Euskal gazteriak bere burua feministatzat jotzen du

Gazteen Euskal Behatokiak 2020an 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazteri egindako inkesta baten arabera, euskal gazteriak bere burua feministatzat jotzen du.

“Euskadiko gazteak 2020” azterlanaren barruan egin den inkesta horren arabera, EAEko emakumeen % 90,4k eta gizon gazteen % 76,8k beren burua oso feministatzat edo nahiko feministatzat jotzen du. 20 eta 24 urte bitarteko gazteen artean sentimendu hori nabariagoa da; oso feminista sentitzen dira emakumeen % 58,3 eta gizonen % 40,1. Ostera, 15 eta 19 urte bitarteko gazteak dira beren burua feministatzat gutxien jotzen dutenak (% 20,1).

Inkestak gazteen inplikazio edo aktibismo feministaren mailari buruz ere galdetzen zuen. Horrela, 15 eta 29 urte bitarteko lau emakumetik hiruk (% 73,5) adierazi dute martxoaren 8arekin lotutako edo genero-indarkeriaren aurkako greba, manifestazio edo mobilizazioren batean edo parte hartu dutela azken hamabi hilabeteetan. Gizon gazteen kasuan, kopuru hori % 44,2raino jaisten da, hots, erdia baino gutxiago.

Gero eta gazteago

Aldi berean, inkestak agerian uzten duenez, emakumeen adinak behera egin ahala, gehiago dira mobilizazio feministetan parte hartu dutela diotenak. Horrela, 15 eta 19 urte bitarteko emakume gazteen artean horrelako deialdi batean parte hartu dutenen portzentajea % 80,8koa litzateke. 20 eta 24 urte bitartekoen artean, berriz, kopurua % 75eraino jaisten da. Azkenik, 25 eta 29 urte bitartekoek dute parte-hartze mailarik bajuena: % 64,2.

Antzeko zerbait ikus daiteke gizon gazteen artean. Parte-hartze maila altuagoa da 25 urtetik beherakoen artean 25 eta 29 urte bitartekoen artean baino. 15 eta 24 urte bitarteko gizon gazteen ia erdiak emakumeen eskubideak aldarrikatzeko mobilizazioren batean parte hartu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.