Langabezia gazteen arazo nagusietako bat bilakatu da. Aurtengo lehen hiruhilekoan, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) arabera, Nafarroan 25 urtetik beherakoen 31,3 langabezian zegoen, eta kopuru hori % 39raino igo zen Euskal Autonomia Erkidegoan. Gazte askok unibertsitateko eta masterreko tituluak lortu dituzten arren, oraindik ere zailtasunak dituzte lan munduan sartu ahal izateko.

Prekarietateak eta langabeziak lan agertoki bat definitzen dute, non, gainera, ikasitakoaren eta merkatuko eskariaren arteko elkarrekikotasun falta gero eta ohikoagoa den.

Langile kualifikatuak hautatzeko Hays enpresa espezializatuak egin duen txosten baten arabera, Espainiako enpresen % 90ek zailtasunak dituzte berariazko lanetarako profil egokiak aurkitzeko.

Horrek ez du esan nahi gazteek prestakuntza defizitarioa dutenik. Egia da aldea dagoela ikasgelan eskuratutako ezagutzen eta lanpostu batean funtzionatzeko behar diren benetako gaitasunen artean, baina, aldi berean, iraultza teknologikoa etengabe ari da aldatzen lan egiteko modua, eta joera hori askoz nabarmenagoa izango da datozen urteetan.

Enplegu berriak agertuko dira eta, gaur egun, ez dago horientzat berariazko prestakuntzarik. Eta litekeena da, halaber, ikasleek gaur egun ikastetxean edo unibertsitatean ikasten dituzten zenbait ezagutza zaharkituak izatea graduatzen direnean.

Giza ezaugarriak

Kualifikazio eta lehiakortasun handiko merkatu batean, enpresek, hautagaien prestakuntza eta esperientzia baloratzeaz gain, gero eta gehiago hartzen dituzte kontuan hautagaiaren nortasuna eta hark irtenbideak emateko, arazoak eraginkortasunez konpontzeko eta egoera berrietara egokitzeko duen gaitasuna.

Gainera, zereginak automatizatu eta digitalizatu ahala eta lanpostuen erantzukizunak aldatu ahala, giza ezaugarriak funtsezko elementu berri eta baliotsu bihurtzen dira langileentzat. Makinek ezin dute enpatia, sormena edo lidergoa imitatu.

Arrakasta profesionala ez dago jada karrera batean lortutako ezagupenen edo trebetasun gogorren (‘hard skills’) mende soilik; aitzitik, beste gaitasun batzuk ere baditu, lehen gutxiago haztatzen zirenak, baina gero eta garrantzitsuagoak direnak: trebetasun bigunak edo pertsonen artekoak (‘soft skills’).

Are gehiago, pandemiak erabat aldatu ditu lan-merkatua eta lanpostuarekin erlazionatzeko modua. Telelana modu orokorrean zabaltzeaz gain, enpresek langile berriak kontratatzeko orduan bilatzen dituzten trebetasunak ere zabaldu dira. Gainera, badirudi aldaketa horiek, gutxienez, urte batzuk gehiago iraungo dutela.

Horrela, gaur egun, langileen nortasuna haien ezagutzak eta esperientzia bezain garrantzitsua da enpresentzat. Erakunde guztiek nahi dute langileek beren lana ondo egitea. Hala ere, jarrera positiboa izatea eta lan-ingurune konstruktiboa sortzen laguntzea ere nahi dute. Azken finean, lan-ingurune produktibo eta osasungarria horren araberakoa da. Izan ere, lana pertsonen arteko espazioa da, non harremanak eraiki eta sustatu, perspektibak trukatu eta gatazkak konpondu behar diren.

Horregatik, zuzendariek langileen gizarte-trebetasunak baloratzen dituzte, pertsonek talde eta erakundearen osotasunean funtzionatzea eta aurrera egitea ahalbidetzen dutelako. 

Hori dela eta, arrakasta profesionala ez dago jada karrera batean lortutako ezagupenen edo trebetasun gogorren (hard skills) mende soilik; aitzitik, beste gaitasun batzuk ere baditu, lehen gutxiago haztatzen zirenak, baina gero eta garrantzitsuagoak direnak: trebetasun bigunak edo pertsonen artekoak (soft skills).

Trebetasun unibertsalak

Trebetasun gogorren eta bigunen arteko desberdintasun nagusia oso argia da. Lehenengoak neurtzeko eta definitzeko errazak diren bitartean, bigarrenak zehaztea zailagoa da. 

Gaitasun gogorrak neur daitezkeen talentu eta trebetasunak dira. Oro har, lan jakin baterako berariazkoak dira, eta trebatuz edo gaituz ikas daitezke. 

Bestalde, trebetasun bigunak ez dira hain definituak, eta, sarritan, ez daude lan espezifiko bati lotuta, nolabait, unibertsalak direlako. 

Gaitasun bigunak pertsona batek, bere lanbidea edozein dela ere, garatzen dituen zeharkako trebetasunak dira eta oso baliotsuak dira, edozein industriara, lanera edo
bizi-eremutara transferi daitezkeelako.  

Horrela, trebetasun gogorrak curriculumean ziurtagirien edo tituluen bidez egiazta daitezkeen horiek bezala uler daitezke. Adibidez, trebetasun gogorrek honako kontzeptu hauek barnean hartzen dituzte: atzerriko hizkuntza bat jakitea, hodeiko konputazioaren, programazioaren, informatikaren eta abarren gaineko jakintza. Trebetasun bigunak, ostera, norberari lankideekin eta bezeroekin harreman iraunkorragoak eraikitzen laguntzen dioten horiek izango lirateke.

LinkedInek argitaratutako ‘Talentu Joera Globalak 2019’ txostenean jasotzen zenez, adimen artifizialaren eta automatizazioaren hazkundearekin batera, lan-merkatua erabat aldatzeaz gain, talentuarekin lotutako profesionalen eta kontratazio-kudeatzaileen % 92k diote trebetasun bigun sendoak dituzten hautagaiak gero eta garrantzitsuagoak izango direla.

Izan ere, “hautagai perfektua kontratatzea arrakasta edo porrota izan liteke; izan ere, % 89k uste dute gaitasun bigun horiek ez dituztenak kontratazio txarrak direla”.

Zeharkako gaitasunak

Trebetasun bigunak edo soft skills-ak honela defini daitezke: “portaera-trebetasunak”, pertsona-arteko trebetasun, egoera eta emozio multzo bat, enpresari eta bere giza taldeei laguntzen diena inguruko munduaren konplexutasunari eta aurreikusteko ezintasunari aurre egiten. Enpresek pertsona arinagoak eta egokigarriagoak bilatzen dituzte, merkatuko aldaketa azkarrei aurre egiteko gai direnak.

Pertsona batek, bere lanbidea edozein dela ere, garatzen dituen zeharkako gaitasunak direnez, trebetasun bigunak oso baliotsuak dira, edozein industriara, lanera edo bizi-eremutara transferi daitezkeelako. Beste askoren artean, entzute aktiboa, sormena, ikasteko gaitasuna, talde-lana edo erresilientzia bezalako ezaugarriak oso preziatuak dira lan merkatuan.

Gaur egun, giza ezaugarriak funtsezko elementu berri eta baliotsua dira langileentzat. Makina batek ezin izango du enpatia, sormena edo lidergoa imitatu.

Soft skill-ak gaitasun sozialen, komunikazio-trebetasunen eta nortasunaren ezaugarrien konbinazioa direnez gero, zenbait pertsonak horiekin jaio eta modu naturalean erabiltzen dituzte. Eta ikastaro teoriko batean ikasten ez diren trebetasunak izan arren, posible da horiek entrenatzea bizitza osoan zehar. Horregatik, etengabeko prestakuntza eta lan-bizitza osoko ikaskuntza dira hain garrantzitsuak.

IEBS Business School negozio-eskola digitalaren iritziz, soft skill-ak “hautagai egokien eta idealen arteko aldea” dira. Izan ere, kontratazio-irizpideak ez dira gaitasun teknikora eta ezagutza espezializatuetara soilik mugatzen. Lanpostu bakoitzak elkarreragina behar izaten du beste pertsona batzuekin, lankideekin edo bezeroekin, eta, hortaz, trebetasun sozialak funtsezkoak dira. 

Gehien eskatzen diren hamar ‘trebetasun bigunak’

IEBS Business School negozio-eskola digitalak aurten errekrutatze-prozesuetan gehien eskatzen diren hamar “trebetasun bigunen” zerrenda osatu du. Honako hauek lirateke:

  • Erresilientzia. Gaur egun bizi dugun bezalako egoera batean, une txarretara egokitzeko gai izatea eskatzen da eta krisi-egoeran indartsu, paziente eta lasai egotea.
  • Pentsamendu kritikoa. Analitikoagoak, ikertzaileagoak eta ikusnahiagoak izateko gaitasuna eskuratzeaz gain, ideia berriak izateko aukera ematen du. Horrek arazoak hobeto konpontzen laguntzen du.
  • Konpromisoa. Lan-arloan zein esparru akademikoan, garrantzitsua da enpresaren edo ikastetxearen helburuarekin konprometituta egotea. Horrek motibazio, kontzentrazio, lanaren kalitate eta, beraz, produktibitate handiagoa ematen du. 
  • Malgutasuna. Une zailetan edo ziurgabetasun-uneetan, funtsezkoa da egokitzeko behar besteko malgutasuna izatea. Gauza bera gertatzen da lanean zein eskolan: lan egiteko modu berrietara egokitzen jakin behar da, tresna berriak erabiltzen eta denboran zehar gerta daitezkeen aldaketak onartzen.
  • Taldean lan egiteko gaitasuna. Telelanarekin edo online hezkuntzarekin, beharrezkoa izan da taldekideekin lankidetzan aritzeko gaitasuna erakustea, adibidez, horretarako erabili diren zereginak banatzeko edo komunikatzeko tresnak azalduz.
  • Hazkunde-mentalitatea. Erronka berriei aurre egiteko prest egotea eta etorkizuneko ikuspegia izatea.  
  • Etengabeko ikaskuntza independentea. Etengabe ikasteko irrika izateaz gain, ezinbestekoa da teknologia, programa eta sistema berrien inguruan ikasteko gaitasuna izatea. Trebetasun hori oso garrantzitsua da egungo lan merkatuan.
  • Sormena. Hasieratik sortzeko trebetasun artistikoa ez ezik, aurrean dagoena baino haratago ikusteko gaitasuna ere garrantzitsua da. Horrek esan nahi du ‘konfort-eremutik’ atera behar izatea, kontzeptu edo erronka berritzaileen alde egiteko. 
  • Erabakiak hartu datuetan oinarrituta. Datuen analisia eta, oro har, Big Data, ezinbesteko trebetasunak bilakatu dira enpresa digitalentzat. Ezagutza horiei esker, baliabideak inbertitzeko edo ez inbertitzeko aukera egokienak zein diren jakin daiteke, baita ondoriorik eraginkorrenak atera ere.  
  • Gaitasun digitalak. Bideo-dei bat egiteko gai izatetik edo urrutitik emankorra izateraino, programa edo tresna digital berrien funtzionamendua azkar ikasteraino. Enpresek trebetasun horiek areagotzeko orduan proaktiboak diren eta erabat egokituta dauden enplegatuak bilatzen dituzte.

Zergatik dira hain baloratuak trebetasun bigunak?

Automatizazioak zeregin errepikakor eta oinarrizkoenak bere gain hartu ahala, gizarte- eta emozio-trebetasunak gero eta garrantzitsuagoak bilakatzen ari dira. Etorkizunean gehien baloratuko diren trebetasunak adimen artifizialak erreplikatu ezin dituen horiek izango direla uste da. Ildo horretan, trebetasun bigunen garrantzia azaltzeko arrazoi nagusietako bat da langileak makinetatik bereizten dituztela.

Baina badira giza-baliabideetako arduradunek aintzat hartzen dituzten beste hainbat arrazoi, adibidez, honako hauek:

  • Trebetasun bigunek beren lana ondo egiteaz gain, ahalegin gehigarria ere egingo duten eta lan-ingurunean eragin positiboa izango duten langileak identifikatzen laguntzen dute.
  • Konpainiak edo erakundeak ebaluatu dezake hautagaiak enpresaren filosofiarekin eta kulturarekin bat egingo duen ala ez.
  • Trebetasun bigunei esker, enpresek hautagai bat kontrata dezakete, bere potentzialaren arabera, eta ez soilik bere trebetasunen arabera.
  • Junior lanpostu baterako, zentzua du ‘ikasteko borondatea’ eta ‘nortasun egokitzailea’ duten hautagaiak bilatzea, aditu bat kontratatu beharrean.
  • Kontratazio-prozesuan gizarte-trebetasunak kontuan hartzeak hautagaiaren irudi osoa ematen dio Giza Baliabideetako taldeari kontratazio-erabakiak hartzerakoan.
  • Bi hautagaik antzeko aurrekari akademikoak eta profesionalak dituztenean, litekeena da kolaboratzaileena eta malguena dena kontratatzea.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.