‘Dantza Munduan’ programak 11 herrialdetako 123 dantzariri eman die beka

Atzerrian diren euskaldunei zuzentzen zaien euskal dantzen online programak bere bigarren edizioa beteko du aurten

Duela bi urte, pandemia garaian, Eusko Jaurlaritzak, Aiko Dantza Eskolarekin elkarlanean, ‘Dantza Munduan’ izeneko online programa jarri zuen martxan. Programa atzerrian diren euskaldunei zuzendu zitzaien eta aurten bere bigarren edizioa beteko du ‘dantzan irakasten’ erronkarekin.

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak Amerikan eta Europan diren 50 Euskal Etxe ordezkatzen dituzten 11 herrialdetako 123 dantzariri eman die beka. Dantzariak honako herrialde hauetakoak dira: Alemania, Argentina, Belgika, Brasil, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Frantzia, Kuba, Peru, Uruguai eta Venezuela.

Beka lortu duten horietatik guztietatik emakumeak dira nagusi (96), baina, batez ere, emakume gazteak. Beka jaso duten gizonak, beraz, 27 dira, gehienak Amerikan bizi direnak.

Dantza eskolak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez irakatsiko dira eta zuzenean jarrai daitezke edo grabatuta, noiznahi eta nonahi.

Bigarren edizio honetan,programak euskal dantza tradizionalak ditu ardatz, baina baita Europako beste zenbait tradiziok gure artean izan duten moldaerak ere.