Gaur egun gazteriak duen arazo handienetako bat langabezia bada ere (25 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa % 24 ingurua izan zen pasa den urtean), PwC aholkularitzak burutu duen ikerlan baten arabera, datorren hamarkadan Euskadik 100.000 langile inguru beharko ditu.

Aurreko zenbakian argitaratu genuen erreportajean egun gazteriak dituen arazo nagusiak jorratu genituen. Horietako bat, jaiotze-tasarena zen. Bertan azaltzen zen moduan, baldintza ekonomikoak direla eta, gazteok gero eta haur gutxiago ditugu eta gero eta beranduago. Hori gizarte aurreratu gehienetan ematen den fenomenoa bada ere, Euskadiren kasuan are larriagoa da. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasa Europar Batasuneko batez bestekoaren oso azpitik dago. Horrela, EB-28n 1.000 biztanleko 10 jaiotza ematen diren bitartean, EAEn 8,7 jaiotza besterik ez dira ematen. Nafarroan antzeko egoera aurkituko dugu. Kasu bietan zahartze-tasa gazteria-indizearen ia bikoitza da.

Arazo demografiko horrek eragin zuzena du gure ekonomian, lan egiteko adinean diren pertsonen kopurua gero eta txikiagoa delako. PwC aholkularitzak berriki ezagutzera eman duen ikerlan baten emaitzen arabera, datorren hamarkadan 100.000 langile ingururen defizita izango da. Laboral Kutxak duela bi urte ezagutzera eman zuen beste ikerlan batek jada euskal langileriaren zahartzeak izan ahal izango zituen ondorioez ohartarazten zuen. Azken ikerlan horrek zehazten zuenez, datozen urteetan 260.000 langile inguruk erretiroa hartuko dute Euskadin. Langile multzo horretatik gehienak egun administrazio publikoan lan egiten duten langileak dira. Adegik ere jada behar dituzten lanpostuak betetzeko arazoak dituztela ohartarazi du.

Egoera horri buelta eman ahal izateko bi dira aipatzen diren irtenbideak: prestakuntza eta immigrazioa. Enpresaren sektorean atzerriko langileen kontratazioa egoera hori konpontzeko bide bat izan daitekeela uste da, hori bai, betiere, behar bezalako prestakuntza baldin badute. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketarako Sailburuorde Jorge Arevalok jada duela bi urte Gazteberrin bertan aurreratu zigunez, “Datozen urteetan zerbait egongo bada, lana izango da. Hori bai, berariazko trebakuntza-maila oso altua eskatzen duten lanpostuak izango dira. Horregatik, funtsezkoa da gazteak sortuko diren lanpostu horietarako trebatzea, eta, hor, orientazioak oso funtzio garrantzitsua beteko du”.

PwCren txostenak euskal ekonomiak duen beste arazo bat utzi du agerian: bertako talentua mantentzeko eta kanpoko talentua erakartzeko zailtasunak. Zentzu horretan, enplegu iraunkorra eta ondo ordaindua susta dezaketen sektoreak bultzatu behar direla azpimarratzen da. Txostengileek azpimarratzen dutenez, “800 euroko soldatekin gazteek ez dute familia bat osatu nahi eta ez dute euren gurasoen etxetik joan nahi”. Talentua atxikitzea eta erakartzea epe motzean gainditu beharreko erronkatzat jotzen dute enpresariek eta, horretarako, enpresen, unibertsitateen eta bestelako eragileen inplikazioa ezinbestekotzat jotzen dute.

Eta zer diote honen guztiaren inguruan sindikatuek? ELAk, adibidez, gogor kritikatu du PwCk aurkeztutako txostena. Izan ere, txosten horretan gogor kritikatzen da ELA eta LAB sindikatuen jarrera. Bertan azaltzen denez, aipatu sindikatu horien “konfrontazio estrategiak Euskadin lan egiten duten pertsonen aurka egiten du”. ELAko Txiki Muñozek horren inguruan adierazi duenez, PwCk diskurtso ideologikoa egiten du eskuinak setaz errepikatzen duenean ideologiak amaitu direla.

Lanbideren Future Lan tresnak 2030. urtera arte enplegu-eskaera nolakoa izango den ezagutzen lagunduko du
Derrigorrezko ikasketak amaitu ostean zein trebakuntza-ibilbide jarraitu nahi den erabaki behar dute gazte gehienek. Erabaki hori hartzeko asko dira kontuan hartu beharreko alderdiak eta, horietatik, gazte askok (baita euren gurasoek ere) ikasketa horiekin etorkizunean lan-merkatuan barneratzeko zein aukera izango diren jakiteari ematen diote garrantzia.

Horren inguruan informazio gehiago izateko Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak Future Lan izeneko tresna garatu du. Future Lan Euskadiko Enplegu-prospektiba eta lan-joeren behatokia da eta, besteak beste, 2030. urtera arte Euskadiko ekonomia- eta okupazio-sektoreen enpleguaren proiekzioak ezagutzeko aukera emango du. Informazio hori guztia lanbideren web orrialdean eskuratzeko aukera izango da. Bertan, erabiltzaileek bi informazio mota aurkituko dute. Alde batetik, enpresetako enplegu-eskariaren proiekzioak biltzen dituen informazio kuantitatiboa izango da, sektore ekonomikoetan eta talde okupazionaletan sailkatuta. Beste aldetik, okupazio-joerei eta gaitasun-aldaketei buruzko informazio kualitatiboa ere eskainiko da.

Lanbideko arduradunen iritziz, Future Lan funtsezko baliabidea da enpresen langile-eskaerari eta etorkizuneko langile kualifikatuei lotuta gerta daitezkeen bat-ez-etortzeei dagokienez, EAEko lan-merkatuan informazio goiztiarra lortzeko, okupazioen eta ekonomia-sektoreen ikuspuntutik.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.