Aisialdian euskararen erabilera sustatzeko gida

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak begiraleei zuzendutako gida bat argitaratu dute astialdiko eta aisialdiko jardueretan euskararen erabileran eragiteko

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak astialdiko eta kiroleko begirale eta hezitzaileei zuzendutako gida bat argitaratu dute horiek euskararen erabilera sustatu dezaten beren esparruetan.

Ikerlan ezberdinek agerian utzi dutenez, 4 eta 12 urte bitarteko gaztetxoen sozializazioa, familian eta eskolan ez ezik, esparru ez formalean ere ematen da: aisialdia, udalekuak, eskolaz kanpoko jarduerak, kirol-jarduerak, ludotekak… Gidak honek hezitzaileak eta begiraleak animatzen ditu haur eta nerabeek ikaskideekin harreman berriak egiten dituztenean horiek euskaraz izan daitezen laguntzera.

Gidak azpimarratzen duenez, “euskararen erabileran eragin nahi bada, hezitzaileek sostengatzaile izan behar dute, hots, ulertzen duten neurrian, euskara erabili beharko dute solasaldietan, nahiz eta solaskideek erdaraz erantzun”. Aldi berean, hezitzaileak parte-hartzaileen solasaldietan eragin dezake, horietan parte hartuz euskarak pisua galtzen duenean. izan ere, hainbat jardueratan, hala nola, jokoak, dinamikak, etab… hizkuntza eta komunikazioa ezinbestekoak dira eta horrek erabilera sustatzea ahalbidetzen du.

Gida elkarlanean eratu da. Geu Elkarteak, gidaren sortzaileak, Gasteizko eta Arabako ludoteketako hezitzaileak bildu ditu, eta esparru teorikoa ludotekaren eguneroko dinamikara eramateko lan egin du. Gidak aisialdian euskara testuinguru ezberdinetan erabiltzeko gomendioak jasotzen ditu.