Haziak astialdira

Azken urteetan asko hitz egin da hezkidetzari buruz, bereziki, hezkuntza formalean. Hezkidetzaren garrantzia eta beharra gizartean antzematen da, baina, ba al ditugu beharrezko tresna eta baliabideak hezkidetza lantzeko eta sustatzeko?

Galdera hori erantzun nahian, EGKn hausnarketa prozesu partekatu bat burutzen hasi ginen 2018an. Hasieran, gure begirada hezkuntza formalean jarri genuen. Horrela sortu zen #BerdinHezi. Baina EGKn hezkuntza arloaren barruan hezkuntza ez formala edo astialdia ere dugu, eta horren lanketari balio bat emateko lanean gabiltza egunerokotasunean, existitzen diren talde desberdinei garrantzia emanez. 

Astialditik, urtean zehar zein udaran, hainbat haur eta nerabe pasatzen dira. Baloreak lantzeko toki paregabe gisa ulertzen ditugu espazio horiek. Horregatik, ezinbestekoa ikusten genuen hezkidetza espazio horietan nola ematen den aztertzea, kontuan izanik hemen haurrak hazi eta hezi egiten direla eta hori beren ikasketa prozesuaren baitan kokatzen dela. 

Hezkuntza formala eta ez formala

Hezkidetza pertsonen garapen integrala lortzeko beharrezko prozesu gisa ulertuz gero, hezkuntzako arlo guztietan garatu behar da. Baita hezkuntza ez formalean ere. Zentzu horretan, astialdian egiten den lana eta esku hartzeak begirada kritiko bat behar du ezinbestean. Izan ere, hori ez dago sexu-genero sistematik kanpo eta, ondorioz, jarrera matxista eta androzentrikoak erreproduzitzen dira, esaterako, botere harremanak sortuz. Hezkidetzari buruzko hausnarketa burutzeko, 2019an zehar, astialdiko taldeekin saio dinamikoak burutu genituen. Horietan haien ahots propioz behar eta erronkak identifikatu ziren diagnosi horretatik beharrei erantzuteko. Hortik, Haziak Astialdira txostena sortu zen, eztabaida talde horietan ateratako ondorio, kezka eta beharrak jasotzeko asmoz.

Identifikazio lanak askorako eman zuen, eta zenbait gakoren gainean lanean hasteko bideorri bat zabaldu digu analisiak berak. 

Astialdia

Astialdian ere, hainbat dira kontuan hartu behar diren gaiak lanketaren arabera hezkidetza garatzeko unean: denbora eta espazioaren banaketa, haur eta gazteei nolako eredu eta erreferenteak aurkezten zaizkien, nolakoa den komunikazioa astialdi ekintza bat burutzen dugunean, zeintzuk diren erreproduzitzen diren rol normatiboak, egiten diren balorazio eta iritzi trukaketak, plan eta protokoloak eta formakuntzak.

Bereziki, azken horretan azpimarra eginez, taldeetako kide desberdinek premia hori azaleratzearen beharra ikusten zuten, jakintza batzuk landu eta trebatzearen premia. Horiek dira, lanketan zehar identifikatutako proposamen edo eskari batzuk: hezkidetza plan bat sortzea hezkuntza ez formalerako, partaidetza espazioak sortzea gai honen inguruan lan egiteko, material eta euskarriak eskura izatea, praktika onak garatzeko gidak sortzea eta administraziotik hezkidetza lantzeko astialdi taldeei diru-laguntzak ematea, gaiak duen garrantzia eta premia kontuan hartuta.

Formakuntza

Esan bezala, jasotako ondorio horien artean, formakuntzaren beharra identifikatu da. Argi geratu da hezkidetza lantzeko ezinbestekoak direla tresnak zein formakuntzak eskura izateko baliabideak. Horiei dagokionez, hezitzaile eta haurrei zuzendutakoak behar direla aipatu da. Hori dela eta, agertutako beharrei erantzun bat eman nahian, EGK, Alboan eta Errotik Kooperatibaren artean formakuntza ziklo bat sortu dugu Bilbon eta Gasteizen. Formakuntza ziklo horren helburua astialdian hezkidetzari buruz hitz egin eta hausnartzen jartzea izango da, baita esku hartzeko ideia edo jardunbide egokiak identifikatzea ere. Begirale eta zuzendariek astialdiko haien eguneroko esperientzietan hau nola egin hausnartzeko eta konpartitzeko espazioa ere sortu nahi da eskaintza honekin batera egon daitezkeen beldur, ezintasun, erresistentzia zein motibazio eta aukerak identifikatzeko.

Datozen hilabeteetan, beraz, urrats desberdinak ematearen asmoa plazaratu da. Formakuntza azpimarratu da elementu zentral gisa eta aipatutako jardueren bitartez gaia maila teorikotik praktikoago batera eramanez landu nahi da. EGKtik, hezkidetzaren lanketari garrantzia eman eta hau prozesu gisa ulertzen dugun heinean aurrera begira ere prozesu honen baitan lanean jarraitzeko ardura hartu dugu, asko baitago egiteko, ikasteko eta lantzeko eta aldi berean eman diren aurrerapen eta esperientziak balioan jartzea ezinbestekoa delako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.