Ez da sekretua gazteenak mila aldiz erosoago sentitzen direla mezu bat idazten dei bati erantzuten baino. Askori, gainera, dei bat erantzuteak antsietatea eragiten die. Millenial izenarekin ezagutzen den belaunaldia, hau da, 1981 eta 1996 bitartean jaiotako hori, ‘belaunaldi mutua’ izenarekin ere ezagutzen da, hain zuzen ere, telefonoz hitz egiteko duen ezinikusi horregatik. Ondorioz, idatzizko mezuen erabilera ia esklusiboa nagusitu da (Whatsapp, Telegram edo bestelako aplikazioen bidez) eta sarritan ikus daitezke gazteak txirrina jotzeari utzi arte itxaroten idatziz erantzuteko. Asko dira telefonoa beti isil moduan jartzen dutenak deiak ez entzuteko.

Azken finean jarrera horiek argi erakusten dute belaunaldi arrakala bat dagoela telefonoaren erabilerari dagokionez. Helduen kasuan telefono-deia da komunikatzeko lehenesten den metodoa, azkarragoa, zuzenagoa eta eraginkorragoa dela uste dutelako. Millenials edo Z Belaunaldiaren kasuan, natibo digitalak direnez gero, idatzizko edo ahozko mezuak nagusitzen dira eta, esan bezala, gehienek telefono-deiekiko nolabaiteko narda azaltzen dute.

“Itxaron, berehala deituko zaitut” ezagun hori mehatxu gisa hartzen dute, galduko duten hamar minutu, egiten ari diren hori utzi behar arreta guztia dei horretan jartzeko. Gazteenentzat, idatziz komunikatzeko aukerak erantzuna beste une hobe batera atzeratzeko abagunea ematen du, bidali nahi den mezu horri beharrezkoa den denbora guztia emateko eta mezu hori komunikazioa aldatzen eta zehazten duten hainbat emotikonoekin osatzeko.

Natibo digitalen belaunaldiek jada barneratuta dute plataforma digitalen bidezko komunikazioa eta oso zaila egiten zaie atzerapauso bat ematea eta erantzun bat emateko denbora kudeatzeko aukera hori ahanztea. 

Eta WhatsApp erortzen bada?

Joan den urriaren 4an, 6 orduz, WhatsAppek, Facebookek eta Instagramek izan zuten etenak antsietatea eragin zuen pertsona askorengan, bereziki, baina ez bakarrik, gazteen artean, hiru sare sozialetatik gutxienez bat ohi bezala erabiltzeko ezintasunagatik.

Gazte askok Telegram instalatu behar izan zuten. Beste batzuk Twitter-era pasatu ziren eta beste zenbait, hala nahi ez izan arren, zenbait orduz, telefono-deiak eta ohiko testu mezuak (SMS) erabili behar izan zituzten. Horrela, telefono konpainiek azaldu dutenez, etena iraun zuen bitartean, telefono-deiak % 30 eta % 60 artean igo ziren aurreko egunarekin alderatuta.

Garbi dago telefonoz hitz egitea ia bitxikeria bihurtu dela, eta, lehen ez bezala, jada ez da komunikatzeko modu garrantzitsuenetako bat. Fundación Telefónicaren La Sociedad Digital en España txostenaren arabera, erabiltzaileek gero eta telefono-dei gutxiago dituzte eta berehalako mezularitza aplikazioak erabiltzen dituzte. Eta hori paradoxa handia da, izan ere, telefono hitzak, ‘tele’ eta ‘phonos’ hitz grekoetan jatorria duenak, urrunetik hitz egitea adierazi nahi du.

Eta erabiltzaile gehienek mezu idatzien bidez komunikatzea nahiago duten arren, 2020an, pandemiaren ondorioz, bideo-deiek hazkunde itzela izan zuten.

Horrela, Fundación Teléfonicak argitaratu duen aipatu txostenaren arabera, Covid-19aren pandemiak eragindako mugikortasun murrizketen aurrean, Hego Euskal Herriko biztanleek masiboki bideo-deietara jo zuten beren senideekin eta lagunekin harremanetan jarraitzeko eta betebehar profesionalekin edo prestakuntza-betebeharrekin jarraitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan bideo-deiak erabili zituzten erabiltzaileen kopurua 26,4 puntutan hazi zen 2020. urtean, % 80,1era iritsiz. Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, internet bidez egindako deiak erabili zituzten biztanleen portzentajea 2019. urteko 56,7tik 2020. urteko % 82,2ra pasatu zen.

“Telefonofobia”

Berriki ezagutzera eman den “Why millennials hate talking on the: Generation mute, millenials phone call statistics” ikerketak, 1981. eta 1996. urteen artean jaiotako 1.200 gazte estatubatuarri egindakoak, gazteek beren gurasoek edo aiton amonek ez bezala telefonoz hitz egiteko duten ezinikusia berresten du. Ikerketa horren arabera, belaunaldi gazteenek nahiago dute telefono-deiak bat-batean erantzun behar ez izatea. 

Pantaila bati itsatsita hazi direnez gero, “Belaunaldi mutua” izenarekin ezagutzen den belaunaldia osatzen duten gazteek dagoeneko “telefonofobia” izeneko sindromea dutela esaten da. Gezurra badirudi ere, gazte askori antsietatea eragiten die ahotsaren bidez beste norbaitekin elkarri eragin behar izatea. Deiak egiteko edo jasotzeko nagikeria horren atzean den arrazoia da, antza denez, gure burmuina pantailak bitarteko gisa izateak ematen duen erosotasunera egokitu dela.

Horrela, BankMyCell konpainiak egin duen inkesta baten arabera, millenials gazte estatubatuarren
% 81ek, kosta ahala kosta, telefono-deiak egitea saihesten du eta zenbait kasutan, deiak egin aurretik prestatu behar dira ekintza horrek antsietatea eta uzkurtasuna eragiten dielako. Era berean, dei bat jasotzea beren bizitza pertsonalean sartzea dela iruditzen zaie, nahiago baitute WhatsApp bidez elkarreragin. Eta % 88k nahiago luke mugikorrean nabigatzeko datu mugagabeak izatea, deiak baino. 

Belaunaldi Mutua: Zergatik ez dute telefonoz hitz egin nahi?

Ikerketaren ondorio nagusien arabera, millenialsen % 75ek deiak ekiditen ditu “denbora gehiegi alferrik galtzen delako”, eta % 64k, berriz, uste du pertsona “kexati” edo “mesede bat eskatuko dizun” norbait izango dela (% 49). 

Telefono-deiei entzungor egiteko beste arrazoien artean honako hauek nabarmentzen dira: “hitzezko konfrontazioari eta zer esan pentsatu beharrari beldurra” (% 46), “beste pertsona batzuk elkarrizketa entzuten egotea” (% 41) edo, “laneko dei deseroso bat izatea” (% 37).

Millenials gazteen hiru laurdenak telefono-deiak saihesten dituzte denbora alferrik galtzea uzten dutelako. % 64k uste du pertsona “kexati” edo “mesede bat eskatuko dizun” norbait izango dela.

Garbi dago telefono-deia egiten duen pertsonak hogeita hamaika eskutik duela, azken finean, berak erabaki baitu noiz eta zein baldintzatan (mentalak zein materialak) egin nahi duen deia. Ostera, deia jasotzen duenak ez daki ezer: zertarako deitzen dioten, zer iraupena izango duen deiak, zer nolako garrantzia duen edo zein gai jorratuko diren… Horregatik guztiagatik, jende askorentzat telefono-deiak ‘erasoak’ dira.

Era berean, telefono-dei batek ematen duen hitzik gabeko informazio ugariaren ondorioz, solaskideak ‘gardenagoak’ dira. Egokia ez den eten batek, ahotsaren doinuan aldaketa txiki batek edo duda-muda batek gai baten inguruko ezjakintasuna azal dezakete edo beste pertsona gorroto edo maite duzula. 

Aitzitik, idatzizko mezuek gogoetarako tarte handiagoa ematen digute, erantzunak ondo pentsatzeko aukera ematen dute, nahiz eta horretarako denbora gehiago hartu behar den. Idatziz, pertsonaren ‘esposizioa’ txikiagoa da eta zirrarak kontrola daitezke. 

Telefono-dei bat ez erantzuteko aitzakiak

BankMyCellek egin duen txostenean norbaitek deitzen duenean deia ez erantzuteko ematen diren aitzakien inguruan ere galdetu da.

Gehiengoak bistakoa den arrazoia aipatzen du: % 63k telefonoaren txirrina entzun ez duela dio. Gehien aipatzen diren bestelako aitzakiek askoz erantzun gutxiago lortu dituzte: % 12k dio “seinalean arazoren bat izan dela”; % 9k “bilera batean nengoen” argudiatzen du; % 5ek “telefonoa galdu” duela esanez desenkusatzen da; % 4k “telefonoa matxuratuta” duela dio; eta, azkenik, % 1ek “zenbaki ezkutu bat azaltzen zela” dio.

Gazteek ere lehentasuna dute norbaiten deiari ez erantzuteko orduan. Gehienek nahiago dute lagunei kasurik ez egitea (% 29) eta, jarraian, familia (% 25), lankideak (% 21), nagusia (% 14) edo bazkideak (% 11) aipatzen dituzte.

Egokitzeko beharra

Ikerketaren arabera, emaitzek erakusten dutenari jarraiki, aurreko belaunaldietako pertsonek (X belaunaldia edo Baby Boom) errealitate berrira egokitu beharko dute gazteenekin komunikazio naturala izaten jarraitu nahi badute.

Azterlanak gomendatzen duenaren arabera, pertsona helduek “telefono-deiak arbuiatzeagatik millennial gazteak baldar gisa kalifikatu ordez” orain komunikatzen diren erara egokitu beharko lukete eta gazteenentzat telefono-deiak “disruptiboak” direla onartu.

Azterlanak ere gomendio bat ematen die publizitate-enpresei, batez ere telesalmenta-enpresei, gero eta zailtasun handiagoak baitituzte gazteekin konektatzeko, euren ‘target’ nagusia, telefono-deiaren metodo tradizionalaren bidez. 

‘Millenials’ gazteentzat ere bada gomendio bat azterlan horretan. Une oro pantaila baten atzean ezkutatu edo isolatu beharrean, bestelako komunikazio mota zuzenagoak (nagusiki hitzezkoak) ere probatzeko eskatzen zaie horrek izan ditzakeen onura mentalak ezagutu ditzaten. Izan ere, gazte askok duten telefono mugikorrekiko menpekotasunak osasun mentaleko arazoak ekar ditzake helduaroan.

Denbora alferrik galtzea, aztoratzaileak, harroputzak eta ez eraginkorrak

BankMyCellek egin duen azterlanean bildutako datuek argi uzten dute natibo digitalek ez dituztela telefono-deiak gustuko eta millenials gazteek zergatik nahiago dituzten idatzizko mezuak ere azaltzen da:

  • Telefono-deiak luzeegiak izan daitezke. Ez dago jakiterik telefono-dei batek zer nolako iraupena izango duen. Gazteek nahiago dute komunikazioa azkarragoa izatea eta erantzun zuzenak edukitzea..
  • Telefono-deiak aztoratzaileak dira. Kasu gehienetan, dei bat jasotzen denean telefonoek dar-dar egiten dute. Hori eguneko ausazko une batean gerta liteke eta, erantzuten bada, egiten ari den edozein jarduera oztopa dezake. Millenialsek telefono-deiak gorrotatzeko beste arrazoi bat.
  • Telefono-deiak harroputzak dira. Orokorrean, norbaitek deitzen duenean, bere beharrak handiagoak dira eta ziurtzat jotzen du hartzaileak denbora nahikoa duela dei hori erantzuteko. 
  • Telefono-deiak ez dira eraginkorrak. Mezularitza-zerbitzuak erabiltzen direnean, norberak erabakitzen du noiz sartu eta noiz atera. Gainera, posta elektronikoko edo berehalako mezularitza aplikazio baten bidez mezu bat  bidaltzen denean, mezua zuzena izan ohi da eta funtsik gabeko esaldiak, adibidez, “gaurko eguraldia”, alde batera uzten dira. 
  • Telefono-deiak gogaikarriak izan daitezke. Desorduko dei bat jasotzeak erantzun negatiboa eragiten du. Askok hasperen egiten dugu edo begiak zuri jartzen ditugu laguntza eskatzen duen edo aspertuta dagoen lagun batek une desegoki batean deitzen duenean. 
  • Telefono-deiek estresa eragiten dute. Laneko hainbat testuingurutan telefono-deiek estresa eragin dezakete, bereziki, epemuga batetik gertu gaudenean edo lanetik irteteko prest garenean.
  • Jendeak ez ditu gatazkak gustuko. Telefono-dei batean zaila izaten da erantzun lasaiak eta sosegatuak ematea. Horrek zaurgarritasun-sentsazioa ematen die gazteei, batez ere hanka sartzen dutela iruditzen bazaie. 
  • Deiak gutxitan dira pribatuak. Mezu bat idazten duzunean, inguruan diren pertsonek nekez jakin dezakete zer idazten ari zaren. Dei batean, ostera, pribatutasuna nahi bada, bazter batera jo behar da ingurukoek zer esaten duzun entzun ez dezaten.

SHARE

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.