“Gure eta diasporaren arteko harremana sistematizatu beharko genuke”

Imanol Galdos. Donostia Kultura

Nola definituko zenuke euskal diaspora? Diaspora bakarra eta homogeneoa al da?

Diaspora anitzak daude. Diaspora terminoak berak konnotazio jakin bat du eta jatorria judutarrek bere herritik alde egin behar izan zuten garaian kokatzen da. Gurean ere, herritarrek arrazoi desberdinak direla eta (politikoak, ekonomikoak…), baina kasu gehienetan halabeharrez, ama-lurretik alde egin behar izan dute. Ezin da diaspora bakarraz hitz egin. Gure imajinarioan, nagusiki, Hego Ameriketako diaspora azaltzen da. Horiek diaspora historikoak ditugu eta kopuru aldetik ere nagusi direnak. Azken urteetan Estatu Batuetako diasporak, Boisek bereziki, gailentasuna hartu du, nahiz eta kopuruz hain handia ez izan. Geografikoki banaketa bat egingo bagenu, hirugarren gune garrantzitsu bat Europan bertan aurkituko genuke. Gerra Zibila dela eta euskaldun askok alde egin behar izan zuten eta, azken urteetan, Erasmus dela eta, fenomeno berri bat ikusten ari gara. Asko dira bere burua trebatzeko atzerrira joaten diren gazteak eta horrek, nolabait, diaspora atenporal bat ere sortu du, hau da, ez da betirako edo iraunkorki ateratzen den jendea. Errealitate horien guztien aurrean azterketek ere desberdinak izan beharko lukete.

Uda Ikastaroetan diasporaren inguruan zuzendu duzun ikastaroaren helburuetako bat oraintxe aipatu duzun diaspora paradigma berriaren inguruan hausnarketa bat egitea izan da. Zer dela eta hausnarketa horren beharra?

Beharra inoiz baino handiagoa dela uste dut. Diasporaren inguruan ikuspegi zabala izan beharko genuke eta, gaur egun, inoiz baino gehiago, euskaldunoi soilik ez dagokigun fenomenoa dela ikus daiteke. Globalizazioren eraginez zabaldu diren bide berriak direla eta migrazio-fluxuak gero eta ugariagoak dira, halabeharrezkoak zein borondatezkoak. Une honetan, ez dut uste diaspora fenomenotik kanpo dagoen herriren bat geratuko den. Adibidez, Idahon badirudi euskaldunak nagusi garela baina komunitate nagusiena, bost mila lagun ingururekin, bosniarra da. Pertsona horiek Balkanetako gerraren ondoren joan ziren hara; ez duela ehun urte. Euskal Herrian bertan ere atzerritar asko ditugu gure artean eta ez bakarrik hegoamerikarrak. Beraz, gure jendea joaten zaigu baina beste batzuk hartzen ditugu.

Paradigma berri baten aurrean gaude. Historikoki herri migratzailea izan gara baina orain ematen diren mugimenduek bestelako arrazoiak dituzte eta horiek aztertu ez ezik, zein nolako eragina izan dezaketen ere aztertu beharko genuke.

Europan zenbait adibide diren arren, euskal diaspora tradizionalki Amerikan egituratu da eta, bereziki, Euskal Etxeen inguruan. Posible litzateke diasporaren funtzioa Euskal Etxe horiek gabe ulertzea?

Ez, inolaz ere. Ezin da euskal diaspora Euskal Etxeetan egin den lana gabe ulertu. Guk identifikatuta dugun euskal diaspora historiko hori, hein handi batean, Euskal Etxeen inguruan egituratu da. Horrek ez du esan nahi atzerrian diren euskaldun guztiak Euskal Etxeetan antolatuta daudenik; ez orain eta ezta iraganean ere. Hori esanda, egia da diaspora bereziki Euskal Etxeen inguruan antolatu dela eta bertan egin den lana ordainezina dela.

Azaldu dudan moduan, orain diaspora eredu berriak sortzen ari dira eta, ondorioz, hainbat euskal herritar ikus ditzakegu munduan zehar baina Euskal Etxerik gabe. Kontuan izan behar da hainbat lekutan ez dela nahiko masa kritiko horrelako zerbait antolatzeko eta beste hainbat lekutan, berriz, Euskal Etxe birtualak sortzen ari dira. Oso fenomeno interesgarria garatzen ari da, halaber, gizarte parametro berriei egokitutako antolaketa berriak garatzen ari dira.

p4714b
Zein izango litzateke euskal diasporak euskal gizarteari egin dion ekarpena?

Ez dut uste galdera horri erantzun bakarra eman ahal zaionik. Azaldu dudan moduan, diaspora profil edo eredu desberdinak dauden heinean, horiek egin duten ekarpena ere desberdina izan da. Unerik zailenetan, adibidez, Hego Amerikako euskal diasporak asko eman zigun, bai laguntza aldetik eta baita maila politikoan ere. Baina bizitzak buelta asko ematen ditu eta horiek une larriak bizi izan dituztenean, ama-lurrak diasporari eskaini dion laguntza ere oso garrantzitsua izan da.

Estatu Batuetako diaspora ere lagun izan dugu harreman ekonomikoak eraiki nahi izan ditugunean. Baina izandako ekarpenak alde batera utzita, nire ustez etorkizunera begiratu beharko genuke eta ekarpen horiek askoz handiagoak izateko baliabideak jarri beharko genituzke. Izan ere, ziurgabetasuna nagusi den garai honetan, diaspora potentzialtasun handia izan dezakeen eragilea da. Gure eta diasporaren arteko harremana sistematizatu beharko litzateke. Hainbat herrialdek harreman hori oso sistematizatuta dute. Adibidez, Armenia gurearen antza handia duen herrialdea da, bai tamainaz zein biztanleriaz eta haiek etekin ikaragarria ateratzen diote bere diasporari. Eta Armenia bezala hor ditugu Irlanda, Kroazia edota Mazedonia ere. Diaspora horiek izugarrizko ekarpena egiten diote ama-lurrari maila desberdinetan; ekonomikoa, politikoa, kulturala… Euskarak, adibidez, hiztun berriak behar ditu. Imajinatu euskarak Argentinan 50 mila hiztun berri lortuko balitu zein nolako ekarpena izango litzatekeen.

Ekarpenen artean ere balore ukiezinak ere aurki ditzakegu.

Sarritan diasporan egin izan den lana izaera kultural edo folkloriko batekin lotu izan da. Orain berriz, aipatu duzun paradigma berri horretan izaera ekonomikoa pisu handiagoa hartzen ari dela dirudi.

Ez dut uste izaera kultural edo folkloriko hori eta izaera ekonomikoa kontrajarriak direnik; uztargarriak direla esango nuke. Nolabait, proiektu bakar baten alde biak izango lirateke. Egia da historikoki diasporan egin izan den lana izaera kulturalagoa izan duela baina horri izaera ekonomiko-instituzionala gehitzen badiogu oso ekarpen integrala lortzeko aukera dago. Gainera, kontuan izan behar dugu euskal diaspora berrian egungo Euskal Herria oso ondo ezagutzen dutela. Diasporan nolabaiteko ardura duten pertsona gehienek duela gutxi Euskadin izateko aukera izan dute; eta hori, adibidez, ezinezkoa zen duela ehun urte. Ezagutza horrek asko laguntzen du gauzak behar den bezala testuinguruan jartzen.

Nola antolatu izan da Euskal Herria eta diasporaren arteko harremana? Erakunde publikoetatik garatu den kontua da ala gizarte zibilak ere parte hartu izan du?

Nagusiki Eusko Jaurlaritza izan da gehien inplikatu den eragile instituzionala. Baina ez da nahikoa. Zentzu horretan, gizarte zibiletik egin den lana ere azpimarratu nahiko nuke. Zalantzarik gabe, asko izan dira diasporarekin modu batean edo bestean inplikatu diren euskal herritarrak. Mikrodiplomazia asko egin da eta horri esker egituratu da gehienbat ama-lurra eta diasporaren arteko harremana. Nire ustez, gainera, hori oso positiboa izan da. Azken finean, ezin da beti dena erakunde publikoen esku utzi eta emaitza hobeak lor daitezke erakundeen eta herritarren lana uztartzen denean.

Atzerrian hainbat urte eman dituztenek, seguruenik, ama-lurrarekiko gero eta lotura ahulagoa izango dute. Nola berma daiteke, belaunaldiak pasatzen diren heinean, diasporan egiten den lana?

Aipatzen duzun fenomeno hori diaspora guztietan ematen da. Zenbat eta belaunaldi gehiago transmisio lana zailagoa egiten da. Baina egia da gaur egun egiten ari den lan zuzenari esker belaunaldi berriek ere Euskal Herriarekiko interesa berean mantentzen dutela. Kontuan izan behar da globalizazioak asko gerturatu gaituela. Distantzia handiak izan arren ez gaude hain urruti eta sarean ere nahi adina informazio aurki daiteke. Gaur egun nagusi diren gizarte parametro horietan oso zaila da loturak guztiz etetea.

Mikrodiplomazia asko egin da eta horri esker egituratu da gehienbat ama-lurra eta diasporaren arteko harremana

Ikastaroan aipatu den moduan gero eta euskaldun gazte gehiago dira bere burua atzerrian trebatzen dutenak. Gehienak bueltatzen diren arren, zein nolako hausnarketa egiten duzu horren inguruan?

Mundu mailan ematen den fenomeno garaikide baten aurrean gaude. Modu naturalean hartu beharko genuke oso aberasgarria eta positiboa delako. Gainera, badirudi geldiezina den fenomeno baten aurrean gaudela. Aukera profesionalak nonahi aurki daitezke eta horien inguruan bizitza proiektuak eraikitzeko aukerak ere. Hori esanda, bada kezkarako hausnarketa bat. Sarritan, badirudi atzerrira joatea arrakastaren sinonimo dela; nolabaiteko mitifikazioa dago. Badirudi kanpokoa beti gurea baino hobea dela eta horrekin kontuz ibili beharko ginateke.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.