Harreman guztiak ez dira arrosa kolorekoak

Amodio istorio guztiak gaizki amaitzen direla esaten du batek baino gehiagok. Harreman bat ondo ez dabilenean egokiena harremana moztea izaten ohi da, gauzak okerreruntz jo ez dezaten, baina normalean, hau zaila izaten da

Zenbaitetan, pertsona batekin denbora batez izan ondoren eta pertsona horretara ohitu ostean, zaila izan daiteke zehaztea benetan pertsona hori maite den ala ez, eta zalantzak agertuz gero, are eta zailagoa da harremanari amaiera ematea.

Norbanakoak soilik jakin dezake zer sentipen dituen, baina badira zenbait puntu aintzat hartu beharrekoak eta lagungarriak izan daitezkeenak harremana eteteko. Bikotekidearekin amaitzeak etapa berri bat hastea suposatzen du eta horrek beldurra sortzen du, baina María Jesús Álavak ‘Sufritu gabe maitatu’ liburuan argi adierazten du bikotekidearekin jarratzea merezi duela bakarrik harreman horretan batik bat zoriontasuna, ziurtasuna eta oreka sentitu direnean. Zalantzak badaude, hobe da behinik behin amaitzea bestela bi bikotekideek sufritzen jarraituko baitute.

Gauzak horrela, zure bikotekideak zure gustuetan eragina izan badu eta bere zaletasunak elkarbanatu behar badituzu, hobe da bikotekidea utz dezazula, bikotekideak onartu behar baititu bestearen nahiak.

‘Bikotea’ hitzak adierazten duen moduan, bi pertsonen arteko harremana da, beraz, biek oreka batean eman eta jaso behar dute. Desberdintasun nabariak agertzen badira, bat nazkatuko da egoera horretaz eta gutxi jasotzen duenak bikotekideari aurpegira diezaioke.

Era berean, aintzat hartu beharrekoa da pertsona orok bertuteak eta gabeziak ditugula eta pertsonek ia ez dutela nortasunez aldatzen. Hain zuzen, bestea nolakoa den onartu behar da eta haren gauzetara moldatu eta bikotekideak ere zure bertute eta gabezietara moldatu behar du. Bikotekidearen gabeziak ezin badituzu sostengatu, hobe harremana uztea besteak ez baitu nortasunez aldatuko.

Giza harremanak

Bikotekideak zure beste giza harremanekin bat etorri behar du hein batean edo bestela arazoak ager daitezke. Oro har, bikotekidea zure familiakoek edota lagunek ez badute gogoko, arrazoi batengatik izango da eta hobe hauen aholkuei adi egotea haiek zoriona opa dizuetelako. Halaber, bikotekidea izateagatik ezin dira beste giza harremanak bertan behera utzi. Gomendagarria da denbora bikotekidea, familia eta lagunen artean banatzea. Kontutan hartu, familiakoek eta lagun minak ia betirako direla eta bikotearen iraupena, misterio hutsa dela.

Sexuari dagokionez, honek ere badu bere garrantzia bikote harreman batean. Monotoniak harremana lerma dezake, horregatik pasioa itzaltzea ekidin behar da leku desberdinetan eta ordu desberdinetan harremanak izatea frogatuz, joko desberdinak erabiliz edota berrikuntzak eta fantasiak asmatuz.

Hori bai, agian bikotekidea uzteko unea izan daiteke ez baduzu sexu erakarpenik sentitzen edo ez baduzu iraganean bezain ondo igarotzen. Hala ere, bikote batzuetan sexua bikote harremanak amaitzearen erruduna da bien arteko komunikazioa egon ez delako. Komunikazioak funtsezko papera betetzen du bestearen gustuak jakiteko. Komunikazio barik, sexu harremanak bakoitzak suposatzen dituen modukoak dira, betikoak izango dira eta ez dugu jakingo besteak plazerra sentitzen duen ala ez.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.