Homosexualitatea kirol munduan

1990ko urriaren 22an, Justin Fashanu futbol jokalariak The Sun egunkariari emandako elkarrizketa batean homosexuala zela adierazi zuen. Fashanu jada ospetsua zen bere taldeak milioi bat libera ordaindu zituelako bere fitxaketagatik; koloreko jokalari batengatik kopuru horretara iristen zen lehen aldia izan zen.

Erabaki horrekin, bere homosexualitatea adierazten zuen lehen futbol jokalaria bihurtu zen Fashanu. Gaur egun normaltzat jo genezakeen hori (oso normala ez den arren), larrutik ordaindu zuen Fashanuk. Orduan jokatzen zuen taldeak (Nottingham Forest) taldetik bota eta zaleen trufak ez ezik bere taldekide eta entrenatzailearenak ere pairatu behar izan zituen. Bere anaiak, adibidez, ‘paria’ bat zela adierazi zuen. Hainbat ate jo bazituen ere ez zuen beste talderen batean kontraturik lortu eta depresioak jota, 1998an bere buruaz beste egin zuen 37 urte zituelarik.

Ordutik hona, gutxi izan dira bere homosexualitatea adierazi duten futbol jokalariak. Izan badira, euren kirol ibilbidea amaitu ostean pauso hori eman duten bakan batzuk, hala nola, Anton Hysen, David Testo, Jonathan de Falco, Liam Davis edota Robbie Rogers. Ikus daitekeen bezala, ospe txikiko jokalariak eta gehienak txapelketa txikietan jokatzen zutenak.

Hitzlsperger

Iaz, berriz, jokalari ezagun batek bere homosexualitatea ezagutzera eman zuen: Thomas Hitzlsperger alemaniarrak Everton talde ingelesean bere ibilbidea amaitu ostean eman zuen pauso hori. Ingalaterrako eta Alemaniako futbol federazioak dira, hein handi batean, homofobiaren aurka pauso gehien eman dituztenak, baina, hala ere, Hitzlspergerek bere karrera amaitu arte itxaron behar izan zuen bere sexualitatearen berri emateko. Aurten ere Robbie Rogers jokalari estatubatuarraren kasua ezagutu da. Ingalaterran bere kontratua amaitu ostean bere homosexualitatea aldarrikatu zuen eta bi hilabete beranduago Los Angeles Galaxyrekin sinatu zuen kontratua EE.BBetako liga nagusian jokatzeko.

Gure artean ez da bere homosexualitatea adierazi duen jokalaririk eta, oro har, ez da gai honetan gehiegi sakontzen. Athleticeko entrenatzaile ohia den Joaquín Caparrosek argi utzi zuen: “Espainiako futbolean ez dago jokalari homosexualik eta, horregatik, ez dira ‘armairutik ateratzen’”.

Baina egia al da hori? Munduan diren milioi erdi jokalari profesional ingurutik bakan batzuek adierazi dute bere homosexualitatea, baina Staffordshirehan britaniar unibertsitateko ikertzaile batzuek egindako azterlan batean, futbolarekin harreman zuzena duten 3.000 pertsona elkarrizketatu ondoren (jokalari, entrenatzaile, epaile eta zale), laurden batek, gutxienez, homosexuala den jokalariren bat ezagutzen zuela onartu zuen. Hala ere, inork gutxik ematen du lehen pausoa. Adituen ustetan hainbat faktore daude isilpean geratzeko eta guztiek bat datoz: zaleak ez dira arazo bakarra.

Gaur egun Ajax taldeko entrenatzailea den Frank de Boer jokalari ohiaren iritziz futbolean hain homosexual gutxi izateak arrazoi biologikoa omen du; pertsona homosexualek trebetasun motor eskasagoak omen dituzte holandarraren aburuz.

Espainiako Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Federakundeko kirol batzordeko arduraduna den Rubén Lópezek salatzen duen moduan, “estatuko futbol zelaietan erabateko inpunitatea dago gai horren inguruan. Jokalari bati bere arrazarengatik iseka egiten diotenean salaketa publikoak izaten dira, baina bere sexualitatearengatik bada inork ez du ezer egiten”.

Emakumezkoen futbolean, ostera, egoera guztiz alderantzizkoa da eta nahikotxo dira lesbiana direna adierazi duten jokalariak. Munduko hiru jokalaririk onenen artean, adibidez, bik bere homosexualitatea adierazi dute behin baino gehiagotan.

Saskibaloia

Gizonezkoen kirolean homosexualitatea tabutzat jo da hainbat urtez, baina 2013. urtean gauzak aldatzen hasi ziren, eta gizarteko beste zenbait esparruetan bezala (zinea, musika, politika…) homosexualitateaz modu irekian hitz egiten hasi zen.

Iaz, oso kasu esanguratsua bizi izan zen Estatu Batuetako saskibaloi liga profesionalean, hots, NBAn. ‘34 urteko NBAko pibota naiz. Beltza naiz. Gay naiz’. Titular horrekin zabaldu zuen Sports Illustrated aldizkari ezagunak bere iazko zenbakietako bat. Protagonista, Jason Collins jokalaria; inoiz EE.BB-ko edozein liga profesionalean bere homosexualitatea publikoki aldarrikatu duen lehen jokalaria. Washington Wizards taldean kontratua amaitu eta talderik gabe geratuko zela zirudien baina, azkenean Brooklyn Nets taldean aritu da aurtengo sasoian. Antza denez, Bostongo Maratoian izandako atentatuaren ondoren pauso hori ematera animatu zen Collins: “Horren ondoren gauzak behar bezalakoak izateko ez nuela itxaron behar konturatu nintzen, edozein momentutan bizitza guztiz alda baitaiteke. Beraz, zergatik ez bizi egia esanez?”

Collins ez da izan, hala ere, bere homosexualitatea publikoki aldarrikatu duen NBAko lehen jokalaria. Horrela, 2007an John Amaechi jokalariak, jada erretiratua, bere sexualitatearen berri eman zuen ‘Man in the middle’ izenburuko liburuan. Amaechiren jakinarazteak atxikimenduak eta kritikak jaso zituen antzeko mailetan. Amaechirena ez zen erabaki erraza izan, kontutan hartu behar baitugu, garai horretan, oraindik ere, homosexualen aurkako hainbat adierazpen entzuten zirela NBAko jokalarien artean.

Seguruenik ezagunena Tim Hardaway jokalariarena dugu: “Homosexualak gorroto ditut, eta jendeak horren berri izan behar du. Ez ditut homosexualak gustuko, ezta beraien ondoan izatea ere. Homofoboa naiz. Ez ditut gustuko eta ez dut uste gure herrialdean edota munduan bizitzeko eskubiderik izan behar dutenik”. Adierazpen horiengatik David Stern, NBAko buruak ‘All Star’ delako partidan jokatzea debekatu zion Hardaway-ri.

Futbolean ez bezala, saskibaloian gutxi dira bere homosexualitatea aldarrikatu duten emakumeak. Kasu ezagunena (eta bitxiena) Sheryl Swoopes jokalari estatubatuarrarena dugu. Jokalari hori emakumezkoen Michael Jordan ezizenarekin ezaguna zen eta, esan bezala, bere kasua bitxia da. Izan ere, Swoopesek institutuko bere mutil-lagunarekin ezkondu eta seme bat izan zuen. 2005an, hala ere, bere sexualitatea aldarrikatu eta bere jolaskidea zen Alisa Scottekin zela adierazi zuen.

Tenisa

Denboran atzera egingo bagenu, kirolari homosexual ospetsuenen lehen postuan Martina Navratilova tenis jokalari txekiarra aurkituko genuke. Navratilovaren kasua aski ezaguna zen ia halako kasurik ematen ez zen une batean. Emakumezkoen tenisean ere Amelie Muaresmo jokalari frantziarraren kasua ezaguna da. 1999an, 19 urte zituelarik, Muaresmo Australiako Irekiaren finalera iritsi zen. Bere aurkariak, Martina Hingis suitzarrak, Muaresmo ‘ez zela emakumea, erdi-gizona baizik’ adierazi zuen eta Muaresmok bere homosexualitatea aldarrikatzera ‘behartu’ zuen. 2004. urtean WTA sailkapeneko lehen postuan izan zen eta, besteak beste, 2006. urteko Wimbledon txapelketa irabazi zuen. 2009. uretan erretiratu zen.

Bere homosexualitatea aldarrikatu zuen lehen mailako beste tenislari ospetsua Jana Novotna txekiarra izan zen.

Transexualitatea

Kirol munduan ezagutzen diren transexualitate kasu bakanetakoa Robert Millar txirrindulari eskoziarrarena da. Millar-ek gailurra jo zuen 1985ko Espainiako Itzulian Perico Delgadoren aurka galdutako lehian. Hamaika urtez txirrindularitza profesionalean aritu ostean Millar tropelatik ez ezik bizitza publikotik ere desagertu zen. Zenbait urte beranduago, kazetari batek Millar-en ibilbidea arakatzen hasi eta hau, sexu aldaketarako ebakuntza baten ostean, Phillippa York bilakatu zela aurkitu zuen.

Eskoziako txirrindularitzak badu Graeme Obree-ren eskutik homosexualitate kasu esanguratsu bat ere. Obree munduko pista txapelduna eta orduko errekorduna izan zen, baina bizikleta gainean lortzen zuen poza sufrimendua bilakatzen zen eguneroko bizitzan. Depresioak jota Obree bitan saiatu zen bere buruaz beste egiten eta 2011. urtean, homosexuala zela aldarrikatu zuen. Bere bizitza eta sufrimendua ‘The flying Scotsman’ izenburuko pelikulan jasotzen da.

Adituen esanetan, asko dira bere homosexualitatea ez aldarrikatzeagatik sufrimendu handia duten kirolariak. Kasu gehienetan, kirolari horiek guztiak hain beharrezkoak dituzten babesleak galtzearen beldur dira. Bere homosexualitatea aldarrikatzeagatik babesleen ihesa pairatu duen kirolari ezagun bat Greg Louganis tranpolin jauzilaria dugu. Louganisek 1994. urtean bere homosexualitatea aldarrikatu zuen Olinpiar Jokoetan hainbat urrezko domina irabazi ostean eta ordura arte izandako babesle gehienek bertan behera utzi zuten euren babesa.

Ronaldo futbol jokalari brasildarrak ere 50 milioi eurotako publizitate kontratua galdu zuen transexual batekin harremanak izan omen zituenaren zurrumurrua zabaldu ondoren.