Euskariana euskal kultura edukiak atari digitala
© Shutterstock.com

Abian da Euskariana, euskal kulturari buruzko edukiak eskuratzeko atari digitala. Aste honetan bertan egin da aurkezpen ofiziala Bilbon eta bertan izan dira hainbat erakundetako ordezkariak. Izan ere,  Euskariana euskal kultur erakunde, artxibo, liburutegi eta museo guztiek parte hartzen duten elkarlaneko egitasmoa da. Bertan, hainbat katalogo kolektibotatik (Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Bilgunea, Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa) eta biltegietatik datozen funtsak biltzen dira. Euskal liburutegi digital berria hainbat erakunderen ahaleginen bilgune izango da, hala nola, Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak, udalak, unibertsitateak, Eusko Ikaskuntza, Eresbil eta Sancho el Sabio, Labayru eta Benediktinoen fundazioak.

Euskal kultur ondarea

Euskarianak euskal autoreek sortu duten guztia, Euskadin argitaratu den guztia eta munduko edozein tokitan euskal gaiei buruz sortu den guztia jasotzea du helburu. Euskaraz sortutako edukiez gain, euskarara itzulitako edukiak ere jasoko ditu. Une honetan, 750.000 multimedia-objektu baino gehiago biltzen ditu, euskarri fisiko oso desberdinak dituzten materialen kopia digitalak; liburuak, eskuizkribuak, egunkariak eta aldizkariak; argazkiak, material grafikoak, museo-piezak, partiturak, musikako lanak eta ikus-entzunezko materialak.

Eduki horiek guztiak sarean eskuragai izango dira, bai esteken bidez bai biltegi propioaren bidez. Izan ere, eduki horien guztien ehuneko handi bat zuzenean eskuratu eta deskargatu ahal izango da.

Antoine d´Abbadie eta Agosti Xaho izan ziren euskarienne terminoa erabili zuten lehenak, 1836an. Arturo Campión, euskal politikariak, idazleak eta hizkuntzalariak Euskariana terminoa erabili zuen, euskal gaiei buruz idatzi zituen eta egunkari zein aldizkarietan barreiatuta argitaratu ziren hainbat idazki batzeko. Euskarianaren lehen seriea 1896an inprimatu zen, hamabigarrena eta azkena 1936an.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.