Super-Tupper

“Aupa Nerea, laguntza eske idazten dizut! Arazo bat dut supermerkatuan. Duela hilabete batzuk erosketak tupper-ekin egiten hasi nintzen. Harategian eta arrandegian ez didate inongo arazorik jartzen, baina urdaitegian bai. Urdaiazpikoa, gazta freskoa… tupper-ean ez didatela ematen diote. Dirudienez, ‘Listeriosia’ da erruduna, eta elikadura-segurtasun arazoa dela diote. Beraz, plastikorik gabe paperarekin soilik ematea eskaini didate. Zer diozu?”

Plastikoaren erabileraren kontra joateko, azken neurrietako bat da: etxeko ontziak erabiltzea erosketak egiteko. Estilo proposamen berria nahiko berria da. Denda txikietan, merkatuetan ohikoago dena, kate handietan gutxiengoa da. Jada posible da eta desiragarria. Edo ez? Legediak onartzen du, beraz, enpresa bakoitzaren politikaren mendean dago. Batzuek, segurtasuna bermatzeko, ontziaren garbitasunaren arabera uko egiteko eskubidea gordetzen dute. Garbitasuna? Botere mikroskopikoak izango dituzte ontziko bakterioak ikusteko! Beste batzuek, departamentuaren arabera baimentzen dute edo ez. Hau da, harategikoa, arraindegikoa onartzen dute; aldiz, urdaitegikoa ez. Azken horiek sukaldatu gabe kontsumitzen direla argudiatzen dute, ondorioz, arriskua ekar lezake osasunerako. Eta, azken finean, han erosten deneko arduradunak dira.

Erantzuten diet. Bat, haragia eta arrainak gordinik kontsumitu daitezke: carpaccioan, sushian edo marinatutak (oso ohikoa gurean); eta urdaiazpikoa prestatuta, esaterako, pizzan. Eta bi, paper-plastifikatuak ez dute produktua hutsean mantentzen, gurutzatutako kontaminazioa bidean saihestu ahal izateko. Hortaz, bezeroen eskuen edo orgako berezko zikinkeriak, produktua kutsa dezake supermerkatutik irten baino lehen. Osasun-arrisku bera ekarriz. Horregatik, aitzakia horiek ez didate balio, ez batak ez besteak.

“Nerea, enpresaren plastikoen politika aipatu nienean, urduri jarri ziren. Diotenez, kalitate-departamentuak darama. Nire iradokizuna eskertu didate, baina Nerea, egia esan, ez nau konbentzitzen. Change.org batekin mehatxatuko ditut!”.

Lasai lagun. Zeozer proposatuko dizut: kontsumo arduratsuko proposamenak saretzea. Ea horrela, erantzukizun ona jasotzen dugun.

Fruta- eta barazki-dendari dagokionez, ez dago arazorik. Erabilitako poltsak edo ontziak opakuak ez daitezela izan eskatzen dute (sareak, adibidez); produktua ondo ikusi ahal izateko. Gaur egun, salmenta puntuetan ere aurki daitezke salgai holako poltsak. Negoziorako beti dago lekua. Aizu, sagarra, ontziratu gabeko hurrak… ez al dira ba, gordinik jaten?

Supermerkatuko apalak ontziratutako produktuez gainezka daude. Zaborren % 40 dira: erretiluak, tetrabrik-ak, kartoiak, paketeak, latorriak… eta birziklatzea ez da konponbidea. Sakelari begira bazaude, aurreztutako ontzi bakoitzak 5-15 zentimo dira. Eta ni ingurumenarekin kontzientziatutako bezeroa naiz, are gehiago, asko arduratzen nau. Benetan ez al da konponbiderik? Bat-batean bururatzen zaidana: tupper esterilizatuak izatea zentroetan. Jaietako edalontziekin egiten dugun bezala, haiek erabiltzerakoan kobratzen badira (euro bana) eta itzultzerakoan leheneratzen bada? Horrela, gainera, nire itzulia bermatuko zenukete (negozioa kontuan izanda). Zuen arreta eskertzen dut. 

Nerea Segura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.