Zabalik da DiscoverEU programan izena emateko epea

Europan zehar doan bidaiatzeko aukera ematen duen programan parte hartzeko epea apirilaren 21ean amaituko da

Gaurtik hasita eta datorren apirilaren 21era arte, Erasmus+ programan parte hartzen duten herrialdeetako gazteek DiscoverEU programak eskaintzen dituen doako 35.000 bonoetako bat eskatu ahal izango dute. Europar Batasunak antolatzen duen egitasmo horri esker 18 urteko gazteek Europa ezagutzeko aukera izango dute, nagusiki, trenez bidaiatuz. Apirileko deialdia aurtengo lehenengoa da.

DiscoverEU programa Erasmus+ programaren barruan sartu da. Gainera, aurten Europako Gazteriaren Urtea ospatzen denez, bultzada berezia eman nahi izan zaio programari. Horrela, gutzira 70.000 bono eskainiko dira; 35.000 apirileko deialdian eta beste 35.000 urrian izango den deialdian. Programa Erasmus+ programaren barruan sartu denez, Europar Batasuneko kide izan ez arren, programa horretan parte hartzen duten bestelako herrialdeetako gazteek ere aukera izango dute bono bat eskatzeko. Herrialde horiek dira: Islandia, Norvegia, Liechtenstein, Serbia, Iparraldeko Mazedonia eta Turkia.

Izena eman

Programan parte hartzeko hautagaiek Europar Batasunaren inguruko ezagutza-proba bat osatu beharko dute. Proban Europak gazteentzako garatzen dituen programen inguruan galdetzen ohi da. Galdera osagarri batean, parte-hartzaileek programan izena ematen dutenen artean astearte batean zenbat jaio direnen inguruko estimazio bat egin beharko dute. Zenbat eta gehiago gerturatu benetako kopurura orduan eta puntu gehiago. Izan ere bonoak emandako erantzunen arabera egindako sailkapen baten arabera banatuko dira agortu arte.

2003. urteko uztailaren 1etik 2004. urteko ekainaren 30era bitartean jaiotakoek parte hartu ahal dute deialdi honetan. Bonoa lortzen duten horiek Europatik zehar bidaiatu ahal izango dute 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartean, baina bakarrik hilabete batez.

Aurtengo bigarren seihilekoan 18 urte betetzen dituzten horiek bigarren deialdian parte hartu ahal izango dute.

Bonoa lortzen duten horiek, Europan zehar bidaiatzeko aukera irabazteaz gain, DiscoverEU txartela ere jasoko dute. Txartel horri esker deskontuak lortu ahal izango dituzte, adibidez, garraiobide publikoetan, kultura ekitaldietan, ostatuetan, jatetxeetan…

DiscoverEU 2018. urtean martxan jarri zen programa da. Ordutik hona 860.000 gazte baino gehiagok izena eman dute eta 130.000 bono banatu dira. Inkesta baten arabera, programan parte hartu duten gazteen % 66k onartu du programari esker lehen aldiz berre herrialdetik kanpo trenez bidaiatzeko aukera izan duela. Gazte askoren kasuan, beren gurasorik gabe bidaiatzeko lehen aukera ere izan da.