Gazteon bizitza-proiektua atzeratzen ari da; guztion ardura da irtenbidea aurkitzea

“Gazteok ez dute interesik”, “gazteei egunerokotasuna ez zaie axola”, “gazteetako askok ez dute ez ikasten ezta lan egiten ere”, “egungo gazteak urte asko egoten dira etxean gurasoen kontura bizitzen”. Zenbatetan entzun behar izan ditugu antzekoak? Are gehiago, bolada batean gaztelaniazko nini hitza bolo-bolo ibili zen gizartean eta hedabideetan. Baina honekin galdera bat etortzen zait burura, zer egiten ari gara egoera hori saihesteko? Gaur egun zuzenean gazteoi eragiten badigu ere, arazoa orokorra da. Denborarekin kolektibo konkretu baten egoera sozio-ekonomiko kaxkarrak gizarteari eragiten baitio.

Beste edozerren aurretik gazteok ikasketak amaitzetik lehen enplegua lortzeraino ditugun zailtasun eta arazoen zergatiak identifikatu behar ditugu. Gazteen Euskal Behatokiak jakinarazitako 2017ko lehen hiruhilekoko datuen arabera, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 18,7koa da, hau da, 24.000 gazte daude langabezian. Honek, hala ere, ez du esan nahi lana duten gainerako gazteen egoera egokia edo nahi duguna denik. Lanean dauden gazteek beste hainbat arazo baitituzte. Adin tarte berdinean, batez besteko soldata hilean 996 eurotako da, azken urteotakoa baino zertxobait altuxeagoa emakume gazteen kasuan izan ezik. Krisiak bereziki kolpatu gaitu emakume gazteok, Ibilbide Moreak txostenean islatu genuen bezala. Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, gaur egun emakume gazteon langabezia-tasa gizonezko gazteena baino altuagoa da, hilean batez beste 266 euro gutxiago kobratzen ditugu eta lanean dauden ia gazte gehienak lanaldi partzialetan ari dira.

Horrek denak eragina du gazteok lortzen ditugun lanen kalitatean. Argi dago langabezia-tasa murrizteko neurriak hartu behar direla administrazioetatik eta horixe eskatzen diegu guk arduradun politikoei bilera edo agerraldietan, baina betiere gazte- eta berdintasun-ikuspegia txertatuz politika horien diseinuan. Zer esan nahi du horrek? Eskainiko diren aukerak duinak eta egokiak izatea, prekarietate gehiago sortu gabe, lanaldi osoko enpleguak eskainiz, lan-osasunari arreta jarriz eta kasu guztietan langile eta enpresaren arteko lan-harremana adieraziz. Izan ere, beken kasuan ez dago inolako harremanik eta, kasu horietan, langilea ez dago langileen-estatutuak babestuta eta ez du honek zehazten dituen eskubide ez betebeharrik.

Belaunaldirik formatuena omen gara. Askotan, esperientzia zein bestelako konpetentziak direla medio, gazte askok aukera gutxi dugu nahiko genukeen lanean aritzeko eta bestelako enpleguak onartu behar ditugu bitartean.

Datu guzti hauek mahai-gainean jarri ondoren argi geratzen da Euskadiko gazteon diru-iturriak eskasak eta ezegonkorrak direla. Ordea, egungo etxebizitza-merkatuaren prezioak ez dira doitu. Burbuila lehertu omen zen, krisi ekonomikoa majo sufritu dugu baina oraindik etxebizitza erosteko edota alokatzeko arazoak topatzen ditugu. Nazioartean alokairura edo etxea erostera pertsona bakoitzak bere diru-iturrien —orokorrean soldata— %30a bideratzea aholkatzen da. Aldiz, Euskadiko 18 eta 24 urte bitarteko gazteok soldataren %92,3a bideratu beharko genuke. Berez, aipatutako gomendioa bete ahal izateko soldatak %112 igo beharko lirateke.

Nola egin dezakegu bizi-proiektu bat aipatutako datu horiek guztiak ikusita? Bizitza-proiektuari forma emateko, enplegu duin bat behar dugu, soldata eta egoera egoki batekin, prekarietaterik gabekoa, egonkortasuna eskainiko diguna, gutxienez etxetik irteteko aukera ematen duena. Pausu horrek estutasuna ekartzeko arriskurik izan gabe.

Ez dugu ahaztu behar egoera honi aurre egiteko gizarte osoa inplikatu behar dela, sinetsi behar dugula gazteak egiten ditugun ekarpenetan, aukerak eman, erreleboari beldurra galdu. Izan ere, EAEko gazteen emantzipazio-tasa batez beste 29,9 urtekoa da eta kontuan hartuta 30 urterekin gazte izateari uzten diogula… Ez gara kontziente bizitza proiektua atzeratzeak gizartean eragin handia izango duela, nagusitzen joango delako eta ez duelako behar beste gazteriarik izango etorkizuneko erronkei behar den erantzuna emateko.

Maialen Olabe
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Presidentea

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.