Zurrumurrurik gabeko bizikidetza

Zurrumurrurik gabeko eta bizikidetza benetan errespetatzen duen gizarte eta instituzio batzuk lortzeko lan handia dugu egiteke. Gazteak horretarako kontuan hartu beharreko aktoreak garela ere esanguratsua da.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) aniztasuna eta kulturartekotasuna altxor bezala ulertzen dituen gizarte baten alde egiten dugu lan. Azken urteetan aurrerapauso txikiak egin dira, bai, baina gure gizartean ez daukagu berdintasun erreala, ezta gazteen artean ere.

Euskadiko gazteen errealitatea gero eta anitzagoa da, hori ezin da zalantzan jarri. Tamalez, gizartean dauden estereotipoak jaso ditugu hemen jaio eta hazitako gazteek, familian, eskolan, kalean eta komunikabideetan zabaltzen baitira oraindik. 

Ikerketa ugarik azaleratu dutenez, azken belaunaldietan, aurreiritzi horiek ez daudela hain errotuta txikitatik gizarte anitzago batean bizitzeko aukera izan dutelako. Gainera, jatorriaren araberako aurreiritziak daude gazteen artean ere, ez baita berdina zein zonaldetik migratu den, eta jarrera horiek sufritzen dituzte baita bigarren belaunaldiko gazteek ere. 

Ikerketa ugarik erakusten duten bezala, txikitatik eskolan aniztasuna ikusteak estereotipo eta aurreiritziak apurtzen laguntzen du. Hori, ordea, ez da magikoa, horrek bakarrik ez du arazoa konpontzen eta aisialdian ere kulturartekotasunean oinarritzen den gizarte baten alde egiten jarraitu behar da. 

Mugen mugetatik #IkusGaitezen

Ildo horretan lan egiteko EGKn espazio ugari sustatu ditugu azken urteetan EAEn bizi garen eta elkar ikusten ez garen gazteak elkartu eta ezagutzeko. Errealitateak eta gizarte egiturek sarritan ez digute elkar ikustea errazten, ezta elkar ezagutzea ahalbidetzen ere. Hori dela eta, gazte guztion papera sozializazio eta harremantze prozesu horietan zein den sakondu nahi izan dugu, baita gazteon partaidetza nolakoa den landu ere.

2020ko irailean antolatutako ‘Mugen mugetatik #IkusGaitezen’ topaketa horren adibidea da. Gazteak zein espaziotan elkartzen garen eta zein espazio ez ditugun partekatzen jorratu zen, baita horietan jatorri desberdineko gazteen partaidetza nolakoa den. Topaketan lau hizlari izan ziren beraien testigantzak kontatzen. Ondoren, hizlariak eta entzutera gerturatutako gazteak bi taldetan banandu ziren zein espaziotan elkartzen diren identifikatzeko. Espazio horietako parte hartzea nolakoa den mahaigaineratu zuten gazteek.

Horrelako topaketek gazteekin lotuta dauden estereotipo eta zurrumurruak mahai gaineratzeko aukera ematen dute. Gazte horiek sufritzen dituzten gazteek beraien ikuspuntua eta eskaerak partekatzeko aukera ematen zaie. #IkusGaitezen gazteen artean egindako topaketa izateak elkar entzuteko espazioa sortzeko aukera eman zuen, estereotipo eta aurreiritzi horiek sufritzen ez dituzten gazteei zer pentsatu eta zer aldatu hausnartu araziz. Azpimarratzekoa izan zen talde txikietako dinamika naturalki nola sortu zen eta normalean horrenbeste entzuten ez den gazte migratzaileen ahotsa izan zela gehien entzun zena. 

Gazteon papera

Jatorri atzerritarra duten pertsonei edo migratzaileei buruzko estereotipo eta zurrumurrurik gabeko bizikidetza bat eraikitzeko gazteen papera funtsezkoa da. Gaztetan bizikidetza normalizatuta badaukagu, zahartzen goazen heinean estereotipo eta zurrumurru horien transmisioa mozten lagun dezakegu. Bestalde, gazteek helduek zabal ditzaketen zurrumurru horien transmisioa eteten lan handia egin dezakete, transmisio hori mozteko ahalegina egiten bada. 

Mugen mugetatik #IkusGaitezen topaketan jatorri atzerritarra zuten gazteek asko eskertu zuten beraien hitzak entzuteko plaza sortzea, entzuten zitzaiela sentitzea. Berriz, jatorri migratzailea ez zuten gazteek eskertu zuten elkar ezagutzeko aukera horiek sortzea, estereotipo eta zurrumurruak desmuntatuz. 

Ez dago formula magikorik. Zurrumurrurik gabeko eta bizikidetza benetan errespetatzen duen gizarte eta instituzio batzuk lortzeko lan handia dugu egiteke. Gazteak horretarako kontuan hartu beharreko aktoreak garela ere esanguratsua da. Horregatik, Zurrumurruen Aurkako Sareak egindako inurri lana beharrezkoa ikusten dugu. Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik aniztasuna zeharkako balio bezala tratatzen jarraituko dugu, gizarte anitzaren isla diren gazteekin elkarlanean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.