Gora egin du bakardadea sentitzen duten gazteen kopuruak

Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 7,3k bakarrik sentitzen dela dio eta % 10,2k konfiantzazko laguntzaren gabezia du

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 7,3 bakarrik sentitzen da beti edo ia beti. Bakarrik sentitzen diren gazteen kopurua laukoiztu egin da 2018. urteaz geroztik, garai horretan % 1,6 baino ez baitzen.

2023an egindako Euskadiko Osasun Inkestan jasotako datuek azaltzen dutenez, aipatu adin tarteko gazteen % 10,2k konfiantzazko laguntzaren gabezia du. Ehuneko hori ere nabarmen hazi da 2018. urtean jasotako datuekin alderatuta.

Euskadiko Osasun Inkestak utzitako azken datuak kezkagarritzat jo daitezke euskal gazteriaren ongizate emozionalari dagokionez. Izan ere, euskal gazteen artean nahi gabeko bakardadearen hazkundea hondar-fenomenoa izatetik gero eta gazteagoei eragiten dien errealitate izatera igaro da. Euskal biztanleria orokorrean, beti edo ia beti bakarrik sentitzen diren herritarren kopurua % 5,1ekoa da. Kopuru hori gazteen artean erregistratutakoa baino baxuagoa da, baina 2018ko datuekin alderatuta (% 3,3) igo egin da.

Emakumeak dira kaltetuenak

Nahi gabeko bakardadeak ez die berdin eragiten gizon eta emakume gazteei. Datuen arabera, bakarrik sentitzen diren emakume gazteen kopurua (% 8,9) gizon gazteena baino altuagoa da (% 5,7).



Adin-taldeen artean ere aldeak daude. Horrela, 20 eta 24 urte bitarteko adin-taldean beste adin-taldeetan baino gazte gehiagok adierazi dute beti edo ia beti bakarrik sentitzen direla (% 11,0). Kontuan hartu behar da adin horrek markatzen duela, nolabait, heldutasunerako azken fasea: ikasketen amaiera, lehen enpleguaren bilaketa, bizitza independente baten lehen urratsak…

Konfiantzazko laguntzaren gabezia

Bakardadearen pertzepzio subjektiboaz haratago, datuek azaltzen dute konfiantzazko laguntzaren gabeziak ere gora egin duela. Fenomeno hori neurtzeko, Duke-UNC-11 izeneko galdetegia erabiltzen da, hautemandako laguntza sozial funtzionala ebaluatzen duen eta nazioarte mailan balioztatutako tresna. Galdetegi horrek 11 item ditu eta konfiantzazko laguntzarik ez dagoela jotzen da lortutako puntuazioa 21 puntu edo gutxiagokoa denean. EAEko gazteen kasuan, hamar gaztetik batek (% 10,2) ez du konfiantzazko laguntzarik. Kezkagarria da 2018. urteaz geroztik ehuneko hori ia sei aldiz biderkatu dela (% 1,6).

Kasu honetan, 15 eta 19 urte bitarteko gazteen % 6,6k konfiantzazko laguntzaren gabezia du. Baina 25-29 urte bitartekoan artean ehuneko hori bikoiztu egiten da (% 13,1). Sexuen arteko aldeak ere mantentzen dira adierazle horretan: emakume gazteen % 11,3k du konfiantzazko laguntzaren gabezia. Gizon gazteen artean, berriz, % 9,1ek baino ez.



Konfiantzazko laguntzaren gabezia ez da gazteei bakarrik eragiten dien arazo bat. Euskadiko 15 urtetik gorako biztanleria orokorrean fenomeno hori pairatzen duten pertsonen kopurua % 10,7koa da, gazteen kopuruaren antzekoa. Datu horrek erakusten du, nolabait, hazkunde orokortua izan duen zeharkako fenomeno baten aurrean gaudela, 2018ko datuen arabera, kopuru hori % 5ekoa baino ez baitzen biztanleria orokorrarentzat.