Erresuma Batuak pornorako sarbidea arautu du

Eduki pornografikoak eskaintzen dituzten webguneak adina egiaztatzeko sistema zorrotzak ezartzera behartuta daude

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 256
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Pasa den uztailaren 25ean Online Safety Act izeneko legea sartu zen indarrean Erresuma Batuan. Lege horren helburu nagusia da adingabeei eduki pornografikoak eskaintzen dituzten webguneetarako sarbidea debekatzea. Legeak ezartzen duenez, horrelako edukiak eskaintzen dituzten webguneek adina egiaztatzeko tresna eraginkorrak ezarri behar dituzte. Egiaztapen hori egiteko hainbat bide erabil daitezke, hala nola aurpegi bidezko adin-kalkulua edo kreditu-txartelaren bidezko egiaztapena edo helbide elektroniko/telefono zenbaki bat ematea.

Ez dirudi neurri eraginkorra izango denik

Oso denbora tarte txikia pasatu den arren eta sistema doitzeko aukera izango dela dirudien arren, momentuz, badirudi ezarritako neurriek ez dutela espero zen emaitza lortu. Izan ere, sistema horiek ezartzen ez dituzten webguneek 20 milioi euro edo fakturazioaren % 10 arteko isunak jaso ditzaketen arren, oraindik asko dira erabiltzaileen adina egiaztatzeko sistemarik ezarri ez duten plataformak. Internet arautzen duen Ofcom-ek baieztatu duenez, eduki pornografikoak eskaintzen dituzten 30 webgune baino gehiago kudeatzen dituzten lau enpresa ikertzen hasi dira adina egiaztatzeko sistema egokiak ez ezartzeagatik. Momentuz enpresa handiekin hasi dira (10 milioi erabiltzaile inguru hilero), baina enpresa txikiak ere jopuntuan daude.



Gainera, legeak ezarritako baldintza berriak saihesteko tresnen erabilera, adibidez, VPNak, biderkatu egin da. Egiaztatu ahal izan denez, VPN deskargak % 1800 igo dira. Jakina denez, VPNek gailuaren benetako kokapena ezkutatzeko aukera ematen diote erabiltzaileari, beste herrialde batean egotearen itxura eginez.

Oso lege polemikoa

Online Safety Act legea 2023an onartu zen, baina ia bi urte beranduago sartu da indarrean. Izan ere, lege horrek polemika handia eragin du Erresuma Batuan, erabiltzaileen pribatutasunari eta segurtasunari kalte egiten diola argudiatzen baita.