Hamairu zenbakiaren madarikazioa

13 zenbakiak gure kulturan esanahi berezia du, beti ere zentzu negatibo batean. Dena den, beste zenbait kulturetan kontrakoa gertatzen da, hots, hamairu zenbakia zoriarekin erlazionatutako zenbakia da. Zer dela eta zenbaki honen berezitasuna?

Kristautasun aurreko garaietan, 13 zenbakia zenbaki madarikatua zen. Judaismoa nagusi zen lurraldeetan 13 zenbakia negatibotzat jotzen zen. Eskandinabia aldean ere hamairu zenbakia gaizkiarekin erlazionatzen da, antza denez, Loki izeneko jainko maltzurrak jainkoen panteoian hamairugarren tokian kokatzen baitzen. Eskandinabiar mitologiaren arabera, Panteoian hamabi jainkorako afaria prestatu zen, baina bertara, Loki jainkoa ez zegoen gonbidatuta. Hala ere, hau afarian azaldu zen eta hau botatzeko sortu zen borrokaren ondorioz Balder izeneko Jainkoa hil zen.

Eskandinabiar erroa duen afari honen kontaerak, hainbat adituentzat, Kristautasunean eragina izan zuen. Jada Kristoren garaian, 13 zenbakia harreman zuzena du Jesusek emandako Azken Afariarekin. Jakina den bezala, afari horretan, Jesusekin batera beste hamabi apostolu zeude, hau da, guztira, hamairu pertsona. Afariaren ondoren, apostoluetako batek, Judasek, Jesus traizionatu egingo du eta, hori dela eta, gure kultura judeo-kristauan mahai batean hamairu pertsona esertzeak zorte txarra ekartzen omen du.

Kristautasunean jarraituz, San Joanen Apokalipsiaren liburuan hamairugarren kapitulua antikristoaren ingurukoa da.

Alde positiboak
Oro har hamairu zenbakia zenbaki madarikatua izan bada ere, beste hainbat kasutan guztiz kontrakoa jazotzen da. Horrela, Greziako Olinpoan Zeus zen jainko nagusia eta berarekin batera, beste hamabi jainko ziren; guztira, hamairu. Greziar mitologiaren arabera, hamairugarren jainko hori Ulises zen. Kultura germanikoan, berriz, hamairugarren zenbakiarekin erlazionatutako jainkoa Freya dugu, jainkosa ederra eta amodioaren ordezkaria.

Aintzinako Egipton ere hamairu zenbakiak esanahi berezia zuen. Haien sinismenen arabera, heriotza bizitzaren hamairugarren fasea zen, hots, jainkoen etxera joateko bidea. Egipton egiten omen ziren erritoetan tenploan hamairu urrats jarraitu behar omen ziren. Hauetako seik ausardia, ziurtasuna, borondatea, helburuak, desioa eta balentria ordezkatzen zuten. Sei pauso hauek aurreraka eman behar ziren, eta aurreraka ematen zen pauso bakoitzeko pauso bana eman behar zen. Hamabi pauso horiek eman ondoren, hamairugarren pausoak sinbolikoki bizitza berri batera igarotzeko balio zuen.

Greziara bueltan, Pitagorasen ustetan, hamairu zenbakia garapen eta hazkundearen zenbakia zen. Hesiodok ere bere “Lanak eta egunak” idatzian jada hamairu zenbakiaren madarikazioaz hitzegiten du, eta hori dela eta, hil bakoitzeko hamairugarren egunean ez zela erein egin behar adierazten zuen.

Erroman, berriz, hamairu zenbakia Julio Cesarren zenbakirik gustokoena zen, izan ere Hamairugarren Legioari esker boterera iritsi zen.

Siniskeria
Dena delakoa, hamairu zenbakiaren inguruko siniskeria gure egunetara iritsi da, eta gaur egun, batez ere, zorte txarrarekin erlazionatzen da.  Hau garbi ikusten da kirol munduan. Hainbat kirol disziplinetan jokalariek 13 zenbakia ekiditzen saiatzen dira. Bat Formulan, adibidez, ez dago hamairu zenbakia daraman kotxerik. Ezaguna da Ángel Nietoren 12+1 formula hamairu zenbakia ez esateko erabilitako formula.

Hainbat hoteletan 12. solairutik 14. solairura pasatzen dira, edo zenbait kasutan 12 a eta 12 b solairuak daude. Hainbat eraikin famatuetan es da hamairugarren solirua existitzen, hala nola, Rockefeller Center edota Pierre edo Helmsley hotelak.

Hamairu zenbakiaren inguruko siniskeria patologia ere bilaka daiteke eta ‘triscadecafobia’ izena hartzen du. Patologia hau pairatzen duten pertsonak ez dira kalera ateratzen hilak 13 egun dituenean, ez dira hamairugarren solairu batera joaten edota zinean ez dira hamairugarren ilaran esertzen. Iberia edo Aliatalia hegazkin konpainiek adibidez, bere hegazkinetan ez omen dute 13. lerrorik.

Asteko egun bereziak
Hamairu zenbakiarekin batera asteratea eta ostirala egunek nahasketa madarikatua sortzen dute. Zergatik? Askoren ustetan ostirala eta hamairu zenbakia nahastea  bi sinbolo madarikatu nahastea da. Ikusi ahal izan dugun bezala, hamairu zenbakia zenbakia madarikatua da kultura judeo-kristauan, baina zer dago ostiralaren inguruan? Antza denez, bi dira egun hau madarikatzeko arrazoiak: Jesus ostiral batean gurutzatua izan zen eta Ebak Adani sagarra ostiral batean eman omen zion.

Dena den, ostirala 13 egunaren madarikaziorako arrazoia bestelakoa da, eta Tenplarioetan aurkitzen da. Izan ere, Tenplarioak izan ziren nolabaiteko banka sistema bat eraiki zuten lehenak. Tenplarioek dirua eta jabetzak babesteko abilezia berezia zuten eta hori dela eta hainbat pertsonen ondasunak kudeatu zituzten. Horri esker, denbora laburrean aberastea lortu zuten. Ingalaterraren kontrako guda baten ostean garai horretan Frantziako errege zen Felipe Ederra xoxik gabe geratu zen. Egoerak behartuta, urrea ‘lapurtzea’ erabaki zuen. Bere lehen biktimak judutarrak izan ziren baina hauen urrea ez zen nahikoa eta ondorioz, Tenplarioen kontra jo zuen. Horrela, 1307ko Urriaren 13an, ostirala, Frantziako Tenplarioak atxilotzen hasi ziren. Mundu guztiak injustizia bat zela jakin arren inork ez zuen ahoa ireki. Erregeak gaizki jokatu zuela jakinik eta Tenplarioak bizirik mantentzen bazituen etorkizunean arazoak izango zituela jakinik, Klemente V Aitasantuari Tenplarioak heretiko izendatzea eskatu zion eta hori del eta ehunka tenplario erreta akatu zituzten. Zazpi urte beranduago, hots, 1310ean, bizirik geratzen ziren azken bi tenplarioak heriotzara kondenatu zituzten: Molayko Jacques eta Charnayko Godofredo. Hil aurretik, Jacquesek eskuak askatzea eskatu zuen, horrela otoi egiteko aukera izango baitzuen. Bere otoitzean kondenaren injustiziaren aurrean mendekua eskatu zion Jainkoari. Hilabete beranduago, kontarko eztarritik piku bat sartu eta Klemente V Aitasantua hil egin zen. Ia jarraian, kondena aurrera eraman zuen Nogaret eta Felipe Erregea bera hil egingo dira. Madarikazioa ez zen hor amaitu eta Feliperen oinordekoak banan bana hil egingo dira. 1328an, Feliperen oinordeko guztiak desagertuko dira eta horrela Frantzian 300 urtez agintean izan zen Capetiansen Dinastia desagertuko da.

Normala den bezala, garaiko biztanleak txunditurik geratu ziren jazoera honen aurrean eta ‘Molayren madarikazio’ izenarekin ezagutzen zenaren berria Europatik zehar hedatu zen.

Europako hegoaldean, berriz, ostirala 13 baino, asteartea 13 da egun madarikatua. Printzipioz, sinismen honek ez du bere jatorria inolako gertaera historikoan. Antza denez, asteartea Marte Jainkoarekin erlazionatuta dago, hots, Gudaren erromatar jainkoarekin.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.