Hizkuntza aniztasuna desagertzear Europan
DESGERTZEKO ARRISKUAN DIREN EUROPAKO HIZKUNTZAK. 1. Ter-eko Samiera. 2. Gottscheerisch. 3. Karaim. 4. Piteko Samiera. 5. Umeko Samiera. 6. Votearra 7. Gagauzera. 8. Töitschuera. 9. Kapadoziarra. 10. Tsakoniarra. 11. Kornubiera. 12. Manxera. 13. Livoniera. 14. Champenoisera 15. Skolt. 16. Istro-Errumaniera. 17. Gardiol. 18. Inariko Samiera. 19. Hegoaldeko Samiera. 20. Kildineko Samiera. 21. Saterlandicera. 22. Guernsey frantzesa. 23. Frantziako Jersey. 24. Kroaziar Molisera. 25. Franc-Contois. 26. Iparraldeko Frisiera. 27. Lorendarra. 28. Borgoinera. 29. Bretoiera. 30. Gallo. 31. Limousinera. 32. Picard. 33. Auvergnat.

Europar Batasunaren xedea eleaniztasuna izan arren, Europako 33 hizkuntza desagertzeko arriskuan daude

Europar Batasunaren helburua bertako hiritar bakoitzak, bere ama hizkuntzaz gain, beste bi hizkuntza menperatzea omen da. Eleaniztasunaren aldeko apustu hori, hala ere, utopiatzat jo daiteke egun ematen diren datuak ikusita edo Europan diren hainbat hizkuntzen etorkizuna kinka larrian dagoela ikusita. Izan ere, UNESCOk pasa den urtearen amaieran ezagutzera eman zuen txosten baten arabera, Europako 33 hizkuntza desagertzeko arriskuan daude eta, horietatik, 13 oso egoera larrian aurkitzen dira.

Christopher Moseleyk zuzendu duen ikerketa honen baitan, Letoniako Dundaga eskualdean hitz egiten den Livoniera da desagertzeko arrisku gehien duen europar hizkuntza. Hori ez da soilik Europari dagokion arazoa, izan ere, erakunde beraren esanetan, gaur egun, mundu mailan bizirik diren 6.000 hizkuntzetatik, erdia baino gehiago desagertuko dira mende hau amaitu baino lehen.

Hizkuntza bat desagertzear dela esaten da horren hiztun komunitatea desagertzen denean edota, komunitate horrek hizkuntza hori erabiltzeari uzten dionean nagusi den beste hizkuntza bat erabiltzeko. Hizkuntzak desagertzearen fenomenoa ez da berria eta, adituen ustetan, ehunka hizkuntza desagertu dira azken mendeetan, Europan zein bestelako kontinenteetan.

Faktoreak

Faktore horiek guztiak aintzat hartuta, Europan den hizkuntza-aniztasun aberatsa krisian dagoela baiezta daiteke. Europan 100 hizkuntza inguru daude baina horietatik, soilik, % 25 inguru ofizialak dira Europar Batasunean: Alemana, Bulgariera, Daniera, Eslovakiera, Esloveniera, Gaztelania, Ingelesa, Errumaniera, Estoniera, Finlandiera, Frantsesa, Greziera, Hungariera, Irlandera, Italiera, Kroaziera, Letoniera, Lituaniera, Maltera, Nederlandera, Poloniera, Portugesa, Suediera eta Txekiera.

Hizkuntza horien izaera ofiziala EBko Estatu kide bateko hizkuntza ofiziala izateagatik dator, eta ez hizkuntza horiek duten hiztun kopuruagatik. Adibidez, Malterak 400.000 hiztun baino gutxiago ditu eta, Katalanak, esate baterako, hamar milioitik gora. Europan hiztun kopuru esanguratsuak izanik ofiazialtzat hartzen ez diren hizkuntzen artean aurki daitezke: Bretoiera (250.000 hiztun), Eskoziera (1.500.000), Euskara (700.000), Frisiera (400.000), Galesa (750.000), Galiziera (3.000.000), Katalana (11.500.000), Korsikera (400.000), Okzitaniera (600.000) edota Sardiniera (2.500.000).

Etorkizuna teknologiaren esku?

Esan bezala, adituen ustetan, datozen hamarkadetan hainbat hizkuntzen desagerpenaren lekuko izateko aukera izango dugu. Ikuspegi positiboagoa duten beste zenbait adituentzat, aldiz, hizkuntzen etorkizuna teknologia berrien eta Interneten esku izan daiteke. Izan ere, zenbait hizkuntzalarien ustetan, gizarte sareen erabilerak arriskuan diren zenbait hizkuntza berpizten lagun dezake. Zentzu horretan, 2012. urtean egindako ikerketa baten arabera, Bulgariera, Greziera, Hungariera, Islandiera, Lituaniera, Letoniera, Maltera edo Poloniera bezalako hizkuntzak digitalki desagertzeko arriskua dute, batez ere, babes teknologiko faltaren ondorioz. Beraz, bizirik irauteko arazoak ez dira soilik ofizialak ez diren hizkuntzentzat.

Googlek berak arriskuan diren milaka hizkuntzen aldeko kanpaina jarri du abian: www.endangeredlanguages.com. Webgune horretan, arriskuan diren milaka hizkuntzen inguruko informazioa aurki daiteke.

Itxaropenerako beste adibide bat: GoEuro bidaia-agentzia hizkuntzan oinarritutako turismo etikoa garatzen ari da. Bertan, bere ama-hizkuntza arriskuan duten komunitateak bisitatzeko bidaiak antolatzen dira. Bere xedea, turismoaren bidez eskualde horietako ekonomia sustatzea eta bertako biztanleei bere ohitura eta tradizioak mantentzeko aukera ematea da.

SHARE

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.