Zure tesirako gazte-delinkuentzian eragiten duten aldagaiak aztertu dituzu. Nolakoa izan da burutu duzun ikerketa?

Ikerketaren xedea izan da Euskal Autonomia Erkidegoan gazte-delinkuentziari lotuta dauden egoera- eta testuinguru-faktoreak aztertzea. Horretarako, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek 2010. eta 2015. urte artean egindako ia 2.000 delitu aztertu ditugu. Gure kasuan, udal mailan egin den ikerketa da, hots, neurketa-unitatea ez dira gazteak, udalerriak baizik. Horrela, ikerlanak zein udalerritan ematen diren gazte-delitu gehien aztertzen du eta, horrekin batera, kasu horietan ematen diren egoera- eta testuinguru faktoreak.

Orain arte ez da horrelako ikerlanik egin gure artean. Zein izan da ikerketak eman duen ondoriorik esanguratsuena? 

Bai, hala da. Ikerlanaren helburuetako bat gurean bildutako datu horiek guztiak nazioarte mailan gai horren inguruan den literatura zientifikoarekin erkatzea izan da. Horrelako ikerketak, nagusiki, Estatu Batuetan eta Europako iparraldean egin izan ohi dira, baina ezer gutxi dago Europako hegoaldeko herrialdeen inguruan. Herrialde horietan jasotako datuen baitan, gazte-delinkuentziak lotura handia du arrisku-aisialdiko jarduerekin. Arrisku hori, normalean, alkoholaren kontsumoaren araberakoa da eta, horregatik, taberna, pub, dantzaleku eta antzeko lokalen eskaintzarekin erlazionatzen da. Ideia horri eutsiz, udalerri batean horrelako zenbat eta lokal gehiago izan orduan eta gazte-delinkuentzia tasa handiagoa izatea espero zitekeen, baina gure kasuan ez dugu horrelakorik aurkitu.

Bestalde, aipatu literatura zientifikoaren arabera, arriskurik gabeko aisialdi eskaintza ere horrelako delituen suspergarri izan daiteke, besteak beste, jendetza erakartzen dutelako eta, ondorioz, ingurune horietan ebasketa bezalako delituak egitea errazagoa delako. Arriskurik gabeko aisialdi eskaintzan, adibidez, jatetxeak, kafetegiak eta antzeko lokalak sartuko lirateke.

ETORKIZUNERA BEGIRA. Ikerlanak emandako emaitzak tokiko administrazioek erabiltzeko modukoak dira, delitu-prebalentzia handieneko eremuetan prebentzio-neurriak martxan jartzeko.

Beraz, zuek jasotako datuen arabera, gure artean ez legoke harreman zuzena gazte-delinkuentzia eta arrisku-aisiaren artean?

Guk ez dugu harreman esanguratsurik aurkitu horrelako aisiaren eta gazteek egiten dituzten delituen artean. Ostera, arriskurik gabeko aisialdi eskaintzan harreman handiagoa ikusi dugu. Hau da, guk jasotako datuen arabera, arriskurik gabeko aisialdi eskaintza egiten duten lokalen kopurua handiagoa den udalerrietan gazte-delinkuentzia handiagoa izateko aukera legoke.

Zein nolako azalpena izan dezake emaitza horrek?

Aztertu ditugun delituak adingabeek egin dituzten delituak dira. Adingabeek egiten dituzten delituen ehuneko handi bat ebasketak dira eta, azaldu dudan bezala, horiek nagusiki dendetan eta jendetza biltzen dituzten ingurunetan ematen dira. Normalean, ingurune horiek udalerri handietan eta metropolietan pilatzen dira eta ondorioz, horietan izaten da horrelako delituak egiteko aukera gehiago.

Gainera, AEBetan edo Europako iparraldeko herrialdeetan, alkohola saltzen duten lokal guztiak arrisku-aisiatzat hartzen dira. Gurean, berriz, ez da halakorik ematen eta, adibidez, pintxoak saltzen dituen taberna bat ez da arrisku-aisiaren eskaintzaren barruan sartzen nahiz eta hor ere alkohola saldu.

FENOMENO MINORITARIOA. 2018. urtean 500 adingabe ingururen aurkako epaiak izan ziren. Urte horretan EAEn kondenatuta izan ziren pertsona guztien artean % 5 baino gutxiago adingabeak ziren.

Euskadin jasotako datuekin bestelako emaitza bat eman duenez gero, zein nolako irakurketa egiten duzu?

Gure ikerlana lehen urrats bat da. Orain arte ez da halako azterlanik egin eta orain, gutxienez, badugu nondik hasi. Gainera, gure emaitzek agerian utzi dute esparru honetan eredu teorikoak ez direla unibertsalak; ondorioz, egun diren ereduak ingurune geografiko eta kultural bakoitzaren errealitatera egokitu beharko dira.

Adibidez, gure artean badira beste herrialde batzuetan ematen ez diren aisia aukerak, hala nola, botilioia edo autogestionatutako lonjen/lokalen kontua. Gure ikerketan ez dugu horren inguruan sakondu datu faltagatik.

Aipatu duzun bezala, gure artean gutxi ikertu bada ere, beste zenbait herrialdetan badira gazte-delinkuentziaren inguruko azterlanak. Azaldu duzun arrisku-aisialdiko eskaintzaz gain, zein beste aldagaik bultzatzen dituzte gazteak delituak egitera?

Literatura zientifikoan, guraso bakarreko familien ehuneko handiena eta bizitoki egonkor indize baxuenak dituzten guneek gazte-delinkuentzia maila handiagoa erakutsi dute. Izan ere, bi aldagai horiek gizarte-kohesioari eta auzoen eraginkortasun kolektiboari eragiten diete eta, ondorioz, delituak egiteko aukera igotzen da. Dena den, guk egin dugun ikerketan ez dugu bi aldagai horien eta gazte-delinkuentziaren arteko harreman zuzena aurkitu.

Era berean azpimarratu nahiko nuke ikerketan delitua egiten duten gazteen profilean baino, delituan zentratu garela, hots, delitua non gertatu den eta zergatik gertatu den hor. Ez gara delitua egin duen gaztearen ezaugarri pertsonaletan zentratu.

Aztertu dituzuen kasuen artean gehien ematen den delitua ebasketarena dela aipatu duzu. Beste delitu aipagarririk?

Indarkeria ezaugarri duten delituen arteko bereizketa egin dugu, baina zentzu horretan ez da datu esanguratsurik azaldu. Deliturik ohikoena ebasketena da eta horrekin batera, zerbait azpimarratzearren, lesioen delitua aipatuko nuke.

Eta etorkizunera begira, zer?

Ikerlana garrantzitsua da aurretik gai horren inguruan ez delako ia ezer egin. Zentzu horretan etorkizunera begira oinarri bat jarri dugu. Ikerlan hau abiapuntutzat hartuta, beste hainbat ikerketa egin daitezke. Nire ustez, horrelako gaiari behar bezala heltzeko ondo zehaztu beharko genuke zeintzuk diren benetako arrisku-aisiako eskaintzak.

Bestalde, datu gehiago beharko genituzke, adibidez, udalerri-mailatik kale-mailara jaisteko. Izan ere, literatura zientifikoaren arabera, delitugintza udalerrietako oso gune espezifikoetan eman ohi da: delitu gehienak kaleen %5an ematen dira. Komeni litzateke aztertzea non ematen diren delitu gehienak eta zergatik ematen diren gune horietan. Horrek, adibidez, delitu-prebalentzia handia duten guneetan prebentzio-neurriak abian jartzeko aukera eman lezake. Adibidez, jende askok kontrakoa pentsatzen duen arren, gazte-delinkuentzia prebalentzia handiena ez da hirietako auzo edo barruti behardunetan edo baztertuenetan ematen, arriskurik gabeko aisia-eskaintza gehien duten auzoetan baizik.

Prebentzio neurriak aipatu dituzunez gero, zer egin liteke adingabeek egiten dituzten delituen tasa jaisteko?

Zaila da. Tesian jaso dudanaren arabera, eta nire zuzendariek, César San Juanek eta Laura Vozmedianok, hamaika aldiz aipatu dutenaren arabera, hiriek oso garapen azkarra izan dute. Eredu industrial batean oinarritutako hiri edo udalerrietatik beste eredu berri batera igaro gara, baina eredu berri horretan ez dira nerabeentzako guneak egokitu. Gune bereziak daude pertsona helduentzat, umeentzat, emakumeentzat… baina ezer gutxi dago nerabeentzat. Ondorioz, hainbat kasutan, nerabeek desegituratutako arrisku-aisian ematen dute denbora asko, inolako kontrolik gabe.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.