Nire, zure, bere lehen janaria amaren titia izan zen. Handik gutxira biberoia, ahia, fruitu- edo barazki-purea eta potekoa iritsi ziren. Orain “…-taitantos” dituzu eta murtxikatu gabe jarraitzen duzu. Garaiz ikasteko aukera kendu zizuten eta bere ondorioak ditu. Titia kentzeak mailakakoa izan behar du eta elikagai-sarrera ere. Haginkariari (txintxirrinari) hozkada emateko gai bagara, zergatik birrintzen digute dena? Urtean, bi urteetan, hiru urteetan jostailuei kosk egiten diegu, eta elikagaiak aldiz edaten ditugu. Inboluzionatzen goaz.

Gaur, zuretzat, jatea izapide hutsa da. Lanaren eta lanaren artean oso denbora gutxi duzu: sardexka bakoitzak 40 aldiz mastekatzea saihesten baduzu, 20 bat minutu aurreztuko dituzu. Baina zure ahoa ez da birringailu hutsa, gainera informatzen du. Elikagaia ahoan dagoen bitartean, listua jariatuz doa eta bakterio-infekzioen kontrako lehen babes-hesia aktibatzen da. Aldi berean, garunera eta digestio-aparatura seinaleak bidaltzen dira, zuku gastrikoak jario daitezen. Eta elikagaiaren pausoa lubrifikatzen du. Baina zuk, tragabolas-a gisa, bazkaria irensten duzu minutu gutxitan. Jan eta jan eta ez zara asetzen. Eta loditasunaren eta diabetesaren arriskua handitzen dituzu.

Elikagaia ahoan dagoen bitartean, listua jariatuz doa eta bakterio-infekzioen kontrako lehen babes-hesia aktibatzen da. Aldi berean, garunera eta digestio-aparatura seinaleak bidaltzen dira, zuku gastrikoak jario daitezen.

Eredu tipikoa laranja-zukua da. Fruta gosaltzen duzunean, ale batekin asetzen zara. Baina zuku bat edaten baduzu bi edo hiru laranja darabiltzazu. Zukutzerakoan basoa betetzen da uraz (2-3 bider); C bitamina, azido foliko, potasio eta antioxidatzaileez (2-3 bider); baina zuntza (mamia eta azala) zukugailuan geratzen da. Hots, azukrea libre geratzen da (2-3 bider) eta patxadan gailentzen da. Bi, hiru trago eta kitatuta. Hau da, askoz errazago eta askoz azkarrago xurgatzen da. Eta zuk asetu gabe jarraitzen duzu.

Boligrafoz eta azazkalez a parte, kosk egiten dakizu? Barazkiak (zerba, kuia, ziazerba) purean soilik jaten dituzu (edo smoothie-an), tomatea saltsan (edo ketchup-an). Fruituak… —honetan ez nauzu harrapatuko, goizeko laranja-zukuak amaitu dira—, fruituak irabiatuta hartzen dituzu (edo etxeko txikienak txupetinetan). Ogiari, moldezko ogiari, azala kentzen diozu. Jaten duzun arraina zapaldutako pasta bat da (ziriak, gulak, txaka) eta haragia txikituta dago (burger-a, saltxitxa). Jogurta edaten duzu (edangarria) eta gazta igurzten duzu; txokolatea bezala. Are gehiago, gurina igurzten “erraza” da (margarina). Zure aitzakia janaria ez zitzaizula gustatzen zen eta lau goragale ondoren, bola egiten zitzaizula. Jada handitxo zara! Baina orain telebistan iragartzen ari dena gehiegizkoa da: “pim, pam, bebe lacasitos”. Serio! Litxarkeriak ere edangarriak dira.

Eguneko helburua: haginka egiten hastea da. Koskada bakoitzak 30-50 aldiz mamurtu behar izango litzateke irentsi baino lehen. Jakina, haragia edo arraina txikitzea ez da gauza bera. Beraz, irtenbidea ez da kontatzen hastea: bat, bi, hiru… Hozkada txikiak eman beharko dituzu, astiro jan sardexka jalkiz, distraziorik gabe egin (telebistarik, mugikorrik ez) eta jan baino lehen ondo xehatuz. Hau da, fletcherismo-aren oinarria dena. “Dieta” zahar honek elikagarriak xurgatzeari laguntzen dio eta ingestio kalorikoa murrizten du (gosea gutxitzen duelako). Adi ba neska-motel! Udazken honetan motel jatea bogan dago.

Nerea Segura

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.