Zero ebola

Ebola birusa pairatzen duten pertsonen erdia hiltzen da. Oso heriotza-tasa altua duen gaixotasuna da eta, zoritxarrez, oso erraz hedatzen den gaitza. Gehiegi. Duela urtebetetik Kongoko Errepublika Demokratikoko ebolaren 10. agerraldiari aurre egiten gabiltza UNICEFen. Urtebete pasatu da eta 1.800 pertsona hil dira herrialdean, berauetatik herena baino gehiago haurrak. Betiere, gizarteko talderik kalteberena eta ahulena izanik, umeek sufritzen dute gehien gaixotasun agerraldiak gertatzen direnean; eta ebolarekin ez da gutxiago izaten.

Prebentzio lan egokia egitea agerraldiak geldiarazteko nahitaezkoa delakoan gaude; hori dela eta, etengabe dihardugu Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ginea, Liberia, Nigeria eta Sierra Leona moduko herrialdeetan ebolaren sintomak zeintzuk diren ezagutzera emanez: sukarra, gorputz osoko mina, botaka gurea… Izan ere, malaria edo dengea moduko beste gaixotasun batzuekin oso erraz nahastu ahal diren sintomak izanik, berebizikoa da herrialde hauetan horrelakorik sentituz gero berehala osasun zentro batera abiatzea, aukera gehiago bermatzen baititu bizirauteko. Informazio hau guztia atez ate edota irrati-sistemen bitartez ere helarazten diogu gizarteari. Horrez gain, gaixotasuna pairatu baina biziraun duten pertsonei formakuntza eskaintzen diegu, ondoren euren komunitateetan informazioa modu egokienean igor dezaten. Oso garrantzitsua da jendeak informazio zehatza izan dezan ebola agerraldien hedapena ekiditeko.

Lan hori guztia aurrera atera eta eraginkorra izan dadin, koordinazioa eta talde-lana da beharrezko. UNICEFek herrialdeetako beste erakunde lokal batzuekin eta nazioartekoekin elkarlanean dihardu, baita herrialdeetako osasun sistema osatzen duten eragileekin ere. Horrela lortzen dugu alde batetik funtsezkoak diren hornigaiak osasun-zentroetan banatzea: ur edangarria, lan egiteko eskularruak, xaboia, desinfektatzeko kloroa… Bestetik, formakuntza eskaintzen da osasun sistemak ahalik eta egoera onenean iraun dezaten eta nahiz eta mediku gutxi egon, gaixoek ahalik eta arretarik onena eta azkarrena jaso dezaten. Hala eta guztiz ere, gobernuz kanpoko erakundeak iritsi ezin garen tokiak ere egon badaude zoritxarrez, borroka armatuak dauden zonaldeak direlako, talde armatuen menpe dauden lekuak direlako eta segurtasuna ziurtatu ezin daitekeelako. Gainera, toki askotara iristea oso garestia da, azpiegituren egoera dela eta; horri ere aurre egin behar diote ebolaren aurka lanean diharduten pertsonen taldeek.

Hain heriotza-tasa altua duen gaixotasuna izanik, ebolak estigma asko sortzen ditu komunitateetan. Kaltetuta dauden pertsonak askotan ezkutatu edo gizartean baztertuta geratzen dira, irainak jasaten dituzte. Eta ezin ditugu ahaztu ebolaren ondorioz guraso, anai-arreba, senide edo lagunak galdu dituzten haurrak, berauengan gaixotasunak sortu duen galera eta hutsuneak epe erdi eta luzera utziko dituen aztarna psikologikoak zaindu eta tratatu egin behar baitira.

Christ-Viek zazpi hilabete ditu eta bere ama duela egun gutxi hil zen ebolaren ondorioz. Haurtxoa ere gaixorik dago. Bere senideren bat bila datorren bitartean, UNICEFek Kivu iparraldean (Kongon) prestatutako espazio batean dago eta Ruth 19 urteko nerabeak elikatzen du. Ruthek ebolari aurre egin zion duela gutxi. Egoera latza. Konplexua. Komunikabideetan maiz entzuten dugun hitza ez den arren, ebola oraindik ere mehatxu bat da haur eta familia askorentzat. Lanean jarrai dezagun munduan ebola zero kasu izatea lortu arte.  

https://www.unicef.es/donacion-emergencia-ebola

UNICEF Euskal Herriko Batzordea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.