ORDAINDU LAN EGITEAGATIK. Janaria banatzeko zenbait plataformatan banatzaileek ordaindu behar dute lan egin ahal izateko. Diru horrekin plataforma bera mantentzen eta lan-asegurua ordaintzen ‘laguntzen’ dute.

Autoa partekatzea, oporrak hotel batean igaro beharrean alokairuzko etxe batean pasatzea, bigarren eskuko produktuak erostea, streaming plataformak partekatzea, co-working guneak… horiek guztiak lankidetzazko ekonomiaren adibideak dira. Adituen ustez aurten bertan lankidetzazko ekonomia kontsumitzaileen lehen aukera bilakatuko da, eta horien guztien artean, nagusiki, gazteena.

Lankidetzazko ekonomia edo elkarlaneko ekonomia ekoizpen, banaketa eta kontsumo partekatuan, pertsonen arteko lankidetzan, oinarritzen den sistema sozioekonomikoa da. Besteak beste, jabego partekatua, truke zuzena eta partikularren arteko maileguak barnean hartzen ditu. Hori dugu azalpen teorikoa. Praktikan, mundu guztia bat ez badator ere, BlaBlaCar edo AirBnB ditugu, esaterako, ekonomia-eredu horren adibiderik ezagunenak.

Europar Batasunak ekonomia-eredu horren pisua 2015. urtean 28.000 milioi eurokoa zela azaldu zuen. 2025. urterako ia 600.000 milioi ingurukoa izan daitekeela aurreikusten da. Baina eredu horren indarra edo eragina ikusteko ez dugu epe ertainera itxaron behar. Izan ere, adituen ustez aurten bertan lankidetzazko ekonomia kontsumitzaileen lehen aukera bilaka daiteke eta, horien guztien artean, nagusiki, gazteena.

Adibidez, ProyectoScopioren 2017ko Barometroan jasotako datuen arabera, gazteek jada kontsumo alternatiboari dagozkion ekintzak burutzen dituzte, gehienbat, autoa partekatzea (% 22,6). Ekonomia-eredu hori ez da berria, baina azken urteetan eta, nagusiki, teknologia berrien eraginez, bultzada handia izan du. Azken hamarkadan izan dugun krisi ekonomikoak, gainera, eredu alternatibo merkeagoei zabaldu die bidea.

Gazteen kontsumo-ohiturak aztertuta, bigarren eskuko erosketak gero eta garrantzitsuagoak direla ikus dezakegu (Vibbo, Wallapop). Kasu horretan, gazteek gehienbat arropa (gazteen % 25ak adierazten du bigarren eskuko arropa erosi duela noizbait) eta gailu elektronikoak (gazteen % 12k adierazten du bigarren eskuko ordenagailuren eta telefonoren bat erosi duela noizbait) erosten dituzte.

Lankidetzazko ekonomiak zer esan handiak eman ditu eta, ondorioz, defendatzaile sutsuak ditu eta baita kritika zorrotzak ere. Printzipioz, ekonomia eredu hori ondasun eta zerbitzuen banaketa eraginkorrago bat lortzeko sortu zen. Horrek eragin zuzena du ekoitzi beharreko ondasun kopuruan: zertarako ekoitzi bi aterki bi pertsonek bakarra partekatzen badute? Baina azken urteetan kritika zorrotzak ere jaso ditu. Esan bezala, lankidetzazko ekonomiaren adibiderik ezagunenak webgune edo aplikazio bat dute atzean. Teknologiak bizitza errazten digu eta klik bat eginez nahi dugun hori oso epe laburrean lor dezakegu. Baina horrek prezio bat du eta, sarritan, zerbitzu horietarako lan egiten duten langileek ordaintzen dute. Askoren ustez, zerbitzu horien arrakasta, gizartean den eskaintzan ez ezik, zerbitzu horietan diren lan-baldintzetan ere oinarritzen da. Egia da lankidetzazko ekonomiatzat jotzen diren adibide asko plataformako kapitalismotzat jo beharko liratekeela. Azken finean, ez da gauza bera abuztuan bere etxea AirBnb plataforman jartzen duen norbanakoa edo plataforma berean urte osoan zehar bost pisu jartzen dituena.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.