Abian da kanpaina arkeologiko berria Irulegiko aztarnategian

Abuztuaren 31ra bitartean publiko orokorrarentzako bisita gidatuak eskainiko dira, asteazkenetan eta igandeetan

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Irulegiko Burdin Aroko aztarnategiak abuztuaren 17ra arte luzatuko den kanpaina arkeologiko berria jarri du abian. Aranzadi Zientzia Elkarteak, Aranguren Ibarreko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Ebro harana altu-ertaineko azken milurtekoko gizarteen eta mendebaldeko Pirinio inguruko eremuaren garapena ulertzeko ezinbestekoa den gune honetan burutzen ari diren indusketei ekingo dio berriz ere.

Mattin Aiestaran arkeologoak zuzentzen duen taldeak prospekzio geofisikoen arabera aztarnategiko gunerik erreenean egingo du lan. Ildo berean, arkeologoek tamaina handiko labea dirudien egitura batean ere lan egingo dute. Izan ere, egitura hori zehaztea izango da aurtengo udako kanpainaren helburu nagusietako bat.

Ondo kontserbatutako materialak

Adituak baikor azaldu dira kanpaina honetan lor daitekeen emaitzen inguruan. Orain arte berreskuratu diren materialak oso egoera onean kontserbatu dira eta horrek ikerketa-lana errazteaz gain, baskoien bizimoduari, gizarte-egiturari eta kultura materialari buruzko informazio lortzeko aukerak nabarmen handitzen ditu.



Hortaz, Irulegiko aztarnategian egindako indusketei esker, gune hau ezinbestekoa bilakatu da mendebaldeko Pirinio inguruko eremuan bizi ziren gizarteen bilakaera ulertzeko. Indusketek Burdin Aroan lurralde honetan bizi izan zen zibilizazioari buruzko galderak planteatzen jarraitzen dute.

Hiru eraikin

Pasa den urteko kanpainan, induskatutako hiru etxebizitza finkatzea lortu zen. Horri esker, egitura horiek ireki ahal izan dira bisitarientzat. Finkapen lan hori ezinbestekoa da kalteak saihesteko eta bisitariei aztarnategian bertan arkeologia-aztarnak ikusteko aukera emateko.



Finkatutako eraikinak 6000, 5000 eta 3000 eraikinak dira. 6000 eraikina ezaguna da bertan Irulegiko Eskua aurkitu zutelako.

Bisita gidatuak

Aurreko kanpainan bezala, Aranzadik bisita gidatuak eskainiko ditu publiko orokorrarentzat. Iazko udan, adibidez, 2.000 bisitari baino gehiago izan ziren aztarnategia bisitatzen. Bertan lan egiten duten arkeologoak dira bisitak gidatuko dituztenak. Bisita horien xedea da Irulegin aurkitzen den ondarearen berri ematea eta abuztuaren 31ra arte izango da izen-emateko aukera. Bisitak asteazkenetan eta igandeetan egingo dira, 10:00etatik aurrera, Ilundaineko aparkalekutik abiatuta. Izen-emateak www.irulegi.eus webgunearen bidez egin behar dira.