Genetikoki editatutako haurrak

Pasa den urtearen amaieran zalaparta handia sortu zen He Jiankui txinatar zientzialariak berak genetikoki editatu zituen bi ahizpa biki jaio zirela iragarri zuenean. Nature aldizkari prestigiotsuak argitaratu berri duenez, Denis Rebrikov errusiar zientzialaria Jiankuiren urratsak jarraitzeko prest azaldu da eta genetikoki aldatutako haurrak sortu nahi ditu. Rebrikovek Nature aldizkariari adierazi dionez bere asmoa edizio genetikorako erabili ohi den Crispr-Cas9 tresna boteretsuarekin CCR5 gena aldatzea da. Aldaketa horri esker, adibidez, haurdunaldian zehar umekia HIESaren birusarekin kutsatzea ekidin litzateke. Jiankui ez bezala, Rebrikovek prozesu osoa ikuskatua izatea nahi du eta, horretarako, Errusiako Osasun Ministerioaren baimena ere eskatu du. Baimena lortuko balu, zientzialari errusiarrak genetikoki aldatutako enbrioiekin eta HIESarekin kutsatuta dauden emakumeekin lan egiten hasiko litzateke.

Enbrioien edizio genetikoak polemika handia sortu duen gaia da. Izan ere, pasa den urtean komunitate zientifikoak horrelako esperimentuetarako luzamendu bat ezartzea eskatu zuen, besteak beste, nazioarteko marko etiko bat ezarri arte.

Rebrikovek azaldu duenez, bere asmoa GIB positibo diren emakumeetan aldatutako enbrioiak ezartzea da eta egingo den edizioaren bidez, umekiak kutsatzeko arriskua ezabatuko da. Izan ere, editatu nahi den CCR5 genak GIBari zelulak kutsatzeko aukera ematen dion proteina kodifikatzen du. Rebrikovek azpimarratu duenez, Errusian garatzen ari diren teknika Jiankuirena baino seguruagoa da eta etikoki onargarria izango da.

Naturek jada hainbat zientzialariren erreakzioak jaso ditu eta gehienek giza enbrioiak editatzeko aukera gaitzesten dute. Izan ere, oraindik ez dago garbi horrelako aldaketek zein eragin izan dezaketen ondorengo belaunaldietan. Adituen ustez, horrelako edizioek nahi ez diren mutazioak ere eragin litzakete. CCR5 gena, adibidez, kognizioan eta bizitza itxaropenean ere eragiten du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.