Euskadiko gazteek bere soldataren %50a baino gehiago bideratu beharko lukete emantzipatu ahal izateko

Emantzipazio adierazleetan aditua den Joffre López Oller-ek, Gazteen Euskal Behatokiaren aginduz, burututako emantzipazioaren inguruko azterlanaren ondorioak pasa den urtearen amaieran aurkeztu zituen Gazteria eta Kirol zuzendaria den Jon Redondok. Aipatu ikerketa honetan, 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunei bere kabuz etxebizitza libre bat jabetzan zein alokairuan eskuratzeak zein nolako kostua suposatuko litzaiekeen azaltzen da 10 adierazle sintetikoen bidez. Adierazleok sortzeko erlazioan jartzen dira gazteen batez besteko soldata garbiak eta salerositako etxebizitza libreen eskriturazio-prezioak edo alokairu-errentak. 2007 eta 2013 arteko aldirako kalkulatu dira, hau da, krisiaren aurreko oparoaldi ekonomikoko urteetatik orain arte, eta Euskadi osorako azaldu ez ezik, lurralde, sexu eta adin taldeen arabera ere aurkezten dira.

Ikerketa honen arabera, etxebizitza librea eskuratzeak, jabetzan zein alokairuan, hileko soldata garbiaren % 40 baino gehiagoko kostua dakarkio gazte soldatadun bati eta, beraz, bere kabuz emantzipatzen direnek gehiegizko ahalegin ekonomikoa jasan behar dute.

2007-2013 epealdian, etxebizitza bat erosteko egin beharreko ahalegin ekonomikoa arindu da eta gehiago nabaritu izan da erosteko kostuan alokatzekoan baino, salmenta prezioak alokairu-errentak baino gehiago jaitsi baitira. Hala ere, eskuratze kostuaren beherapen hori ez da nahikoa izan soldatadun gazte gehienak bakarka emantzipatu ahal izateko.
Emakumeek eta 25 urtez azpiko gazteek dituzte etxebizitza merkatu librean eskuratzeko kosturik altuenak, beraien soldatak baxuagoak izaten baitira.

Oso nabarmenak dira, bestalde, lurralde historikoen arteko aldeak. Etxebizitza librea, jabetzan zein alokairuan, eskuratzeko kostuak Gipuzkoako lurraldean dira altuen; etxebizitza garestiagoa baita Gipuzkoan. Arabak, aldiz, kostu baxuenak ditu.

Estatuaren batez bestekoaren aldean, eskuratze-kostuak handiagoak dira Euskadin, jabetzari zein alokairuari begira.
Hala ere, emantzipazio-tasak antzekoak dira Euskadin eta Espainian. Nola azaldu daiteke hori? Alde batetik, gazte gehienak ez direlako bakarrik emantzipatzen, bikotekidearekin edota lagunekin edo ikaskideekin baizik eta horrela gastuak partekatzen dituzte. Bestalde, etxebizitza babestua hedatuago dagoelako gure erkidegoan Espainiako gainontzeko lurraldeetan baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.