Zabalik LaborLan programarako aurretiko izen-ematea

Lan eta prestakuntzako programa mistoak laguntza integrala, prestakuntza, lan esperientzia eta enpresetan sartzeko aukera eskaintzen du.

DEMAk, Bizkaiko Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak, LaborLan programaren hirugarren edizioa jarri du abian. LaborLan laguntza integrala eskaintzen duen ekimena da, formakuntza espezializatuarekin eta enpresetan lan esperientzia lortzeko aukera ematen du lan-kontratuen bidez.

Aurtengo edizioan, programa honako sektore hauetan ardaztuko da: birgaitze jasangarria, pertsonen zaintza, obra zibila, salbamendu eta sorospena, nekazaritza eta teknologia.

Programak lan orientazioa, laguntza, norberaren gaitasunen araberako trebakuntza pertsonalizatua, formakuntza espezializatua eta enpresetara hurbiltzea ahalbidetzen duen lan-kontratu bat eskaintzen du.

LaborLan programaren lehenengo edizioan 73 pertsonak lan esperientzia lortu zuten lan-kontratu batekin. Bigarren edizioan, berriz, 83 pertsona izan ziren lan esperientzia lortu zutenak.

Programak honako erakunde eta elkarteen laguntza du: Euskal Nekazarien Batasuna (ENBA), GAIA-Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen Euskadiko Elkartea, Bizkaiko Gurutze Gorria, Grupo SSI, Bizkaiko Etxegile Sustatzaileen Bazkuna (ASCOBI – BIEBA) eta Bizkaiko Induskari Elkartea (AVE – BIE).

Aurretiko izen-ematea zabalik izango da datorren martxoaren 27ra arte.