Agur erabilera bakarreko plastikoei

Plastikoen kontsumoa murriztea eta mota horretako hondakinek ingurumenean dituzten ondorio kutsatzaileak eta kutsadura mota horrek gizakien osasunean eragin ditzakeen ondorio kaltegarriak leheneratzen saiatzea dira kutsadura saihesteko erronka nagusietako batzuk. Kontuan izan behar da 2000. urtetik gaur arte plastiko gehiago ekoitzi direla munduan, gizateriaren gainerako historia osoan baino.

Urtero, 400 milioi tona plastiko ekoizten dira munduan. Kopuru horretatik, % 36 erabilera bakarreko produktu plastikoei dagokie. Azken horiek dira kezka gehien sortzen dutenak.

Elikagai eta edarien ontziak, bilgarriak, plastikozko poltsak, lastotxoak, poliestireno hedatuzko bilgarri eta ontziak, film-papera, belarriak garbitzeko makilatxoak… Objektu horiek guztiak erabilera bakarra izateko diseinatuta daude: erabili eta botatzeko produktuak dira, edo elikagaiak edo bestelako objektuak biltzeko produktuak.

Kontsumitu bezain pronto hondakin bihurtzen diren horrelako produktuen izaera iragankorra eta ingurumenean deskonposatzeko behar duten degradazio-denbora luzea dela eta produktu horiek kutsatzaileak dira.

Europar Batasunean debekatuta dago erabilera bakarreko plastikozko mahai-tresnak (koilarak, sardexkak, ganibetak eta zotzak), erabilera bakarreko plastikozko platerak, lastotxoak, plastikoz egindako belarrientzako kotoizko makilatxoak, puxikak eusteko plastikozko makilatxoak, eta plastiko oxodegradagarriak eta poliestirenoko katiluak.

2015. urtean, Georgiako Unibertsitateak ohartarazi zuen itsasoek urtean zortzi milioi tona plastiko jasotzen zituztela; erritmo berean jarraituz gero, 2025ean kopuru hori 17,5 milioi tonara iritsiko litzateke.

Isurketa ozeaniko horiek bildu eta plastikozko uharte flotagarriak eratu dituzte. Ozeano Barean bada Frantziako azalera hirukoizten duen plastikozko zabor uharte bat. Itsasoan diren hondakin plastikoak, urtero, 100.000 itsas ugaztun eta milioi bat hegazti hil izanaren erantzuleak dira.

Hala jarraituz gero, Munduko Ekonomia Foroak (WEF) uste du 2050. urterako ozeanoetan arrainak baino plastiko tona gehiago egongo dela. 

Iaz, Italian, sabelean 20 kilo plastiko baino gehiago zituen balea bat aurkitu zuten –erabili eta botatzeko platerak, erosketa-poltsak eta detergente botila bat, oraindik barra-kodea eskaneatzeko aukera ematen zuena prezioa ezagutzeko–. Animaliek zaborra janaria dela uste dute, intoxikatu egiten dira eta horrek, kate trofikoaren bidez, eragina du gainerako animaliengan, baita gizakiengan ere. 

Erabilera bakarreko plastikoen erabilera debekatuta

Larrialdi-egoera horrek erabili eta botatzeko plastikoen kontsumoaren aurkako lege-ekintzak bultzatu ditu munduko hainbat eskualdetan. 2019ko martxoan, Europako Parlamentuak Europar Batasunean (EB) aurtengo uztailaren 3tik aurrera erabilera bakarreko plastikoen salmenta debekatzen duen zuzentaraua onetsi zuen.

Europako Batzordearen arabera, itsasoan aurkitutako zaborraren % 80 baino gehiago plastikoa da. Zuzentarau horrek bere gain hartzen dituen produktuak itsasoko hondakin guztien % 70 dira. OCUk (Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak) egindako azterketa batean itsas jatorriko 102 elikagai aztertu ziren eta horietatik, % 68an, mikroplastikoak aurkitu ziren: gatza, moluskuak (muskuiluak, muxilak eta txirlak) eta krustazeoak (otarraina, ganbak eta otarrainxkak).

Europako araudiaren helburua da dagoeneko alternatibak dituzten erabili eta botatzeko plastikozko produktuak merkatutik kentzea. Horrela, Europar Batasunean debekatuta dago erabilera bakarreko plastikozko mahai-tresnak (koilarak, sardexkak, ganibetak eta zotzak), erabilera bakarreko plastikozko platerak, lastotxoak, plastikoz egindako belarrientzako kotoizko makilatxoak, puxikak eusteko plastikozko makilatxoak, eta plastiko oxodegradagarriak eta poliestirenoko katiluak.

Espainiaren kasuan, Gobernuak ziurtatu du debekua ere “eraginkorra” dela uztailaren 3tik aurrera, nahiz eta hura arautzen duen Europako zuzentaraua oraindik antolamendu juridiko nazionalera egokituta ez egon. Hala, uztailaren 3tik aurrera, Espainiako merkatuan ezin da erabilera bakarreko plastikozko produkturik sartu, plastiko oxodegradagarrikoak barne, eta higiene-artikuluak Europar Batasuneko araudi berriaren arabera markatu behar dira.

Birziklatze gehiago

2019an onartutako Zuzentaraua ez da erabilera bakarreko plastikoen gaia arautzera mugatzen;  plastikoek eragiten duten kutsadura mugatzea du helburu, gero eta larriagoa den arazoa baita. Horrela, birziklatze helburu berriak zehazten ditu. Horien arabera, adibidez, 2029. urterako Estatu kideek plastikozko botilen % 90 birziklatu beharko dituzte; 2025. urterako plastikozko botilen laurden bat birziklatua izan beharko du eta 2030. urterako % 30.

“Birziklagarritasuna” da produktu honek gizakiaren eta planetaren osasunean dituen ondorio kaltegarri larrien arazoa gaindi dezakeen hitz giltzarria. Neurri horren bidez, Europar Batasunak plastikoen birziklatze-tasa hobetu nahi du. Gaur egun, Europan, plastikoaren % 40 erabili eta botatzeko ontziak egiteko erabiltzen da. Kopuru hori, World Wildlife Fund (WWF) erakunde ekologistak 2018ko txosten batean azaldu zuenez, Europan kontsumitzen den plastiko guztiaren % 6aren baliokidea da. 

Europan, plastikoaren % 40 erabili eta botatzeko ontziak egiteko erabiltzen da. Helburua birziklatze-tasa hobetzea da, gaur egun bakarrik kontsumitzen den plastikoaren % 6 inguru bakarrik birziklatzen baita.

Gainera, Europak ordezkapen zaila duten erabilera bakarreko plastikoen erabilera ere mugatuko du. Modu horretan estatu kideak produktu horien kontsumoa murriztera behartu nahi dira eta fabrikatzaileei hondakinak kudeatzeko eta garbitzeko betebehar berriak esleituko zaizkie.

“Kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioa indartzen da, tabakoaren kasuan bereziki, ekoizleentzat erantzukizun zabaldua ezarriko baita. Arrantza-aparailuen fabrikatzaileek ere erantzukizun handiagoa izango dute, itsasoan galdutako sareak biltzearen kostua beren gain hartu beharko baitute.

Fabrikatzaileek, halaber, plastikozko iragazkiak dituzten zigarroek, plastikozko katiluek, paper-zapi hezeek eta higiene-konpresek ingurumenean duten eraginari buruzko oharrak sartu beharko dituzte etiketetan.

Erabilera bakarreko plastikoak kentzeko arrazoiak

2015. urtean, mundu osoan, 400 miloi tona inguru plastiko ekoitzi ziren. Kopuru horretatik, % 36 inguru, plastikozko ontziak ziren. Beraz, kopuru horiek aintzat hartuta,  erabilera bakarreko 141 milioi tona plastiko ekoitzi zen mundu osoan.

Plastikoen ekoizpena eta kontsumoa da munduan hondakin ez-organiko gehien sortzen dituen iturria. National Geographicen arabera, sortutako hondakin plastiko guztien % 91 ez da birziklatzen. Horri buruzko neurririk hartu ezean, zientzialariek espero dute 2050erako 12 milioi tona metriko plastiko metatuko direla mundu osoko zabortegietan eta ingurune naturalean.

Erabilera bakarreko plastikoz egindako objektu gehienek ehunka urte behar dituzte ingurune naturalean degradatzeko. Plastikozko poltsek 400 urte baino gehiago iraun dezakete, edarietarako lastotxoek 200 urte baino gehiago behar dituzte; uretarako eta freskagarrietarako plastikozko botilek 450 urte baino gehiago behar dituzte degradatzeko; poliestireno hedatuz (forespana) egindako bilgarri eta ontziek 500 urte baino gehiago behar dituzte degradatzeko.

2015. urtean, mundu osoan, 400 miloi tona inguru plastiko ekoitzi ziren. Kopuru horretatik, % 36 inguru, plastikozko ontziak ziren. Beraz, kopuru horiek aintzat hartuta, erabilera bakarreko 141 milioi tona plastiko ekoitzi ziren mundu osoan. 

Europako Batasunaren arabera, 2015. urtean mundu osoan sortutako hondakin plastikoetatik % 9 baino ez zen birziklatu. Hondakin plastiko horien % 12 erraustu egin zen, eta, horren ondorioz, hainbat mikroplastiko eta agente kutsatzaile atmosferara askatu ziren. Gainerako % 79 zabortegietan pilatu edo ingurumenera isuri zen.

Produktu plastikoen hondakin gehienak itsasoan amaitzen dira, ozeanoetako ekosistemak kutsatuz eta planetako bazter guztietara iristen diren mikroplastikoetan zatituz. Zortzi milioi tona plastiko inguru isurtzen dira urtero mundu osoko itsasoetan. Itsas ingurunea erritmo horretan kutsatzen jarraituz gero, 2050. urterako plastiko eta arrain kantitate bera egongo dela aurreikusten da. 

Plastikoek eragindako kutsadura ozeanoetako hondakin eta zabor guztien % 95 da. Horrelako hondakinak janaritzat hartzen dituzten 600 itsas espezie baino gehiagori eragiten die kutsadura horrek. Mikroplastikoak kate trofikoan sartzen dira eta espezie gehiagotara iristen dira, gizakiak barne. Poluzio-erritmo horretan, 2050ean, itsas espezieen % 99k hondakin plastikoren bat hartuko luke.

Plastikoa jaten ari gara. Uste duguna baino gehiago

Azken aurrerapen zientifikoei esker mikroplastikoak gure planetaren edozein txokotan aurki daitezkeela egiaztatu ahal izan da. Mikroplastikoak plastikozko partikula txikiak dira, 5 milimetro baino gutxiagoko tamaina dutenak. Nanoplastikoak, berriz, askoz txikiagoak diren plastikozko partikulak dira. Horien tamaina 0,1 mikra baino txikiagoa da.

Plastiko partikula txiki horiek nonahi aurki daitezke gure planetan: lurrean, itsasoan, ibaietan, lakuetan eta bestelako ur masa handietan… Gainera, haizeak lagunduta, ehunka kilometro egin dezakete airean zehar. Ondorioz, esan bezala, nonahi aurki daitezke.

Mikroplastikoak plastiko zati handiagoen degradazio eta zatitzearen ondorioz, errausketaren ondorioz edo prozesu kimikoen ondorioz sortzen dira. Plastikoek eta mikroplastikoek ingurumenean eragiten dituzten ondorio negatiboak guztiz egiaztatuta daude, nahiz eta giza osasunerako izango luketen potentzial negatiboa oraindik zehaztu gabe dagoen.

Kala Senathirajah eta Thava Palanisami ikertzaileek egin duten How Much Microplastics Are We Ingesting?: Estimation of the Mass of Microplastics Ingested (Zenbat mikroplastiko ahoratzen dugu? Ahoratutako mikroplastikoen  masaren estimazioa) ikerketaren arabera,  batez beste, gizaki bakoitzak 5 gramo mikroplastiko inguru irensten ditu astean, hau da, 21 gramo hilean eta 250 gramo plastiko urtean. Kopuru horiek bere osotasunean ulertzeko, astean kreditu txartel bat osatzen duen adina plastiko jaten ari garela esan liteke; hilean pertxa bat eta urtetan polietileno tereflatatozko litro erdiko 29 botila inguru. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.