Nafarroako bertsolarien harrobiak osasun ona du

Eneko Lazkozek, Kattin Madariagak eta Enaitz Zestauk irabazi dituzte Iruñeko V. Bertsopaper lehiaketaren hiru kategoriak

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Iruñeko V. Bertsopaper Lehiaketak sariak banatu ditu Nafarroako Antzerki Eskolan egin duten Bertsoaroko emanaldian. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen duten lehiaketaren aurtengo edizioan 28 lanek parte hartu dute. Lehiaketa parte-hartzaileen adinaren araberako hiru kategoriatan banatu da.

Bertsopaper lehiaketaren irabazleak

2006an edo lehenago jaiotako parte-hartzaileak biltzen zituen C kategorian Eneko Lazkozek lortu du 1.500 euroko lehen saria “Inoiz ez da berandu! Edo agian bai?” lanagatik. Epaimahaiak Lazkozen lanaren teknika bikaina nabarmendu du erabakia hartzerakoan. Kategoria horretako bigarren eta hirugarren sariak, 1.000 eta 500 eurokoak hurrenez hurren, “Manuelen ahotik” lanaren egile Joanes Illarregik eta “Inozentzi: garbitzen duena” lanaren egile Erika Lagomak jaso dituzte.

B kategorian, 2007 eta 2010 artean jaiotakoentzat, Kattin Madariagak irabazi ditu lehen bi sariak. Palestinako egoera heldutasunez eta sakontasunez jorratzeagatik saritua izan den “Hainbertze gauza pasatzen dira” lanagatik lehen sariari dagokion 350 euroko saria jaso du Madariagak. “Hasieran ez zegoen ezer” izenburuko lanagatik, berriz, bigarren sariari dagozkion 200 euroak jaso ditu. 150 euroko saria duen hirugarren postua, Kattalin Lizarragarentzat izan da “Txirrina kantari” lanagatik.

Azkenik, A kategorian, 2011n edo geroago jaiotakoentzat, Enaitz Zestauk bi aitorpen lortu ditu: lehen saria “Itzaleko argia” lanagatik, Palestinako egoera tonu solemnearekin eta amaiera baikorraz jorratzen duen lana, eta hirugarren saria “Sakelekoa” lanagatik. Bi sariak 150 eta 50 euroko kultura-bonoekin daude hornituta, hurrenez hurren. Bigarren saria, 100 euroko kultura-bonoa, Araia Irigibeli eman zaio “Mundu eder bat bada” lanagatik.

Advertisements