremanak izatera. Adin hauetan diru kopuru handien jabe izateak hainbat gazteen burutan diren desiorik hutsalenak betetzeko aukera ematen du: markako arropa garestia erostea, azken belaunaldiko sakelako telefonoak… Baina honek guztiak menpekotasuna sortzen du. Psikologoen esanetan, bizitza maila altura ohitzen diren pertsonei zaila egiten zaie kapritxo material horiei guztiei uko egitea. Ondorioz, hasieran epe motzerako lanbidea izan behar zuen hori denboran luzatzen da eta gero eta zailagoa da bertatik ateratzea.

Gezurrak eta bizitza bikoitza
Prostituzioan aritzen diren profesionalekin aritzen diren psikologo desberdinek adierazten dutenez, bere burua bizitza modu eta lanbide horretan harrapatuta aurkitzen duten hainbat prostitutek laguntza psikologikoa behar izaten dute. Aditu hauen esanetan, lanbide honetan hainbat urtez aritu diren emakumeak ‘hutsik’ sentitzen dira eta, gainera, sarritan hedonismo eta droga arazoak ere izaten dituzte. Horrela, nekez aurki daiteke prostituzioan aritu eta bere lanbideaz harro dagoen norbait.

Gezurra da nagusi prostituzioan aritzen den edozein pertsonaren bizitzan” adierazi digu bere zerbitzuak egunkari batean iragartzen dituen unibertsitate ikasle batek. “Bizitza bikoitza eraman behar duzu; inork ez du publikoki esaten prostituta dela eta, are gutxiago, unibertsitatea amaitu ondoren ibilbide profesional oparoa izan nahi baduzu” azaltzen du gazte honek. Familia edota lagunak honen berri izatea da prostituzioan aritzen diren ikasleek duten mehatxurik nagusienetako bat.

Ondorio psikologikoak
Diru kopurua handiak lortzeko gazte izatea funtsezkoa da prostituzioan aritzen diren emakumeentzat. Hogeitahamar urtetik gorako emakumeentzat zailagoa omen da kopuru esanguratsuak lortzea eta, une batean edo bestean, lanbide honetan jarraitzeak merezi ote duen galdetzen diote prostituta gehienek bere buruari. Askok bide hau uztea lortzen dute eta bizitza ‘normalizatu’ bat egitea lortzen dute. Beste batzuk, ordea, arazo gehiago dituzte.

Damua izaten da emakume hauek izaten duten mamuetako bat. Zaila da edonorentzat, eta are gehiago prostituzioan aritu den norbaitentzat, atzera begiratzea eta egin duzun guztia merezi izan ez duela ohartzea. Prostitutekin lan egiten duten psikologoek erru eta lotsa sentimenduak, autoestimu bajua, depresioak, antsietate desorekak eta droga eta alkohol arazoak aipatzen dituzte prostitutek izaten dituzten arazo psikologikoen inguruan galdetzean. Arazo hauek guztiak sekretuko bizitza bikoitza bat eraman behar izatearekin areagotzen dira. Izan ere, prostituzioaren kasuan, epe motzeko onurak kalteak izaten ditu epe luzean.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.