Eider Goiburu. Psikologian doktorea UPV/EHU. © JMZ

Indarkeria sexista helduen kontua zela uste izan da baina gazteen eta nerabeen artean ere ematen dela ikusi da. Zergatik ematen da indarkeria mota hori adin guztietan?

Arazo estruktural baten aurrean gaude eta estrukturala den heinean gizartearen edo sistemaren barruan den pertsona orori eragiten dio: helduak, gazteak, nerabeak, bai eta haurrak ere. 

Indarkeria sexista eraso fisikoetara soilik mugatzen al da?

Inolaz ere. Eraso fisikoak eta bortxaketak indarkeria sexistaren adierazpen nabarmenenak lirateke, baina ez bakarrak. Egunerokotasunean indarkeria sexistaren hainbat adierazpen sinboliko ikus daitezke. Azken horien xedea da gizartean nagusi den eredua egonkortzea, hau da, pertsona guztiak ohikoak diren roletan sartzea edo egokitzea. Indarkeria sinboliko hori askoz ere modu sotilagoan egiten da, besteak beste, hedabideen, publizitatearen edo kultur eskaintzaren bidez (zinema, musika…). Horien guztien bidez, gizartean iruditegi bat eraikitzen da eta horren barruan emakumeek zein gizonek nolakoak izan beharko genukeen zehazten duten estereotipoak ezartzen dira.

Zein da indarkeria matxista, indarkeria sexista eta genero indarkeriaren artean den aldea?

Hirurak ideologia matxista batean oinarritzen dira. Aipatu ideologia indarkeriaz baliatzen da irauteko. Indarkeria matxista gizarte matxistaren arauak apurtzen dituen edonori eragiten dio; hots, indarkeria matxistak sexua-sexualitate-genero continuum hori apurtzen duen edonor indarkeria matxistaren biktima da. Hor ditugu, adibidez, pertsona transexualak, homosexualak… 

Indarkeria sexista berriz, emakumeok emakume izateagatik pairatzen dugun indarkeria litzateke. Hor barruan, hainbat indarkeria mota edo eredu sar daitezke: sexu-erasoak, lan-baldintzetan diren aldeak, sexu-jazarpenak… 

Azkenik, genero-indarkeria genuke, eta hori bikote heterosexualen barruan gizonek emakumeengan eragiten duten indarkeria bezala ulertzen da. Kasu honetan, ezinbesteko aldagaia bi pertsona horien artean den edo izan den harreman afektiboa izango litzateke. Indarkeria matxista, beraz, beste bi indarkeriak jasoko lituzkeen aterkia izango litzateke.

Azaldu duzun moduan indarkeria sexista adin guztietan ematen den fenomenoa da, baina modu berean ematen al da gazteen artean edo pertsona helduen artean?

Nerabeen kasuan indarkeria sexista eremu guztietan ematen da. Burura etortzen zaigun lehenengo gauza bikote harremanak izan arren, familian, eskolan, espazio publikoetan, kirol eramuan, festa giroan, eta beste hainbat eremutan ere ematen da. Bikote harremanetan, adibidez, nahikoa zabalduta dagoen indarkeria mota bat kontrolarena da, hainbat kasutan, baina ez bakarrik, teknologia berriei lotuta. Kontrola presentziala edo zuzena ere izan daiteke, adibidez, janzkera edo bikotekidearen harremanak kontrolatuz…

IDENTITATEAK ETA ESTEREOTIPOAK. Identitate bakoitza sozializazio baten ondorioz eraikitako jokabide zehatz batzuekin lotzen dugu.  Gaur egungo gizartean emakume edo gizon izateagatik jokabide zehatz batzuk izan behar ditugula espero da.

Azken urteetan berdintasunaren aldeko diskurtsoak nabarmen egin du aurrera. Zergatik ez du aurrerapen horrek isla zuzena gazteen jokabideetan?

Egia da gizarte mailan diskurtso aldaketa bat izan dela. Nekez aurkituko dugu gure inguruan berdintasunaren ideiarekin bat ez datorren norbait. Baina, zoritxarrez, adostasun hori maila diskurtsiboan geratzen da. Beharrezkoa den aldaketa soziala oraindik ez da eman, eta, horregatik, erailketez edo bortxaketez hitz egiten jarraitzen dugu. Zentzu horretan, arrisku handi bat ikusten dut; halaber, maila diskurtsiboan izan den aldaketa ontzat ematea eta horretan soilik geratzea. 

Nerabeei dagokionez, sarritan nerabeei helduok egiten ez ditugun gauzak egitea eskatzen diegu, eta hor ere bada arrisku bat. 

Zer egin beharko litzateke maila diskurtsibo hori gainditzeko?

Lehenik eta behin gure errealitatea ondo ezagutu behar dugu. Aldaketa sozial bat sustatu nahi denean, nagusiki diskriminazioaz hitz egiten ari garenean (matxismoa, arrazismoa…) psikologia sozialak hiru eremu edo esparru aztertzen ditu: eremu arrazionala edo kognitiboa (zer pentsatzen dugun, zertan sinesten dugun), eremu emozionala (zer sentitzen dugun) eta jokabideen eremua (zer egiten dugun). Eremu arrazionala edo kognitiboa aldatzeak ez du eragin zuzena eremu emozionalean. Adibidez, homosexualitatearen aldeko pentsamendu edo sinismen positiboa izan dezakegu, baina aukera izanez gero askok nahiago genuke gure seme-alabak heterosexualak izatea. Indarkeria sexistara bueltatuz, egia da eremu arrazionalean aldaketa izan dela, baina ez ostera, eremu emozionalean. Gure jarrerek berean jarraitzen dute; emakume bat haurdun dagoenetik neska/mutila bereizketa egiten hasten gara eta, horrekin batera, estereotipoak eta genero rolak ezartzen.

ARAZO ESTRUKTURALA. Arazo estruktural baten aurrean gaude eta estrukturala den heinean gizartearen edo sistemaren barruan den pertsona orori eragiten dio.

Neskak eta mutilak, balio bera izanik, ezberdinak direla onartzen bada, arazoa ez al da bakoitzari ezartzen zaizkion estereotipoetan edo roletan?

Hainbat identitate daude eta gaur egun indarrean den ereduarekin, identitate bakoitza sozializazio baten ondorioz eraikitako jokabide zehatz batzuekin lotzen dugu. Identitateak ez dira libreak, hots, ez dira modu librean eraikitzen, inposatuak etortzen zaizkigu. Gaur egungo gizartean emakume edo gizon izateagatik jokabide zehatz batzuk izan behar ditugula espero da. Mutilek eta neskek txikitatik jasotzen dituzten ereduak guztiz ezberdinak dira eta, ondorioz, bizitzan zehar egiten diren aukeraketak ere ezberdinak dira.

Gazteen artean indarkeria sexista ere ematen da, baina kontziente al dira? Hau da, ba al dakite sexista direla?

Ez, noski! Gainera, aipatu dudan aldaketa diskurtsiboa dela eta, gaur egun, sexista edo matxista izateak oso konnotazio negatiboak ditu. Indarkeria sexistaren adierazpen larri baten aurrean nerabeak kontra azaltzen dira, baina egunerokotasunean ematen diren jarrera sexista horiek guztiak ez dituzte sexista bezala identifikatzen.

Bestalde, helduen aldetik jasotzen duten zenbait diskurtso sexisten garrantzia ere azpimarratu behar da, nerabeek diskurtso horiek jaso eta erreproduzitzen dituztelako.

Baina nerabe askok jada badute aipatzen dituzun diskurtso horiei aurre egiteko nahikoa heldutasuna…

Nesken artean ohikoagoa da horrelako diskurtsoen aurkako jarrerak ikustea, baina mutilen artean ez hainbeste. Azkenean, gai honek kolokan jartzen du indarrean den botere harremana. Harreman horiek daudela onartzeak eta hori mantentzeko indarkeria behar dela onartzeak pribilegioak galtzea dakar. Kontuan izan behar dugu  nerabezaroan hainbat aldaketa garrantzitsu ematen direla eta ez bakarrik fisikoak. Adin horretan nerabeek segurtasun falta handia dute haien identitatea eraikitzen ari direlako eta, ondorioz, adin horretan, berdinen arteko onarpena oso elementu garrantzitsua da. Bestalde, nerabezaroan identitate sexuala ere indartzen da eta hori, gaur egun, genero-rol tradizionalei lotuta azaltzen da. Beraz, onarpen beharrak eta sexu identitatea eredu tradizional eta sexistei lotuta izateak, kasu askotan nerabeen arteko arazo sozialak eta sexistak izatera daramate.

Zer egin daiteke nerabeekin indarkeria sexista prebenitzeko?

Ikuspegi ezberdinetatik lanketa ezberdinak egin daitezke. Alde batetik, helduok geure buruari begiratu behar diogu. Hausnarketa bat egin geure jarrera eta jokabideen gainean. Askotan, aurretik esan bezala, diskurtso bat dugu, baina gure jarrerarekin mezu kontrajarriak ematen ditugu. Helduok, eredu gara eta horren kontzientzia izan behar dugu. Bestetik, egia da beste bide batzuetatik (komunikabideak, Internet, publizitatea, eta abar) mezu sexistak jasotzen dituztela. Gure lana, mezu horiek guztiak interpretatzen irakatsi eta irizpide kritikoa izateko baliabideak eskaintzea da. Gaur egun, ezin izango dugu mezu sexistak jasotzea ekidin, baina bai mezu horiek ulertzen eta kudeatzen lagundu. Azkenik, nerabeekin eta gazteekin hitz egin eta esan behar dutena entzun behar dugu. Sarritan,  hainbat ekimen jartzen dira martxan beraien errealitatea, bizipenak eta desioak kontutan izan gabe. Beraien beharretatik abiatu behar dugu eta ez helduon beharretatik. Abiapuntu horretatik bakarrik lortuko dugu benetako aldaketa. 

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.